Txirrindularitza. Italiako Giroa. Igor Anton. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Gehiegizko gogortasuna dago»

Etapa bat. Gehiago ez. Igor Antonek errespetu handia dio Italiako Giroari. Aurkari batzuek bai, baina Antonek bere burua ez du sartu oilarren arteko deman. Errepideak argituko du zaleen zalantza, bihartik hilaren 29ra.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2011ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Miseria zer zen ikasi zuen tokira doa, «gozatzera». Txikituta iritsi zen orain sei urte Italiako Girotik. Gorputza muga-mugara eraman zuen. Finestreko asfaltorik ezak harritu zuen orduan. Eta Finestreko igoerarekin ametsetan ari da orain. Igor Anton (Galdakao, Bizkaia, 1983) izango da Euskaltel-Euskadiren taldeburua aurtengo Italiako Giroan, baina hizketan hasterako argitu du sailkapen nagusiak ez diola lorik kentzen. Gauza berbera esan zuen iazko Espainiako Vueltan, eta dantzan ibili zen gero, asfaltoaren gogortasunak baretu zuen arte. Giroari eskatu dion baino askoz gehiago kenduko dion itxura guztia dauka.

Sarritan esan izan duzu dagoeneko ahaztuta dauzkazula Vueltako erorikoa eta lesioa. Baina buruz zer moduz zaude?

Buruz ere ondo nago, baina normala da batzuetan arriskuaren aurrean behar baino gehiago pentsatzea. Denborarekin erabat ahaztuko dut eroriko hura, baina egia da batzuetan behar baino gehiago heltzen diedala galgei.

Giroari helduta, den-denak beldurtuta daude ibilbidearekin, baina, gutxi gorabehera, nolako itzulia espero duzu?

Zorionez, dagoeneko ezagutzen dut Italiako Giroa. Oso esperientzia ederra izan zen 2005ekoa. Hiru asteko lehen itzulia izan zen hura niretzat, eta antzeko Giroa espero dut aurten ere. Ni asko aldatu naiz, baina lasterketa antzekoa izango da: oso gogorra. Italiarrek lasterketa kontrolatzeko modu berezia daukate. Giroa ez da Tourra eta ez da Vuelta. Proba berezia da. Ikuskizuna bermatuta dauka Giroak, hango zaleak oso beroak direlako.

Esan duzu sei urte igaro direla lehen aldiz Girora joan zinenetik. Zertan aldatu zara tarte honetan?

Urtetik urtera aldatu egiten da txirrindularia. Izaera berberari eusten diot, baina ez da berdina 22 urte edukitzea edo 28 edukitzea. Orain sei urte baino konfiantza handiagoa daukat, eta taldean askoz txirrindulari garrantzitsuagoa naiz. Momentu on eta txar asko igaro ditut, lasterketa dezente irabazi ditut, bederatzigarren itzuli handia izango da... Esperientzia irabazi dut, baina hasierako ilusioari eusten diot oraindik. Bigarren Giroa izango da niretzat, baina lehenengoa izango balitz bezala gozatuko dut.

Orain sei urte harrituta geratu zinen Finestrerekin, eta aurten ere igo beharko duzue mendatetzar hori. Zehatz-mehatz aztertu al duzu ibilbidea?

Uste dut hobea dela gehiegi ez aztertzea. Oso etapa luzeak dira, oso gogorrak. Azken zortzi etapak beldurgarriak dira. Baina, eguraldiagatik batez ere, oso zail geneukan mendiko etapak bertatik bertara ezagutzea. Alberto Contador bera, adibidez, joan da mendate batzuk ezagutzera, baina igoera batzuk itxita topatu ditu, elurragatik. Giroa oso gogorra da, eta, bai, interesgarria da etapa horiek iristen direnerako igoerak nolakoak diren jakitea. Baina azken aste horretan hanketan indarra edukitzea izango da garrantzitsuena. Triskantza handia izango da azken etapa horietan. Ahal duenak aurrera egingo du eta besteak atzeko taldetxoren batean babesa bilatzen saiatuko dira.

Montevergine, Etna, Grossglockner, Monte Crostis, Zoncolan, Passo Fedaia, Nevegal, Mottarone, Finestre... Paper gainean erraz irakurtzen dira mendateen izen guztiak, baina antolatzaileek ez al dute pasatu gogortasunaren muga?

Ni igotzailea naiz, eta beldurra ez, baina errespetu handia ematen du ibilbideak. Beraz, ez dakit zer pentsatuko duten aldapa gora hain abilak ez direnek edo esprinterrek. Etapa batzuetan gehiegizko gogortasuna dagoela uste dut. Azkenean, ez da etapen gogortasuna bakarrik, ez da kilometro kopurua bakarrik. Giroan ez dago arnasa hartzeko tarterik, etapez gain lekualdaketak ere oso luzeak izaten direlako. Gardeccian amaituko den etapan, 6.000 metro ingurukoa da desnibela. Agian, neurriz kanpokoa da hori. Baina hori ere bada Giroaren handitasuna. Hori bai, adibide bat jarrita, hainbesteko gogortasunik gabe ere, niretzat nahiko egokia da Espainiako Vueltak hartu duen bidea. Etapa politak, motzak eta urduriak dira, eta, azkenean, indartsuenak irabazten du. Giroa basatiagoa da, eta liderrak dena gal dezake etapa batean. Azken-aurreko etapa, adibidez, Finestre igo ondoren Sestriere gainean amaitzen dena, oso arriskutsua da, oso-oso gogorra. Horregatik, Giroan lehiatuta, oso zaila da gero Tourrean bete-betean lehiatzea, ez dagoelako denborarik indarberritzeko.

