Nortasun agiria da bere aurkaria, Donostian 1973 jartzen duelako. Zuriz janztean, baina, gazte gehienak baino gehiago dela erakusten du. Enpresako pilotari zaharrena da, baina lau t'erdiko final-laurdenetara iritsi da, binakakoan tanto gutxi batzugatik baino ez zen sartu finalerdietan, eta iazko sasoian jokaturiko partiden %54 irabazi zituen, eta ez da marka txarra lehen partidak estelarrekin uztartuta jokatu zituela kontuan hartuta. Kokak, baina, umil hitz egiten du. «Gustura nago azken urtearekin, txapelketez gain enpresako partida dezente irabazi dudalako. Enpresak ikusi du, eta beste urtetxo batez berritu didate kontratua».
Gazte sumatzen du bere burua Kokak, eta kantxan erakusten du. Kailuko arazoak kenduta lesio gutxi izan ditu, eta sasoiko dagoela nabarmentzen du. «Lauzpabost urte dira ez dudala inongo neke edo minik sumatzen. Ni pilotari gorabeheratsua naiz, baina arlo fisikoan 28 edo 29 urte nituenean bezala nago». Ez dago lau t'erdikoan eginiko lana baino ikusi behar hori jakiteko. Lehenbizi Asier Berasaluzeri eroso irabazi zion, eta iragan larunbatean gorriak ikusi zituen Mikel Olazabal kanporatzeko (22-21). «Ikara pasatu zait honezkero, Pablitok eta biok gogotik egin behar izan dugu lan gazteak kanporatzeko. Olazabalek dohain handiak ditu, gorputz pixka bat hartzen duenean asko jokatuko du».
Berasaluze VIII.a izendatu du Kokak, 31 urtekoa,eta eurekin batera Olaizola I.a, 33 urte, ere sailkatu da final-laurdenetarako. Ia gazte guztiak, berriz, bidean gelditu dira. «Eskarmentuak zeresan handia duela erakusten du horrek. Pilotari beteranoak beharrezkoak dira, gazteei irabazteko lan egin behar dela erakusteko. Gainera, polita da belaunaldien arteko borroka hori ikustea». Retegi Bi eta Arretxek lan txukuna egin dute lau t'erdikoan, eta enpresan gazte onak ere badaudela dio. Ez da ausartzen esaten hark oraindik maila horretan jokatzea gazteen mailaren errua denik, baina zintzo onartzen du euren aurka aritzean malezia erabiltzen duela. «Gure beste armak dira. Euren onetik ateratzen saiatzen naiz, urduritzen... badakizu».
Lau t'erdikoan hamabi aldiz hartu du parte, eta asko aldatu dela dio. «Lehen ia pentsaezina zen airez jokatzea, dena botera zen. Titinek batez ere, eta Unanuek inposatu zuten egungo joko hori». Koka artista da, bote egiten du min gehien, baina onartzen duenez duela lau urte bere jokoa aldatu behar izan zuen. «30-31 urte nituela pilota aldatzen ari zela ikusi eta egokitu behar izan nintzen. Orain orduan baino gehiago sartzen naiz airez, eta ikasten jarraitzen dut. Egunero ikasten da zerbait, baita nire adinean ere!», azaltzen du barre txikiarekin Altzakoak.
Olaizolaren erabakiaren zain
Juantxo Kokak inoizko lanik onena berdindu du lau t'erdikoan, final-laurdenetara arte. 2005ean lortu zuen aurretik, eta ordukoan Aimar Olaizolak kanporatu zuen (22-12), bere hurrengo aukari izan beharko lukeenak. «Gozatzea» du helburua, eta Goizuetakoa erdipurdi iristen bada ustekabea ematen saiatuko da.
Betiere Olaizola II.akjokatzen badu. Partida heldu den astelehenerako jarri dute, eta Goizuetakoak ostiraleko pilota aukeraketan hartuko du erabakia. Minak hobera egin badu ere, pilotariak zalantzak ditu, eta ez da harritzekoa, Asegarceko medikuak atzo onartu zuenez iragan ostegunean eginiko erresonantzia magnetikoan oraindik edema eta likido sinobial pixka bat ageri baitzen pilotariaren eskuineko sorbaldan.
Gazteek ezin dutelako paretik kendu
Asegarceko pilotari zaharrena da, baina kaiolan ia gazte guztiak baino urrunago iritsi da. 35 urteei ez die begiratzen, ez dituelako sumatzen: «Azken bospasei urteetan nire jokoak ez du behera egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu