Txirrindularitza

Geraint Thomas garaile Alpe D'Huezen

Bigarren egunez jarraian irabazi du Geraint Thomasek. Mikel Landak azken kilometroan egin du saiakera, baina Thomasek gurbila hartu dio eta esprintean menderatu du. Thomasek lidertza sendotu du.

2018ko uztailaren 19a
07:08
Entzun

Tourreko 12. etapak, aurtengo etaparik gogorrenak, atzoko protagonista bera izan du helmugan. Alpe D'Huez mitikoan Geraint Thomasek (Sky) azken uneko erritmo aldaketarekin garaitu ditu Tom Dumoulin (Sunweb), Romain Bardet (Ag2r), Chris Froome (Sky) eta Mikel Landa (Movistar). Murgiarrak zazpi segundo galdu ditu helmugan.

Etapak protagonista nabarmen bat izan du: Steven Kruijswijk (Lotto Jumbo). Sailkapen nagusian seigarren zen herbeheretarra liderrarengandik 2.40ra. Kilometro askotan bera izan da behin-behineko liderra. Croix de Ferren, eguneko maila bereziko bigarren mendatean, aurrera egin du herbeheretarrak. Atzean utzi ditu, besteak beste, Mikel Nieve (Mitchelton), Warren Barguil eta Alejandro Valverde (Movistar). Sei minutuko aldea ere izan du, baina Sky atzean martxan jarri da eta lau minutura gerturatu zaio.

Atzo eta herenegun bezala, Skyk hartu du azken igoerako ardura. Helmugatik hamar kilometrora Vincenzo Nibali (Bahrain) saiatu da, baina ezin Skyren nagusitasuna hautsi. Egan Bernalek (Sky) lan bikaina egin du Thomasen eta Froomen mesedetan. Nairo Quintanaren (Movistar), Landaren eta Bardeten erasoak ezerezean utzi ditu. Quintanak ahulezia zantzuak erakutsi ditu helmugatik sei kilometrora. Bernal tropel burutik kendu denean, Thomas Tourreko liderra hartu du ardura. Jarraian iritsi da Froomeren lehen erasoa. Bazirudien tartea zabalduko zuela, baina Dumoulinek, ohi bezala, pixkanaka harrapatu du. Hor amaitu da Kruijswijken abentura. Erritmo aldaketa horietan Landak ederki sufritu du. Bai Nibalik ere. Dirudienez, Nibalik moto bat jo du eta lurrera erori da. Azken kilometroan, Landak urrundik jo du, baina Thomasek azkar hartu du haren gurpila. Esprintean gaur ere, Thomas izan da garaile.

Gaurko etapako galtzailea Nairo Quintana izan da: 47 segundo galdu ditu Movistar taldeko kolonbiarrak. Nibaliren galera, azkenean, ez da hainbestekoa izan; 13 segundo. Thomasek jarraitzen du lider eta orain Froome 1.39ra du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.