«Gehiago ibil zitekeela ontzia? Ez dakit nor ibili den gu baino gehiago...»

Herrian egonda bere burua gehiegi presionatzen duela eta, 'Bou Bizkaia' ontziko entrenatzaile izateari utziko dio; hori bai, bigarren urtez jarraian San Miguel liga irabazita utziko du kluba.

IGOR SUSAETA BERMEO
2008ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Pertsona urduri samarra da Patxi Bilbao (Bermeo, Bizkaia, 1964). Batzuetan, hitz egiterakoan ere nabaritzen zaio. Pasioz mintzatzen da arraunaz, grinatsu bere klubaz, bere herriaz, eta, hain zuzen, herriarengatik bere burua gehiegi presionatzen duela eta, Urdaibai uztea erabaki du. Halere, «amorrua» kanporatzeko edo, ez du baztertzen bigarren traineru bat entrenatzea, beste norbaiti laguntzea, gazteekin ibiltzea... «Baina aurten ez ditut gauzak batere argi. Entretenitzeko balioko didan zerbait aurkituko banu, jarraituko nuke arraunean». Urdaibaik bere gidaritzapean bigarren aldiz jarraian San Miguel liga irabazi duenean utziko du. Halere, Kontxako arantza iltzatuta dauka...

Hasteko, nota jar iezaiozu sasoi honetan zure taldeak egin duen denboraldiari.

Nik? Bikain jarriko nioke. Zergatik? Ba, kirolean oso zaila da beti muturrean ibiltzea, eta bigarren urtez jarraian San Miguel liga irabazi dugu; horrek esan nahi du arraunlariek kristoren lana egin dutela urte osoan. Toki guztietan borrokatu gara: liga irabazi dugu, Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketa, eta Espainiakoan bigarren geratu ginen.

Baina Kontxa...

Bai, Kontxa izan da bete gabe geratu den helburua, baina traineru bakar batek irabazten du, eta nik uste dut bi igandeak oso ezberdinak izan zirela. Aurrenekoan gure aukerak eduki genituen, baina guk geuk sartu genuen hanka azkeneko sei minutuetan norabide okerra hartzerakoan, eta hor galdu genuen Kontxa. Bigarrenean, berriz, zorte txarra eduki genuen kale zozketan, baina Astillerori irabazteko gai izan ginen. Dezenteko lana egin genuen, eta ez nago batere ados estropada txarra egin genuela esan dutenekin.

Denboraldi hasieran maila honetan ibiltzea espero zenuen? Edo zalantzak zenituen?

Beno, ekainean eta orain gauzak modu ezberdinean ikusten ditut. Klub askok esan zuten ekainean, ba, euren helburua ez zela Kontxa, San Miguel liga baizik. Hori esan zuen, adibidez, Orioko entrenatzaile Joxean Olaskoaga Aizperro-k; eta Castrokoek ere hori. Orain, irailean, niretzako askoz ere meritu handiagoa dauka liga irabazteak. Zergatik? Ba estropada gehienetan kristoren borroka egon delako denon artean; eta estropada askotan, aldi berean, markak hautsi direlako. Horrek esan nahi du oso talde indartsuak egon direla, eta horien tartean garaileak gu izan bagara, ba pozteko modukoa da. Hartara, nire ustez aurtengo denboraldiak iazkoak baino meritu handiagoa dauka. Gainera, kontuan hartu behar dugu arazo batzuk izan ditugula propioen eta ez propioen kontuarekin, eta alderdi horretan abantaila txiki bat izan dute Castrok eta Oriok. Halere, ez dira gai izan guri irabazteko.

Urdaibaik zer-nolako koadrila daukan ikusita, esan izan da 'Bou Bizkaia'-k hobeto ibiliko behar zuela. Zer diozu?

Beno... Horri erantzuteko, hori nork esan duen jakitea gustatuko litzaidake. Baina beno, orokorrean, esango nuke, gauzak kanpotik ezberdin ikusten direla. Erraza da kanpotik hitz egitea. Ez dakit, nik uste dut ni ez naizela gai esateko zer gertatzen den Castron edo Orion. Oso maila onean ibili garela uste dut, eta horrela, zuzen esanda, kritika errazek ez naute arduratzen. Izan ere, ez dute pisurik, egiteagatik egiten dira. Arraunlariak banan-banan ezagutu behar dira, nondik etorri diren, zein egoera bizi izan duen bakoitzak neguan... Halere, markak hautsi ditugu, kristoren denborak egin ditugu... Hori baino gehiago ibiltzea... Ez dakit nor ibili den... Arraunlari onak ditu Urdaibaik, baina Castrok eta Oriok ere bai. Hori esaten dutenei galdetuko nieke, ea eurek ligaren bat irabazi ote duten.

Liga irabazi duzue, baina hilabete pasatxo egin zenuten estropadarik irabazi gabe. Horrek urduritasuna eragin al zuen taldean?

Uztaila bukaerarako dezenteko aldea genuen arerioekiko, eta txapelketak jokatu behar ziren. Hortaz, guretzako oso garrantzitsua zen Euskadikoa irabaztea; hartara, propio prestatu genuen. Hortaz, txandakatzeak egin nituen traineruan, arraunlariak fresko heltzeko, eta, gainera, beste gauza asko hartu behar dira kontuan.

