Osasunako agintariek badakite ez dela komenigarria beste helburu batzuetan pentsatzea matematikoki mailari eutsi arte. Jose Luis Mendilibar eta jokalariak mezu hori hedatu nahian dabiltza azken asteetan. Hargatik, azken aldiz Lehen Mailara igo zenetik jokatutako hamabi denboraldietan lortutako liga hasiera onenetan hirugarrena izan dute gorritxoek sasoi honetan. Beraz, ez da lan erraza taldearen inguruko euforia epeltzea. Azken denboraldietan mailari eusteko borrokan azken jardunaldira arte sufritu ostean, sasoi honetan pozen bat izan dezaketela sinetsita daude zaleak taldea sailkapeneko bosgarren postuan ikusita. Hargatik, arduradunek eta jokalariek zuhurtzia eskatu dute, eta sasoi amaiera arte jardunaldi asko geratzen direla azpimarratu.
Datuak hor daude: lehen hamasei partidetan 25 puntu batu ostean, azken hamabi denboraldietako hasiera onenetan hirugarrena izan dute gorritxoek. Egundoko ezustekoa eman eta Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko sailkatu ziren denboraldian, 2005-2006an, 35 puntu zituen Osasunak lehen hamasei jardunaldiak jokatuta. 2003-2004ko denboraldian ere sasoi honetan baino puntu gehiago batu zituzten: 27. 2000-2001eko sasoiaz geroztik beste inoiz ez dute lortu lehen hamasei jardunaldietan 25 puntu edo gehiago batzea, dena dela.
Sasoi hasiera onak ilusioa eragitea normala da, eta zaleen euforia bidezkoa eta ulergarria ere izan daiteke. Hargatik, errealista izatea komeni da: beste 22 jardunaldi jokatu behar dituzte nafarrek sasoia amaitu aurretik, eta, orain artean ez bezala, bolada txarren bat izango dela imajinatzea ez da zaila. Hamasei partidetatik hiru besterik ez ditu galdu Osasunak, eta oraindik ez daki bi partida jarraian punturik batu gabe egotea zer den. Baina amaiera arte horrela jarraitzea ez da erraza izango.
2005-2006ko sasoian Bartzelona liderrarengandik bi puntura sailkapeneko bigarren postuan ziren nafarrak hamasei jardunaldi jokatuta, eta amaieran laugarren postuan amaitu zuten 68 punturekin. 2003-2004koan, ordea, lehen hamasei norgehiagoken ostean 27 punturekin sailkapeneko laugarren postuan izanagatik txakalaldia etorri zen gero, eta hamahirugarren postuan amaitu zuten sasoi hura, 48 punturekin. Sasoi honetan oraindik edozer gauza gerta daitekeela argi dago, beraz. Aurreko aldiek hori diote. Ligan egindako lanaren ondorioz —Kopako finala jokatzeak eraman zituen Europan lehiatzera 2005-2006ko sasoian—, UEFA kopan lehiatzeko aukera lortu zuten aurreko aldian, 1990-1991eko denboraldian, lehen hamasei partiden ostean sailkapeneko hirugarren postuan ziren nafarrak 20 punturekin —27 izango lirateke orain bezala garaipenek hiru puntu emango balituzte—, eta laugarren postuan amaitu zuten sasoi hura.
Sergioren zuhurtzia
Igandean Vila-realen aurka bigarren gol erabakigarria sartu zuen Sergiok, eta atzo hark hitz egin zuen Taxoaren. «25 puntu bildu ditugu jada, eta hori da garrantzitsuena, nik Osasunan jokatutako denboraldietan 25 puntu biltzerako bigarren itzulia ondo aurreratuta izaten baitzen normalean. Lasaitasuna ematen dute puntuek, baina besterik ez; ezin gara zoratu sailkapeneko bosgarren postuan gaudelako», esan zuen erdiko atzelari beteranoak.
Bere ibilbide luzean gorabehera asko ikusi ditu Sergiok, eta hainbat denboralditan lehen itzulian lan bikaina egindako taldeak maila galtzen ere ikusi izan dituela esan zuen, Levante eta Valladolid aipatuz. «Lehen itzuli zoragarria egiteak ez du esan nahi bigarren itzulian inork baino gehiago sufritu ezin dezakegunik. Ni Osasunara iritsi nintzenean hamahiru puntu besterik ez zuen taldeak lehen itzuliaren amaieran; Bigarren Mailara jaitsiko ginela uste zuen mundu guztiak, baina bigarren itzuli bikaina egin, eta eutsi egin genion mailari. Alderantzizkoa gertatzeko arriskua hor dago matematikoki helburua ziurtatu arte. Lehen Mailan irautea zein gauza zaila den badakigu, eta gure helburu bakarra hori da oraindik». Atzelari gorritxoaren esanetan, «etxean jokatutako partidetako sendotasuna, geldikako jokaldiei ateratako etekina eta gola sartzeko aukeretan erakutsitako eraginkortasuna» dira Osasunak egin duen sasoi hasiera ona ulertzeko arrazoiak.
Gehiegizko konfiantza uxatu nahian
Azken hamabi denboraldietako liga hasiera onenetako bat izan arren, Osasunakoek diote ez dela helburua aldatzen hasteko garaiaSailkapeneko bosgarren postuan egoteak egundoko ilusioa eragin du zaleen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu