Gazteei esker lorturiko altxorra

Amezketako Zazpi Iturri taldea nagusitasunez gailendu da finaleko lehen bi partidetan,eta bigarrenez irabazi du BERRIA txapelketa

Zazpi Iturriko eta Uharteko pilotari, entrenatzaile eta ordezkariak, atzo, finala amaitu berritan, txapelekin eta garaikurrekin. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Hernani
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Emozio gutxiko finala izan da, eta Uhartek nagusi mailako partidan itxuratu du emaitza

Zazpi urte luze ziren Zazpi Iturri ez zela BERRIA txapelketako finalera iristen, eta atzokoan Amezketako taldeak ondo baino hobeto baliatu zuen aukera. Txapelerako hautagai nagusietakoa zen, eta kanporaketaz kanporaketa erakutsi du bere indarra. Erakustaldirik handiena, baina, finalerako gorde zuen, ordubete pasatxoan lehen bi partidekin aski izan baitzuen Uharteri irabazteko. Kadete eta gazte mailako partidetan alde handia egon zen, eta gatza kendu zioten azkenari. Emozioaren faltan, halere, ikuskizuna egon zen, pilotakada eta tanto onak ikusi baitziren, Hernaniko pilotalekuan bildu ziren ia 400 ikusleen gozamenerako.

KADETEAK



Larunbe-Goñi10
Altuna-Irribarria22


Zazpi Iturrik ezin hobeto ekin zion finalari. Pronostikoek faborito jotzen zituzten eta tarte polita lortu zuten seikoteko beste kideen lasaitasunerako. Amezketako bikotea gehiago izan zen, aurrean zein atzean, eta Uhartekoen ekina ia ezerezean gelditu zen. Irribarria atzelaria nabarmendu zen, eta bi eskuekin oso luze ibili zuen pilota. Behin baino gehiagotan izan zuen gertu errebotea, eta berak eragin zuen txalo gehien ikusleen artean. Altunak, bere aldetik, ondo baliatu zuen kidearen lana, eta hamasei tanto egin zituen guztira, sei saketik.

Uhartek, halere, ondo ekin zion partidari. Larunbek zehatz sakatu zuen eta tarte txikia lortu (3-0). Irribarriak, baina, berehala hartu zuen partidako lema. Gustuko pilota atera eta partida berdindu zuen lehenbizi (4-4), ordura arteko oreka erabat hautsi aurretik. Zazpi Iturriko bikoteak ondo hartu zuen elkar, eta Goñi bilatu zuten. Uharteko atzelariak kuraia erakutsi zuen, baina ez zen aski izan (4-12 eta 6-19). Uharteko bikoteak azken txanpan atondu zuen emaitza. Altuna ikuskizuna ematen saiatu zen, eta Larunbek saikera ordainarazi zion kontraerasoan. Azken tantoa, baina, Irribarriak egin zuen, zortzigarren koadroan ondo bazterturiko pilotakadarekin.

GAZTEAK



Zestau-Mina6
Gallurralde-Jaka22


Gazte mailako partidak aurrenekoaren antzeko gidoia izan zuen. Ez zen ona izan, Zazpi Iturriko bikoteak hasi eta berehala desegin baitzuen emozioa. Gallurraldek eta Jakak taldekide gazteek lorturiko abantailaren patxadarekin ekin zioten partidari, eta hori gutxi ez balitz, Amezketako aurrelariak sakearekin asmatu egin zuen. Lehen hiru tantoak aurreneko pilotakadarekin egin zituen. Guztira hamabi tanto lortu zituen,bederatzi saketik.

Zazpi Iturrikoak aldeko 0-10ekoarekin hasi ziren. Uhartekoak atsekabetuta zeuden, ezinean, eta tantoak pasa ahala Erik Jaka haziz joan zen. Atzeko koadroetan nagusi izan zen, ezkerrez zein eskuinez. Mina errebotetik gertu egotera behartu zuen, eta aukera izan zuenean tantoa bukatzen ere ausartu zen. Berea izan zen politena, 8-0ekoa. Bosgarren koadrotik ezker boleaz txapa gainean moztu zuen zabalean. Ikusleek ezin izan zioten eutsi harridura oihuari.

Partida erabakita zegoen, eta hein handi batean finala ere bai. Bi bikoteen aurpegian ikus zitekeen hori. Jakaren pare bat hutsek emaitza itxuratzeko aukera eman zien Uhartekoei (6-19), baina eurak ere ez ziren fin ibili. Gallurraldek saketik eginiko bi tantorekin itxi zuen partida. Berrogei minutu baino gutxiagoko lehia izan zen, etabukaeran ordurako txapeldun zirenek jasotako txaloek baino ez zuten berotu pilotalekua.

NAGUSIAK



Ioldi-Linzoain22
Arzelus-Garmendia11


Jokoan ezer gutxi dagoenean zaila da partida ona ikustea, eta nagusi mailako norgehiagokan ere ez zen emoziorik egon. Ioldi eta Linzoainen helburua ordura artekoak atontzea zen, eta ondo baino hobeto ekin zioten bideari (10-0). Ioldik saketik ezarri zuen bere erritmoa, eta ondo baliatu zituen frontisetik gertu aurkitu zituen ia pilota guztiak.

Finala erabakita egotea ez zen susperraldia eragiteko testuingururik onena, baina Zazpi Iturrikoak partidan sartzen saiatu ziren (15-5 eta 20-11). Garmendiak pilotakada onak jo zituen, eta Arzelus ere luze jokatzen hasi zen, baina Linzoainek ofizio handiz eutsi zion. Uhartekoen atzelariak lan bikaina egin zuen, baina saiakera antzua izan zen. Ordurako txapelak jabea zuen, eta amaierakotxalo gehienak elastiko berdez jantzitakoek jaso zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.