Futbola. Reala Txapeldunen Ligan. REALA 0. M. UNITED 0

Gehiago gehiegi zen

Txapeldunen Ligako lehen puntua lortu du Realak, Manchester Unitedek penalti bat eta bi aukera argi-argi huts egin ondorenAzken bi lehiak irabazita, final-zortzirenetan aritzeko aukera dute oraindik txuri-urdinek

Realeko jokalariak, Anoetan bildutako zaleak agurtzen, Manchester Uniteden aurkako partida amaitu berritan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Epailea: Nicola Rizzoli (Italia). Txartel gorria (bi hori): Manchester Unitedeko Fellainiri (90. min.). Txartel horiak: Realeko Markeli; eta Manchester Unitedeko Evrari. Bestelakoak: Ia bete egin zen Anoeta, 30.998 ikuslerekin; horietatik 1.600 bat Manchesterretik etorritakoak. 2009-2010 sasoian Celtaren aurka bakarrik izan zen zale gehiago: 31.058.

Hasi da Reala bidean utzitakoa jasotzen. Eta ez da gutxi. Xakhtar (0-2) eta Bayerren aurka (2-1) urrezko bizpahiru puntu bidean galduta, estu eta larri iritsi zen Manchesterren aurkako joan-etorriko gozatura. Eta lor zezakeen guztia eta pixka bat gehiago poltsikoan sartuta egingo die aurre azken bi finalei. Punturik ez Manchesterren, eta bakarra Anoetan. Van Persiek zutoinera bidalitako jaurtiketa eta penaltia, Chicharito-k goleko marran erabat oker egindako errematea, jokoaren kontrola, fisikoa, esperientzia... Gehiegi izango zen atzo, ametsetako gauean, gehiago lortzea.

Txapeldunen Ligako ligaxkako lehen puntua eskuratuta (eta milioi erdia poltsikoratuta), geratzen diren bi partidak irabazi beharrean da Reala final-zortzirenetan sartzeko; Donetsk-en irabazi, eta Bayerren aurka, Anoetan, Alemaniako 2-1ekoa ondu. Ekuazio horrek azken baldintza bat dauka, ordea, ondoan: Manchester Unitedek Bayerri irabaztea, eta Xakhtarren aurka, gutxien-gutxienik, berdintzea. Hitz batean, partida serioa jokatuta eta Manchester handiari aurre eginda, Realak bizirik jarraitzen du, oraindik ere, Europako lehiaketa nagusian.

Baina puntu eromen horretatik urrun, aukera askorik gabekoa izan zen lehen zatia; oso itxia. Egiari zor, ordea, Manchester Unitedek, minutu gehienean, erabat kontrolpean eduki zuen partida. Baloia nahi izan zuen moduan mugitu zuten ingelesek atzean, eta, lehen ordu erdian bereziki, presio lan ona egin zuten Realaren sormen lerroan. Bravo bera luze atera beharrean; Pardoren irteera lotuta; Giggs, Rooney eta Smalling zelai erdiko baloi irteerari aukera asko eskainiz... 11. minutuan eduki zuen lehen aukera ona David Moyesen taldeak; ezker erasoan Carlos Martinezi bi baten aurka egin, Evrak erdiratu, Rooneyk atzean utzi eta Kagawak egin zuen errematea. Atzelariak berak ukituta, kornerrera. 19. minutuan, berriz, Bravok berak gelditu zuen japoniarraren errematea.

Pardoren falta jaurtiketa makal batean gerturatu zen Reala lehen aldiz De Gearen ate ingurura, baina 28. minutura arte ez zuen sortu benetako arriskurik. Agirretxek area barruan bertan Zurutuzari baloia ireki, erdilariak usurbildarrari itzuli, eta, oso behartuta, erabat erremate okerra egin zuen aurrelariak. Tantaka iristen ziren txuri-urdinak Manchester Uniteden defentsako lerrora, baina ingelesena zen kontrola. Erasoko jokaldi bakan horietakoren batean baloia galduta, zelai erdian hausteko arriskua zuten Jagoba Arrasateren jokalariek. Eta, hain zuzen ere, kontraeraso batean Chicharito egon zen baloia sareetara bidaltzeko zorian, Kagawaren erdiraketa batean. Iñigo Martinezek bidali zuen baloia azken unean kornerrera bere burua lurrera botata.

Hori bai, estutuz amaitu zuen Realak lehen zatia, Velaren erdiraketa on batekin eta De la Bellak eskuinez, goxo-goxo, oso gutxigatik kanpora bidali zuen errematearekin. Aldageletan harmailetan adinako sua sortu zuten, nonbait, azken bi jokaldi horiek, askoz gorago presioa eginez eta arrisku dezente sortuz ekin ziotelako txuri-urdinek bigarren zatiari. Lehen minutua betetzerako Pardok egin zuen errematea area ertzetik. Eta hurrengo jokaldian Velak oin puntarekin kontrolatu zuen Agirretxeren pasea, baina Evrak kendu zion baloia azken-azken unean.

Markel Bergararen penaltia

Barkatu, Manchester Unitedek barkatu zuen, ordea. Chicharito Hernandez galdezka ariko da oraindik 50. minutuan goleko marran nola bidali zuen errematea gora. Eta Van Persie ere hiru aukerari bueltaka ariko da. Izan ere, zelairatu berritan, zutoinera bidali zuen lehen errematea eta gutxigatik kanpora bigarrena. 69. minutuan, berriz, Bravok asmatu egin zuen aurrelariaren asmoa, eta herbeheretarrak zutoinera bidali zuen penalti jaurtiketa. Jokaldi horretan epaileak txartel horia atera zion Markeli, eta ezingo du jokatu Xakhtarren zelaian.

0-1ekoa hain gertu ikusita, piztu egin zen Anoeta, eta etxekoen gola ez zen urrun egon 76. minutuan, Xabi Prietok jaurti eta Velak ukitu zuen baloian. Seferovic txistu artean, azken pasean asmatu ezinik, Mikel Gonzalez goleko marran baloia urrunduz... Puntu bakarra. Baina ez da gutxi. Gehiago gehiegi izango zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.