Arrauna. Eli Pescador. Arraunlari ohia

«Gauza asko aldatu behar dira bizitzan arrauna utzitakoan»

Isilik joan da Eli Pescador arraunetik. Zaratarik ez, onean eta txarrean, bere lekuan beti. «Ez da nire momentua segitzeko», esan du. Hibaikako traineruaren sorreran, bilakaeran eta duela bi urteko belaunaldi aldaketan eragin du, eta hori dena bizitzea «beste garaipen mota bat» dela nabarmendu du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Errenteria
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Duela hamahiru urteko egun batean, Hibaika arraun elkartean sartu zen, lagun baten deiari erantzunez. Han ibili da 2012antrainerua atera zutenetik. Bazekien iazkoa izango zuela azkeneko urtea, baina isilik atera nahi izan du hamahiru urtez «bizitzaren barruko beste bizitza bat» izan duen arraunetik. Asko dira emakumezkoen traineru estropadei bultzada eman dieten arraunlariak. Bat Eli Pescador da (Errenteria, Gipuzkoa, 1982).

Isil-isilik utzi duzu arrauna. Hasi ere horrela hasi zinen.

Bai. Ez nion buelta handirik eman nahi. Iazko sasoia amaituta, garbi neukan hura izango zela azkena.

Zergatik isilik?

Ez da oso erabaki erraza izan uztea. Gauza asko aldatu behar dira bizitzan arrauna utzitakoan. Orain konturatu naiz denbora pila bat dudala libre, eta ohitu egin behar dut. Egoera deseroso horri aurre egiteko, autodefentsa gisa agian, ezer zabaldu gabe joatea erabaki nuen.

Zergatik utzi duzu?

Egin dut egin beharrekoa. Nekatuta nago, ilusio handirik ere ez: kostata nenbilen. Burua eta gorputza nekatu zaizkit. Buelta ematea gero eta gehiago kostatzen zitzaidan, lesioak ere bai... Belaunaldi aldaketa izan da taldean, eta adin alde handiegia dago niretzat. Ez zen nire lekua.

Zergatik hasi zinen?

Etxeko kontua izan delako betidanik. Aitak esaten zigun ilusio hori zuela. Gero, kasualitateak ere izan zuen eragina. Kuadrillako bat hasi zen, eta esan zigun jendea behar zutela. Telefono dei bat izan zen, eta erraz konbentzitu ninduten. Berehala harrapatu ninduen arraunak, eta gehienek utzi arren, segitu egin nuen. Leire [Alcala] eta Nerea [Orena] ere hasi ziren. Haiekinegin dut ibilbidea.

Matadero esaten zitzaion Hibaikaren egoitzari, eta zer izan zen lehen egunean hara joatea?

Fosora joan ginen hasieran. Urduri nengoela gogoan dut.

Bazen emakumezkorik orduan?

Baziren, bai, eta batel bat osatu genuen. Orain gogoratzen ditut egun haiek, eta nola ibiltzen ginen! Beti azkenak izaten ginen bateletako estropadetan, eta iristen ere lanak. Nola ikasi dugun urte hauetan, nolako bilakaera izan dugun, eta bateletan Espainiako Txapelketa irabaztera iristea oso polita da. Oso garrantzitsua da behe-behetik hasi eta gutxinaka hobetuz joatea.

Hori bera ere bada irabaztearen parekoa, edo gehiago da?

Batel bat ginen hasieran. Gero, trainerilla osatzeko jendea azaldu zen. Ondoren, traineruan Hondarribiara joan ginen lehendabizi, 2009an; 2011n Zumaian ibili ginen, eta 2012an atera genuen Hibaikaren trainerua. Hori dena ikustea sekulakoa da. Ez dira banderak: beste garaipen mota bat da ikustea zer lan dagoen atzean, zenbat kostatzen den hori lortzea.

Garaipenak ala bilakaera horren poz sakona geratuko zaizkizu betiko?

Kalean gehiago ikusten da banderak irabazteak sortzen duen hori, baina bestea politagoa da. Gehiago betetzen nau. Irabaztea zaila da, baina beste prozesu guztia egitea zailagoa da, agian.

Beti alboan taldekideak, batzuk lagunak izateraino. Zenbat balio du horrek?

Lagun handiak egiten dira, betiko lagunak. Bizitzaren barruko beste bizitza bat da arrauna. Zaila da jendearentzat ulertzea arraunlariak egiten dituen gauzak. Adibidez, udan lehian ibiltzea, eta abenduan igandeetan entrenatzea. Jendeak ez du ulertzen, eta kirolaria edo arraunlaria izan behar da horretarako.

Ikusgarritasuna udan bakarrik ematen zaio hedabideetan. Horrek amorrazioa sortzen dizu?

