Gazteen indarrari esker

Arbizuko Aldabidek kadete eta gazte mailako bikoteei esker kanporatu du Añorga, ondorioz, agur esan dio lehiari lehen zerrendaburuak

Erredakzioa / Donostia
2009ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Asteak aurrera doaz, eta apurka-apurka argitzen ari dira zein taldek emango duten zeresana BERRIA VI. Txapelketan. Iragan asteburuan beste bi zerrendaburu sartu ziren lehian, eta batek ez zuen pasatu galbahea. Añorgak Arbizun galdu egin zuen, etxeko seikotearen aurka (53-31). Aldabideko kadete eta gazteak bikain aritu ziren, eta eurengatik egin zuen aurrera taldeak. Beste kanporaketan, berriz, Burlatako Zugarraldek errotik eten zuen Iparraldeko selekzioaren bidea (66-23). Nafarrak askoz hobeto aritu ziren, eta txapela irabazteko gai direla erakutsi zuten. Lapurtarrek, halere, ez dute burumakur utzi txapelketa, aurten aurrenekoz kanporaketa bat irabazi baitute. Bi talde irabazleek martxoko lehen asteburuan jokatuko dute final-laurdenetako kanporaketa.

Añorga 40

Aldabide 57

KADETEAK

Manterola-Lizaso 5

Zelaia-Gabirondo 22

GAZTEAK

Jauregi-Maiza 4

Ezkurdia II.a-Lukin 22

NAGUSIAK

Insausti-Jauregi 22

Ezkurdia-Bergera 15

Aldabidek gazteenen indarrari esker kanporatu zuen Añorga. Kadete mailan faborito ziren, eta Zelaiak eta Gabirondok ez zieten aukerarik eman Manterolari eta Lizasori. Añorgakoek gogor egin zuten lan, baina aldea ahaleginaz haratago zihoan. Gazte mailako partidan ere ez zen orekarik izan, ezustean, horrek behar zuelako partidarik estuena. Nafarroako txapeldunek erakustaldia egin zuten Gipuzkoako txapeldunen aurka. Lukin atzelariak ez zuen pilota bakar bat ere galdu, eta Ezkurdiak hamalau tanto egin zituen, zazpi saketik. Gipuzkoarrek ez zuten ondo jokatu. Maiza ezinean aritu zen, eta presaz jokatu nahi izana ez zion mesede egin Jauregiri.

Nagusien mailako partidan ez zegoen deus ere jokoan, Añorgak ezin baitzuen kanporaketa zuzendu. Partida lasaia izan zen, eta 11-7kora arte joko polita ikusi zen. Hortik aurrera, ordea, Añorgakoak jaun eta jabe izan ziren. Jauregik bost tanto gehitu zizkion atzeko aginteari, eta Insaustik hamabi tanto egin zituen aurrean.

Zugarralde 66

Iparralde 23

KADETEAK

Iribarren-Mayans 22

Mendi-Itxuribehere 3

GAZTEAK

Jaunarena-Tainta 22

Bilbao-Aguerre 11

NAGUSIAK

Santesteban-Landiribar 22

Ugarte-Pebet 9

Zugarralde urtero da faboritoetako bat BERRIA Txapelketan. Burlatako taldeak txapela irabazi zuen, eta berriz ere tokia du hautagai nagusien multzoan. Finalaren bueltan ibili ohi da ia urtero, eta aurten sendo ekin zion bideari, Iparralde Hernanin kanporatuta.

Nafarrak ziren faboritoak, eta ez zioten zirrikitu txikiena ere utzi ustekabeari. Kadete mailako Iparraldeko bikotea ez zegoen tokeko pilotarekin ohituta, eta Zugarraldeko Iribarren eta Mayansek ez zuten errukirik izan (22-3). Iribarrenek 17 tanto egin zituen. Kanporaketako partidarik onena gazte mailakoa izan zen, nahiz eta Tainta Agerre baino hobeto aritu. Burlatakoak hasieran jarri ziren buruan (14-5), eta azken txanpan lehia polita izan zen aurrelarien artean. Jaunarenak 12 tanto egin zituen, baina politenak Bilbaok egin zituen. Iparraldekoen aurrelariak lan eskerga egin zuen.

Nagusien mailako partida jokatzerako kanporaketa erabakita bazegoen ere, hasiera orekatua izan zen (7-5). Hortik aurrera nafarrak nagusi izan ziren, baina nabarmentzekoa da Iparraldekoek emaniko maila. Bi atzelariek agintea tartekatu zuten, eta aldea aurrean egon zen. Ugarte eskas aritu zen; Santestebanek, berriz, hamar tanto egin zituen. Hurrengo kanporaketa ostiralean jokatuko da, Galdakaon (Bizkaia), Gazteleku eta Adiskideren artean. Igandean, berriz, Zazpi Iturrik eta Txumulutxuetak Hernanin jokatuko dute.

@Txapelketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.