Batean eta bestean entzuten da Igor Antonentzat apropos-aproposa dela aurtengo Giroko ibilbidea. Beldurrik ematen al dizu horrek? Edo motibazioa areagotzen dizu?

Ez dakit... Ez zait askorik gustatzen horrelako gauzak irakurtzea, baina Giroa, azkenean, ez da egokia txirrindulari jakin batentzat edo bestearentzat. Giroa fisikoki ondo iristen denarentzat izango da aproposa. Italiarrek beti edukitzen dute motibazio puntu bat gehiago, eta euren etxean ondo saltzen dute lasterketa. Ez da erraza izango Nibali edo Scarponiren aurretik ibiltzea, baina badakit ezinezkoa ere ez dela. Hala ere, Giroarekin gozatzea eta etapa bat irabazten saiatzea da nire helburua. Gehiago ez, horretarako hor baitago Espainiako Vuelta. Denboraldi honetan, Vuelta da nire helburu nagusia.

Iaz, hala ere, antzeko zerbait esan zenuen Vueltara joan aurretik, eta ikusgarri ibili zinen gero. Ez duzu uste zeure buruari gehiago eskatzeko moduan zaudenik?

Ez, ez; Giroan, ez. Gogortasun handia dauka itzuli honek, eta tentsioa ere halakoxea izaten da. Neure burua ez dut ikusten aurrekoen pare, Giroari oraindik ez diodalako hartu neurririk. Vueltari bai. Ez daukat arazorik aitortzeko denboraldi honetan sailkapen nagusirako lehiatzeko helburuarekin joango naizela Vueltara. Iaz etapa bat nahi nuen han, eta ondoren etorri zen itzulia irabazteko aukera. Baina, berriz diot, etapa baten bila noa Girora, gozatzeko helburuarekin. Eta ez naiz ari itxura egiten.

Esan duzu etapa batek 6.000 metroko desnibela daukala; eta denera 24.000 metro ingurukoa da desnibela. Zazpi etapa amaitzen dira gainean, eta kronoigoera bat ere badago. Hain itzuli gogorra parean izanda, nolako prestaketa egin duzu?

Poliki-poliki joan naiz. Ez da erraza nola heldu behar duzun neurtzea, gorputza ez baita hain gauza zehatza. Indarrak gordetzen saiatu naiz, eta ea emaitza ona lortzen dugun. Gaztela eta Leonen hirugarren postua lortu nuen, eta oso gustura geratu nintzen emaitzarekin. Helburua geroko indarrak gordetzea dela jakinda, ez da erraza Girora joan baino lehen etaparen bat irabaztea edo postu onen bat lortzea. Txirrindulari batzuk oso indartsu zeuden orain dela hilabete bat edo bi, eta ikusiko dugu Giroan nola erantzuten duten. Normalean, hobea da aurretik indarrik ez xahutzea, eta horixe egin dut nik. Sasoi onean nago, eta ea lehen astean beste pixka bat hobetzea lortzen dudan.

Euskaltel-Euskadik nahiko talde gaztea darama Girora, esperientzia handirik gabea. Sailkapen nagusiari begiratu nahi ez diozun arren, beldurrik ematen dizu horrek?

Egia da taldekide batzuk gazteak direla, baina hor dago Juanjo Oroz, hor dago Iñaki Isasi taldekiderik beteranoena, Mikel Nievek ere erakutsi zuen joan den urteko Espainiako Vueltan mendian zer egiteko gai den, Pierre Cazaux ere Giroan izango da... Esperientzia hartzeko, gainera, gazteek noizbait hasi behar izaten dute hiru asteko itzulietan lehiatzen. Egia esan, oso Giro gogorra egokitu zaie gazte horiei, baina lan ona egingo dute. Ziur nago. Hala ere, taldean ez daukagu asmorik lan asko egiteko. Taldekide guztiek, beraz, askatasuna edukiko dute euren kasa ibiltzeko, eta ea Giro ona ateratzen zaigun.

19,3 kilometroko taldekako erlojupekoarekin hasiko da Giroa; 12,7 kilometroko kronoigoera dago gero; eta Milango azken erlojupekoa 31,5 kilometrokoa da. 63,5 kilometro dira denera erlojuaren aurka. Aukeran, gehiegi?

Berdin zait. Benetan. Espainiako Vueltan begiratuko diot ezaugarri horri, zehatz-mehatz aztertuko dut dena. Baina Giroan ez. Ez nago batere urduri erlojupekoekin. Taldekako erlojupekoa arazorik gabe igarotzea da lehen helburua. Eta kronoigoera ez da txarra niretzat. Baina urruti dago erlojupeko hori, eta, benetan, ezaugarri horrek ez nau arduratzen.

Zein aurkari ikusten dituzu podiumerako lehian?

Contador, Nibali, Scarponi, Mentxov, Sastre, Purito [Joaquim Rodriguez], Kreuziger, Arroyo... Txirrindulari on asko egongo dira Giroan, eta, alde horretatik, nire ustez, Frantziako Tourrak baino maila hobea edukiko duela pentsa liteke.

Giroa irabazteko hiru izen eskatuz gero?

Mentxov, Giroa irabaztea zer den badakielako; Contador; eta Nibali. Eta Kreuziger ere bai; oso ondo omen dago. Baina, hiru aukeratzekotan, Kreuziger, Contador eta Nibali.

Etaparen bat badaukazu gorriz markatuta?

Berdin zait zein etapa irabazi. Asko gustatzen zaizkit itzuli handietako azken etapak, erabat nekatuta iristen garelako txirrindulari guztiak, eta oso polita izaten delako egoera horretan garaipenen bat lortzea. Baina lehen etapatik azkenekora, berdin zait non irabazi. Hori bai, etapa bat irabazi nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.