Eta txandakatzeek errendimenduan eragiten dute, ezta?

Bai,bai. Bizkaiko Txapelketa, adibidez, ostegun arratsalde batean jokatu zen, eta hurrengo goizean Galiziarantz abiatu ginen. Euskadikoa ere ostegun batean, San Miguel ligakoak, Espainiakoa... Ez dakit, estropada asko dira egun gutxian eta horrek taldearen errendimenduan eragiten du, dudarik gabe. Hiru aste horiek gogorrak izan ziren, eta Zarauzko estropadara, adibidez, justu antzean heldu ginen. Prestatzaile fisikoak esan zigun arraunlariei arnasa hartzea komeni zitzaiela.

Baina estropadak irabazi gabe, ez zineten urduritu?

Ez, ez. Begira, urduritu ginen Zarauzko estropadan. Prestatzaile fisikoak esan zigun Zarautzen lidertza gal genezakeela; arraunlariak zeuden bezala egonda, pasa zitekeela. Halere, eutsi egin genion. Indarberritu ginen, baina Orion kolpea jaso genuen...

Hura izan zen gogorrena? Izan ere, Castrok lidertza hartu zuen, eta indartsu zegoen. Eskerrak hurrengo egunean etxean bertan huts egin zuela, ezta?

Bai, bai, hori horrela da. Baina, beno, guk ere huts egin genuen Orioko estropadan. Itsasadarrean ez genuen norabidearekin asmatu, baina itsasoko estropadetan oso maila onean ibili gara. Hondarribian hori ikusi zen, eta astebete geroago ere bai, Castroko estropadan.

Baina aurreko galderara itzulita... Castrok etxean huts egin zuenean, lasaitua hartuko zenuen, ezta?

Bai,bai, argi dago, bezperan kristoren sustoa hartu genuelako; gauza bat da puntu bat galtzea, eta beste bat dezente, gertatu zitzaigun bezala. Baina orduan ere argi geratu zen Urdaibai oso talde indartsua dela psikologikoki ere.

Azkenean liga irabazi izan ez bazenute, porrot handia jasoko al zenuketen?

Beno, ez dakit... Ez dakit zergatik ari diren esaten, une oro, Urdaibaik talde onena duela. Izan ere, arraunlariz arraunlari talde guztiak begiratzen hasten baldin bagara, nik uste dut koadrila batzuk antzerakoak direla.

Kanpotik presio guztia Urdaibairi jartzen zaiola uste al duzu?

Bai, kanpotik presioa sartzen dute, baina presio horrek ez dauka eraginik. Beno, barneratuta daukat. Nik badakit zer daukadan taldean, eta badakit zer dutenbeste batzuek ere. Oriok eta Castrok sekulako arraunlariak dituzte; Juan Mari Etxabe, adibidez, lasai-lasai egonda arraun egin gabe, talde handia zuela bazekielako. Ez dakit, guk bigarren eginda ere... Uste dut Castrorenak eta gureak meritu handia duela, beti lehian ibili garelako. Ikuskizuna eman dugu, eta hori jarraitzaileek eskertu dute gehien. Batak edo besteak irabazi, biok egin dugu sasoi handia.

Ligari behar bezalako garrantzia ematen al zaio?

Nik ez dut nire iritzia aldatuko, eta nik beti esan nuen, aurten Kontxa zela gure helburu nagusia; batetik, bandera garrantzitsuena delako; eta bestetik, Urdaibaik sekula ez duelako irabazi. Hori bai, lehiaketa bezala, egun, liga da garrantzitsuagoa.

Kluba utzi behar duzu. Pena ematen al dizu Kontxa irabazi gabe uzteak?

Bai, ematen dit, baina beno... Ez dakit, izan gara bigarren hirutan, beste batean hirugarren... Askotan gertatu zaigu. Ez dut irabazi, baina niretzako meritu handiagoa dauka 1999ko hirugarren postuak edo 2005ean Arkoterekin txanda nagusian sartu izanak. Baina zer egingo diogu ba, kirola halakoxea da. Beste gauza batzuekin ere asko disfrutatu dut.

Eta zergatik utzi behar duzu?

Alde batetik, ba, nik neuk gehiegi presionatzen dut nire burua, herrian egonda. Atera kontuak ezin duzula arnasarik hartu. Jendeak kalean gelditzen zaitu animoak emateko bere borondate onenarekin, baina horrek gehiago presionatzen zuen nire burua. Nire gorputza lasterragotuta sentitzen nuen. Jendea nirekin izugarri ondo portatu da eta denei eman nahi diet esker ona. Baina horrek presioa sortzen dit. Ni bermeotarra naiz, bermeotarra sentitzen naiz, eta gauza gehiago egin nahi ditut klubarengatik, herriagatik. Penatuta nago ezin izan diegulako zaleei Kontxa eskaini, baina urte batzuetara ikusiko dugu.

Iker Zabala izango da entrenatzaile berria?

Iker [Zabala] gaztea da, eta uste dut oraindik ez zaiola tokatzen erantzukizun hori hartzea. Oraindik arraunlari modura disfrutatu behar du. Berak badaki hau dela nire iritzia eta ados dago. Eskaintza egin dio zuzendaritza berria izango denak, baina ez du onartu. Hemendik urte batzuetara arraun munduko mutilik prestuena izango da Iker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.