Jendeari azalpenak emateaz nekatu egin nintzen uneren batean, galdezka etortzen zitzaizkidanean udazkenean, zergatik geunden hasita entrenatzen udan lehiatzen baginen. Azkenean, urte osoa pasatzen da lehian, baina ez da ikusten, eta udan bakarrik gara ikusgai, eta, gainera, liga nagusiak bakarrik azaltzen dira telebistan. Besteak ez dira existitzen, eta hori da gogorra. Maila onean ibili gara, eta, hala ere, ez gintuzten ezagutzen, Hibaika nongo taldea den galdetzen ziguten eta. Herrian bertan ere bai. Talde oso txikia zen, baina fitxa kopurua asko handitu zen. Gure lana bikoitza izan da: batetik, kluba gero eta handiagoa bihurtzea, egonkorrak izatea, eta, bestetik, eskoletan eta merkatarien artean ezagutaraztea Hibaika.

Hasi zinenean, pentsatu ere ez zenuen egingo traineruan lehiatuko zinetenik emakumezkoak.

Ezta burutik pasatu ere. Batelarekin jolasten hasi, eta, egun batetik bestera, traineruaren aukera etorri zen 2008an, Zaragozan [Espainia] jokatu genuen estropadan, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artekoan. Kontxarako sailkatzeko estropada ezagunean, lehendabizikoan, urte horretan, ez nengoen, hala ere. Gero, urtero lehiatu naiz estropada horretan.

Hondarribiko urtean, 2009an, Ane ahizpa ere han zen zurekin.

Polita izan zen. Orduan selekzioka jokatu zen Euskotren liga, klubak txandaka lehiatzen ginen, eta ez ziren estropada asko izan.

Bukatu ere Anerekin bukatu zenuen, iaz Hibaikan elkarrekin egin baitzenituzten estropada batzuk ETE ligaren hasieran.

Iazkoa ere polita izan zen, ezberdina hasierako urtearen aldean. Liga oso bat zen; polita izan zen.

Arrakastaren kulturan bizi da kirola, irabazten ez duena ezer ez balitz bezala. Hori ez al da kalterako emakumezkoen arraunean oinarri sendoa eraikitzeko?

Goiko ligako taldeek errazago iraungo dute, eta behekoen artean mugimendu handia egongo da: batzuk desagertu egingo dira, arraunlariak beste talde batzuetara joango dira... Arriskutsua hau da: ETE ligan nabarmendu, eta Euskotren ligako talderen batek eramatea arraunlariak. Gizonezkoen ohitura txarrak hartzea litzateke hori.

Zuk egin duzu, behintzat.

Inork ez dit inoiz ezer eskaini kanpora joateko, eta errespetatzen ditut taldez aldatzen direnak, baina beheko mailetako klubei kalte handia egiten zaie.

Hibaika ez omen da talde irabazlea izan, baina 2012tik 32 bandera irabazita dauzkazue.

Ez gara izan irabazi ez dugun talde bat, eta datuak hor daude. Kontxa inoiz ez dugu irabazi, baina gertu izan ginen askotan.

Kontxako arantza geratu zaizu?

Agian bai. Ikusgarritasuna ematen du Kontxa irabazteak, eta hori galdu genuen, eta norbaiti esatea «Kontxa irabazi dut». Esan dezaket pena dudala, baina ez bereziki. Ilusioa banuen irabazteko, baina ez zen tokatu, eta kito. Urte batzuetan, maila parekatua egon zen Euskotren ligan, aurten egongo den bezala. Sekulako borroka izaten genuen, eta hainbat estropada ehunekotan erabakitzen ziren. Olatz Ortega taldekide izanak bidali dizkit orain gutxi emaitza estu horiek. Horietako batek eman zidan min handia: Zierbenan, gu aurretik sartu ginela seguru egon, baina hamabi ehunenengatik bandera galdu. Beste behin, Madalen jaietan, Pasai San Pedroko eremuan, 23 ehunen atera zizkiguten.

Beste alderdian, etxean irabazitako bi banderak daude?

Oso polita da etxean irabaztea. Iazkoa gozamena izan zen: herriko estropada irabazi eta ETE liga geureganatzea. Taldekideei esaten nien, 2016an bizi izan nuena gogoan, ibaian sartzeko leher eginda, eta azkeneko zatian zaleek eramango gintuztela. Gero, azaldu zidaten hori bera sentitu zutela.

Zubi lan hori egin zenutelako jarraitzen du taldeak?

Ez dakit. Agian, jarraituko zuten gu gabe ere. Polita da belaunaldiak lotzea, eta guk pilatutako esperientziak erakustea handia da; eta ikusi dut guk hasieran bizi izan genituenak gazteak ere bizitzen ari direla. Adibidez, akatsak errepikatu egiten dira.

Zer esango zenioke arraunean hasi edo ez hasi dabilen Errenteriako neska bati?

Animatzeko, asko gozatuko duela. Kirol oso polita da, eta giro bikaina sortzen da. Herriarengandik asko jasotzen da gero: zaleek asko ematen dizute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.