Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Castreña

Gehiegikerien ordaina

Castreña izena hartu du Castrok, egoera ekonomiko larriak eraginda, eta etxeko gazteekin osatu behar izan du ontziaEsperientziarik gabeko arraunlariak edukitzea da haien kezka nagusia

Castro, orain bi urte, Ibaizabalen, Bilboko banderan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2013ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Olatuaren aparrean ibili zen urteetan Castro. Arraunlariak handik eta hemendik fitxatu, talde indartsuak osatu, entrenatzaile onenetakoak eraman, eta, jakina, banderak eta ligak pilatu eta pilatu. Baina duela hiruzpalau urte, zarata hasi zen heltzen handik: arraunlariei dirua zor ziela, ez ziela. Ez ziren zurrumurru hutsak, gerora baieztatu ahal izan denez. Sekulako zuloa dauka klubak, eta bi ondorio nagusi utzi ditu horrek: batetik, klubaren beraren izen aldaketa; lehen Castro zena Castreña da orain. Bestetik, eta lehiari bete-betean eragiten diona: kanpoko arraunlaririk ez du taldeak, denak dira etxekoak eta oso gazteak. Ezinbestean aldatu behar izan dute norabidea.

Azkar egin dute dena, azkarregi, eta, jakina, San Miguel ligan lehiatzeko batere esperientziarik gabeko arraunlari multzoa bildu dute. Zortzi dira, esaterako, liga nagusian debuta egingo dutenak. Oso garbi daukate egoera horretan zein izango den beraien borroka: atzeko zuloan ibiltzea. Orain, atzean ibiltzeko moduak eta erak daude, eta ikusi egin beharko da Castreñak zer egiten duen. Arraun munduan gero eta zabalduago dagoen iritziaren arabera, beltzak ikusi behar ditu. Hau da, aurreko urte batzuetan ontzi batzuk ibili ziren bezala ibiltzera kondenatuta dago: hasieratik atzean, eta nabarmen bezain bakarrik. Beste aukera da atzean ibili arren, beste ontziren batekin lehian sartzea, azkeneko postuari ihes egiteko borrokan.

Jose Antonio Cuero entrenatzaileak esan duen bezala, lehiak jarriko du bakoitza bere lekuan. Bigarren denboraldia du klubean, eta aurreko urtean lan ederra egin zuen. Hasieran uste zena baino talde hobea zeukan, eta duintasun handiz lehiatu zen La Marinera ontzi ezaguna. Ez zuen arazorik izan mailari eusteko. Aurten, errealitate gordina parez pare jarri zaie, eta arazoak izango dituzte ez jaisteko.

Denboraldi-aurreko estropadetan ez du ezer askorik erakutsi. Azkeneko erreferentzia joan zen igandekoa da. Santanderren (Espainia) aritu ziren beste ontzi kantabriarrekin batera, eta San Miguel ligako hiruren arteko lehian, hirugarrena izan zen. Astillerok 35 segundo atera zizkion, eta Pedreñak, 15. Bi ontzi horiek ez dira ligako goialdean ibiliko. Garai ez hain urruneko loriak itsasoak eraman ditu, eta orain, borroka handienak epaitegietan ari dira izaten, uretan izan beharrean. Seinale txarra, benetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.