Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala

Gerizpean hobeto

Solaskide ona da Aimar Olaizola, gaiak saihesten ez dituzten horietakoa. Goizuetan barrena eginiko osteratxoan denetarik mintzatu da: teknologiaz, ehizaz, datorkion semeaz, lesioak irakatsitakoaz... eta, noski, pilotaz eta finaleko polemikaz.

Aimar Olaizola, Goizuetako ibai alboko etxe zaharrenetako baten aurrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Goizueta
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
L ehen errespetu handiagoa genuen». Aimar Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1978) bere memorian murgildu da, Goizuetako pilotaleku albotik igarotzean. Afizio eta maitasunaren sustraiak bertan hondoratzen dira. «Nagusiak etortzen zirenean joan egin behar zenuen. Orain, aldiz, zailagoa da norbait bidaltzea». Bera, baina, umetan,bizkartzainarekin joaten zen, anaia nagusiarekin. Hala, edozeinek. «Maila oso ona zegoen, nire kuadrillako hiruzpalauk oso ondo jokatzen zuten. Adin desberdinetako jendea ginen». Oraindik ere joaten da bertara, udan bereziki, pilota bigunarekin jokatzera, Jon Apezetxea profesionalarekin, herrikoekin... Baina ez du garai bateko grinarik ikusten. «Guk, umetan, beti eramaten genuen pilota bat poltsikoan. Eskolatik pilotalekura, eta asteburuan han sartuta. Orain, ez dut halakorik ikusten; astean ordu pare bateko entrenamendua eginda zaila da ikastea».

Goiz argia da Goizuetan. Ikusten duen ia orok agurtzen du pilotaria. Euria egin du azken egunetan, eta errekastoak indartsu erortzen dira baso hezeetan behera. Ibaian ur asko dago. Telefonoa jo eta jo dabil, eta Olaizolak ia bost minututik behin eskatzen du barkamena, erantzuteko. Sakelako modernoa da, handia, sagartxoduna. Ia profesional guztiek dute, badago galtza zuriak erostean poltsikoan bat dakarrela dionik. «Ez pentsa, ez naiz oso aditua teknologian. Internet gauzak begiratzeko eta erabiltzen dut. Filmak-eta ez ditut hartzen». Ez Facebookik, ez Twitterrik... Aro berria, baina, iritsi da bere jokora. Manomanista aldatu da, eta Olaizola, hor, abangoardian dago. «Oldarkorrago jokatzen dut. Beharrezkoa da, airez sartu behar duzu; botera jartzen bazara, asko egin behar duzu atzera, are gehiago pilota hauekin». Eta pilotak? Esaten duten bezala, Aimarren pilota aldatu al da? «Ez, betikoak hautatzen ditut. Irujoren aurka ikusi zen».

Ez dago sare sozialetan murgilduta, baina ez ditu behar ere izan, buruz buruko finalaren aurreko polemikaren oihartzunak jasotzeko. «Gauza arraro asko egon dira, ulertzen ez ditudanak». Eliz atarian hautsi da lasaitasuna. «Xala amorratuta egotea ulertzen nuen, ni ere hala nengoke. Ondo iruditu zitzaidan egin zuena, berea zena defendatzen ari zen. Nik esan nuen ez neukala itxaroteko arazorik, eta berak jokatzea merezi zuela. Hori bai, ez zait gustatzen jendeak esatea gaixoa ni banintz finala hasieratik atzeratuko luketela». Azken asteak «luzeak» egin zaizkiola onartu du, eta makina bat bidaia egin ditu Bilbora. Jokatzeko irrikan dago, finala irits dadila.

Elizaren albotik doa ibaia, eta ertzetik paseotxoa. Geldialdi bat argazkia ateratzeko. «Nik hemen asko egin dut arrantzan, amuarrainak. Hiru urtez debekatuta egon da, eta orain gutxiago daude». Hondarribira (Gipuzkoa) bildua da orain, baina arrantza motak desberdinak dira. «Hemen ibiltzen egiten da arrantzan, euliarekin». Udan jende asko gerturatzen da Goizuetara, eta Aimarri jende orok bere herriarekiko duen chauvinista txiki hori azaleratu zaio. «Festak oso onak dira, abuztuan. Ia astebete da, egun osoan, tabernak ez dituzte ixten, garbitzeko bakarrik. Jende gazte asko etortzen da». Gazteei buruz hitz eginez, pilota enpresen fitxatze politikaz hartu du hizpide. «Lehen gehiago erakutsi behar zen profesionaletara pasatzeko. Aspek askori ireki zizkigun ateak, baina gehiago erakutsi behar zen afizionatuetan. Orain 14 eta 15 urterekin aurrekontratuak sinatzen dituzte, harrigarria da... 20 urteak pasa arte ezin da jakin gorputza nola izango den».

Eguzkiak jotzen du, eta Olaizolak zuhaitzen itzala bilatu du, hitz egiten jarraitzeko. «Zergatik jarri zara eguzkitan?», kazetariari, «etorri itzaletara, eguzkiak nerbioa kentzen du». Solaskidearen harridura aurpegiak azalpen luzeagoa ekarri du. «Pilotari zaharrek esaten dute eguzkiak nerbioa kentzen duela. Ez zaizu inoiz pasatu? Eguzkitan ordu pare bat pasatu, eta tentsioa galdu egiten du gorputzak». Hala bada, hobe itzaletara. Aholkua pilotari gazteentzat, gustuko du rol hori. «Gustuko dut pilotari gazteekin entrenatzea, inoiz ez dut inongo kexarik izan. Gainera, zerbait ondo egiten ez dutela ikusten badut zuzentzen saiatzen naiz, eta ni ere zuzen nazaten gustatzen zait. Niri pilotan asko falta zait ikasteko, bizitzan bezala...». StephaneLemunorekin aritu da entrenatzen azkenaldian, eta gustatu zaio. «Entrenamenduetan maila bikaina ematen du; kantxan maila bera emango balu, Bigarren Mailako txapeldun izateko hautagai sendoa litzateke». Enpresako gazteren bat nabarmentzeko eskatuta, ez du izenik eman. Gehiago estututa, bat bota du: Jon Ander Albisu. «Gustatzen zait, bi esku on ditu... pilotaria da».

«Oso maniatikoa naiz». Ibai alboko geldialdia luzea izaten ari da, eta takoez mintzatzeak ekarri du konfesio bitxia. «Inork ez ditu nik bezala jartzen, tako egilea harrituta du. Esku mamian zinta oso lodia jartzen dut, eta gero hatz lodia ere ondo babesten dut». Ez da mania bakarra. «Partiden aurretik gauza berdinak egiten saiatzen naiz, bueltaxka bera eman, toki berdinetara joan, gauza berdinak egin...». Eta final honen aurretik? Klasiko bat: ehiza zakurrak. «Txakurkumeak izateko zorian dago bat, eta hori zaindu behar dugu. Pare bat etxerako izango dira, eta besteak hitzartuta ditut. Ezaguna da nire pasioa ehiza dela, eta gustuko dut txakurrak heztea. Txakurrak goiz hasi behar du ehizean ikasten, irakatsi egin behar zaie».

Aurki, aita

Hazi, gazteei irakatsi… aita ona izango da. Gaiak irribarrea azaleratu dio aurpegian. «Ez dakit bada aita ona izango naizen, hori gerora ikusi beharko da. Hilabete batzuk barru ikusiko dugu, hor ere egunero ikasiko da». Irrikan dago, baina abuzturako espero dute. «Aita izateko desiratzen nago, semearekin denbora asko pasatzen duten horietakoa izango naiz, gustuko ditut umeak». Semea esan du, baina duela hilabete bat arte alaba espero zuten. «Horregatik ez dugu izena erabaki oraindik, nik motza nahiko nuke, eta modernoa».

Pilotaria izanda, abuztuan aita izateak badu bere arriskua, ez litzatekeelako harritzekoa Olaizola etxetik kanpo egotea. «Bertan egon nahiko nuke une horretan, baina pasa daiteke kanpoan egotea. Hitz egin dugu gaiaz.Ez nintzateke izango halako zerbait gertatzen zaion lehen pilotaria». Eta pilota, geneetan al doa? «Nahi badu jokatuko du, baina berez joango da pilotalekura, ni ez naiz izango pilotalekura behartuta eramaten duten aita horietakoa».

Goizuetako zubira itzulita amaitzen da osteratxoa, eta berriz ere gerizpea bilatu du. Olaizolak herrenka egiten duela dirudi; «jende askok esaten dit, nire ibiltzeko modua da». Belauneko lesioa dator burura. «Erabat sendatuta nago, nik uste baino hobeto. Urtezahar egunean bi final jokatuko nituela esan balidate…». Lau t'erdian jokatzea buruz buru aritzea baino gehiago gustatzen zaiola ez du ezkutatu, baina badaki manomanistak duela pisua historian. «Eman eta kendu egiten duen txapelketa da, txapelik garrantzitsuena da. Hori bai, aurtengoa bezain manomanista arrarorik ez dut ezagutu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.