Gazteak azeria baino bizkorragoa dela erakutsi nahi du

Agirretxe gabe ariko da Reala gaur Levanteren gotorlekuan, etxetik kanpoko lehiakortasun maila handitu asmoz

Donostia
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gaur Valentzia Hiria zelaira irtengo diren bi taldeen egiturei erradiografia bat eginez gero, argi azalduko da futbola ulertzeko oso bestelako korronteek tokia badutela txapelketan. Levantek eta Realak helburu komun bakarra izango baitute: hiru puntuak lortzea. Etxekoak bikain aritu ziren joan zen sasoian, eskarmentua, atzealdeko lan gogorra, kontraerasoa eta amarrua nahastuz. Juan Ignacio Martinez entrenatzailearen pentsaera ez da ezertan aldatu. Horri eskerrak garaitu ahal izan zuten joan den ostegunean Helsinborg, Europako Ligan estreinakoz ari diren aldi honetan.

Philippe Montanierren erronka nagusia da Realaren kanpoko ibilkera zalantzatsua egiazkotasunez betetzea. Formula eraginkor baten bitartez, taldeari segurtasuna emango dion molde lehiakorra topatu nahian dabil aspaldian. «Nahiago dut partida jakinei buruz hitz egin. Mallorcan txukun aritu ginen lehen zatian, baina ez bigarrengoan. Bartzelonakoa ez dut erreferentziatzat hartuko. Joan den sasoian neurria eman genuen bukaera aldera. Esaterako, ez genuen galdu Atletico Madril eta Malagaren zelaian. Malagarenean, jokalari batekin gutxiagorekin aritu behar izan genuen, gainera, bigarren zati osoan. Talde gehienek gure zailtasun berberak dauzkate etxetik kanpo. Irabaztea ez da samurra. Ziur naiz emaitza onak lortzeko baliabideak baditugula». Mezua garbia da: elkartuago, hobeto kokatuago joka dezatela; bizitasun handiagoz erabiltzea baloia, aurkaria ezustean harrapatzeko eta buruz buruko lehiari uko egin ez diezaioten.

Realeko entrenatzaileak ezin izan ditu Gorka Elustondo, Liassine Cadamuro eta Ruben Pardo aintzat hartu deialdia osatzerakoan, ondoezik segitzen dutelako, eta nahiago izan du Imanol Agirretxeri atseden eman, derbiari begira inolako arazorik izan ez dezan. Hala, hasierako hamaikakoan, itxuraz, aldaketa bat eta bakarra egingo du. Diego Ifranek ordezka dezake usurbildarra, edo aurrelari peto-petorik gabe aritu,Chory Castro, Carlos Vela eta Antoine Griezmannekin.

Esperientziari aurre

Suntsiezinak diren beteranoek gidatzen dute Levante. Guztien buru, Ballesteros eta Juanfran, 37 eta 36 urteko atzelari sendoak. Bien artean, 600 neurketatik gora dituzte jokatuak Lehen Mailan. Montanierrek zelairatuko duen hamaikakoak baino gehiago. Hortxe dago talka. Bataren helburua iraunez gozatzea da. Bestearena, berriz, harrobian oinarritutako plangintzan sakonduz haztea. Levantek ezin dio zuku gehiago atera bere filosofiari. Eta Realak, bere ikuskerari? Horren erantzuna aurki0tzeko, azterketa egokia izango da gaurkoa.

LEVANTE-REALA

Levante. Munua; Llel, Ballesteros, Navarro, Juanfran; Diop, Michel; El Zhar, Barkero, Juanlu; eta Gekas.

Reala. Bravo; Estrada, Mikel, Iñigo Martinez, De la Bella; Markel, Illarramendi, Zurutuza; Vela, Griezmann eta Ifran.

Epailea. Hernandez Hernandez.

Lekua. Valentzia Hiria (25.354 ikusle)

Ordua. 16:00 (GolT / C+L).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.