Beste urtebetez Hondak aurkitu du Valentino Rossiren arreta erakarriko duen pizgarria. Bi urte eta erdi pasatu dira italiarrak bien arteko harremana eten zuenetik, eta moto etxeak oraindik ez du aurkitu aurre egingo dion inor. Lehen denboraldian Max Biaggiren aldeko apustua egin zuen. Bigarrenean Sete Gibernauren aldekoa. Hirugarrena da hau, eta une honetan etorkizunean Rossiren ibilbidearen parean egon daitekeen gidariaren aldeko apustua egin du.
Oraingoz ezin dira alderatu Valentino Rossiren eta Dani Pedrosaren ibilbideak. Bien artean zortzi urteko aldea dago. Kataluniarrak 20 urterekin irabazi duena ikusita, ordea, garbi dago inork italiarra ordezkatu behar badu, oraingoz bera dela hautagai nagusia. Rossik 20 urte zituenean baino palmares hobea du Pedrosak: «Bere belaunaldiko gidari onena da», esan zuen Rossik. Aurten MotoGPko motora zer moduz moldatzen den erakutsi beharko du Pedrosak, baina aurrekariak ez dira txarrak: 125 cc-etatik 250 cc-etara pasatu zenean txapeldun izan zen (Rossi 250 cc-etako bere lehen urtean txapeldunorde izan zen).Abiadurak dibertitu egiten du Rossi. Etorkizunean 1 Formulan korrituko duela iragartzen du maiz, zeharka, baina Munduko Motoziklismo Txapelketan aspertzen ez den bitartean, motoetan jarraituko du. Aurten badu zortzigarren munduko txapelketa irabazten saiatzeko pizgarria. Rossi eta Pedrosaren arteko lehia azken urteetako interesgarriena izango da. Azken batean, Biaggi eta Gibernau aspalditik zituen bere ondoan aurkari, eta sekula ez zuten lortu itzalean uztea, ez Hondarekin korritzen zuenean, ezta Yamahara joan zenean ere.
Belaunaldi aldaketa
Belaunaldi aldaketa dator. Pedrosaz gain, beste hiru gidarik eman dute 250 cc-etatik MotoGPrako saltoa: Stoner, Vermeulen eta De Puniet. Txapelketa utzi dute jada Alex Barrosek, Max Biaggik eta Troy Baylissek, eta beste zenbait gidari beteranok ere ez dute korritzeko talderik aurkitu. Bere garaiko gidari onena da Rossi, eta aurten etorkizuneko gidariek baino hobea dela ere erakutsi nahi du.
Pedrosarekin batera, Nicky Hayden eta Marco Melandri izango dira Rossiren aurkari nagusiak. Horiek ere gazteak dira, baina kataluniarraren aldean esperientzia handiagoa dute MotoGPn. Melandrik aurreko denboraldiko azken bi karrerak irabazi zituen, eta bere aurkari nagusia nor den galdetuta «Marco» erantzun du Rossik. Boxeetan, ordea, bien artetik une honetan soilik Haydenek menderatu dezakeela esaten da, eta estatubatuarra aipatu ez badu, hain gustukoa duen gerra psikologikoa egiten hasi delako dela.«Irabazteak soilik motibatzen nau, hori gustatzen zait. Pizgarri berriak aurkitu nahi ditut, eta Pedrosaren aurka aritzeko gogoz nago. Lehia polita izan daiteke», esan zuen Rossik aurreko denboraldia amaitu baino lehen. Italiarrak asko atsegin du bere aurkariekin jolastea, bai zirkuituetan bai eta horietatik kanpo ere. Orain arte, ordea, ezohiko begirunea erakutsi du Pedrosarekiko. Badaki kataluniarra ez dela Biaggi eta Gibernauren modukoa, isilik lan egitea atsegin duela, eta Fernando Alonsok ez bezala (moto batekin pixka bat entrenatuz munduko txapelketako podiumera igotzeko gai dela esan du 1 Formulako txapeldunak), Pedrosa ez dela bere jokoan sartuko. «Edonori gustatuko litzaioke Rossik norberaz ondo hitz egitea, baina azkenean norberak egin behar du bere lana. Nik nire lana beste bermerik ez dut MotoGPn. Rossi txapelduna da, eta ni, debutaria. Bera da faboritoa», esan zuen Pedrosak.Hasiera batean, Hayden eta Melandri bigarren postua lehiatzeko borrokan izango dira. 1 Formulara joan edo ez, egunen batean utziko du Rossik motoziklismoa. Ez da beraiek baino zaharragoa, baina ibilbide luzeagoa du, eta ez dirudi beste bi denboraldiz baino gehiago jarraituko duenik. Haydenek eta Melandrik orain hasi behar dute euren palmaresa atontzen, Pedrosak zuzenean Rossiren lekukoa hartu aurretik. Kontuan hartu behar da, gainera, datorren urtetik aurrera zilindroen edukiera murriztu egingo dela. Maila nagusiko motoak gehienez 800 cc-etakoak izango dira, eta gidari guztiek ere zilindroen edukiera horretara lehen aldiz egokitu beharko dute.
990 cc-en azken urtea
500 cc-ak atzean utzi zirenetik lau urte pasatu dira. Lau denborako motorrekin zilindroen edukiera 990 cc-ra pasatu zen, baina antolatzaileak eta moto etxeek orain indarra murriztea erabaki dute. Ducati Desmosedici motoak 2004ko denboraldi-aurrean ia 350 km/h abiadura hartu zuenean alarma gorria piztu zen. Aurten abiadura zaleak bezain eroak diren bi gidari ariko dira bala gorriekin, Loris Capirossi eta Valentino Rossi.
Inoiz munduko txapelketan parte hartu duten moto azkarrenek, ordea, azken denboraldia dute hau. Teorian Honda eta Yamaha motoek 260 zaldi dituzten arren, Hondako arduradunek onartu dute praktikan ukitu egokiekin gehiago dituztela, eta 275 izatera iritsi daitezkeela aurreikusten dute adituek. Lau urte hauetan gidari bat izan da nagusi nabarmen, Valentino Rossi. Kataluniako entrenamendu ofizialetan bikain aritu zen, baina ez Espainiakoetan, eta horrek zalantzak sortu ditu. Oraingoz beste urtebetez Munduko Motoziklismo Txapelketan parte hartzeko pizgarria aurkitu du. Hein handi batean (Ferrarik egin diezaioken kontratu aberatsa alde batera utzita) Pedrosak du bere etorkizunaren giltza.
MOTOZIKLISMOA. MUNDUKO TXAPELKETAREN HASIERA.
Gehien espero zen duelua
Valentino Rossi eta Dani Pedrosa, azken urteetako motoziklismo txapeldun entzutetsuenak, iragana eta etorkizuna, elkarren aurka ariko dira lehen aldiz igandetik aurrera MotoGPn
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu