Bakoitzari egokitutako prestaketa» eta «gehiegizko ahaleginaren prebentzioa». Bi kontzeptu horiek daude Zamudioko Genetadi enpresak eta Euskaltel-Euskadik elkarlanean garatutako programaren atzean. «Ahaleginaren azterketa metabolikoa eta txirrindularien indarberritzea». Izen hori du programak. «Giharretako energiaren produkzioa oinarri hartuta, txirrindulari bakoitzaren markatzaile metabolikoak aurkitzea da helburua», argitu du Guillermo Cuesta Euskaltel-Euskadiko medikuak. Hitz gutxitan, txirrindulari bakoitzaren une oroko egoeraren berri izateko, kirolariaren ahaleginaren beste adierazgarri batzuk aurkitzea da xedea.
Txirrindularitza hainbat esparrutatik aztertu izan da orain arte, bai laborategietan eta bai lehiaketan bertan. Biokimika beste pauso bat da, eta asmoa, Cuestak azaldu duenez, « markatzaile biologikoak aztertuz txirrindularien gehiegizko ahaleginari aurrea hartzea». Gehiegizko neke hori pairatzen hasi aurretik detektatuz gero, bioteknologiari esker errendimenduaren muga areagotzeko modua dago.
Baina zer da markatzaile biologikoa? «Detekta eta kuantifika daitekeen eta zertzelada fisiologikoak adierazten dituen organismoaren edozein osagai». Adibide batekin argitu du Cuestak esanahia. «Diabetikoen kasuan, glukosa maila aztertzen da markatzaile gisa, eta horren arabera zehazten da intsulina dosia».
2009ko Frantziako Tourrean hasi zen Euskaltel-Euskadi proiektua garatzen. Ordutik 1.000 lagin bildu dituzte, eta lagin horietan une berean 50 parametro azter daitezke. «Goizean goiz hartzen da lehen odol lagina, eta ahaleginaren ondoren bigarrena. Laginetan, giharretako energia produkzioaren arabera, odoleko metabolito kopurua aztertzen da».
Datu asko lortzen dituzte, eta, Cuestaren hitzetan, jakina da azterketaren ondorio praktikoa. «Txirrindulariaren une jakin bakoitzeko beharren arabera, lehiaketan bertan produktu zehatz batzuk ematen zaizkio, eta indarberritze prozesua ere bakoitzari egokitutakoa izaten da». Hori bai, Euskaltel-Euskadiko medikuak argi utzi du «dieta» dela prozesu horretako «oinarri nagusia». «Perfil metaboliko eta lehiaketako une zehatz batzuetan, ordea, ez da nahikoa dieta hori, eta beharrezkoa izaten da laguntza gehigarria».
Cuestaren iritziz, «oso zaila» da programari esker txirrindulariak zenbateko hobekuntza izan dezakeen neurtzea. «Markatzaile biologikoetan %10-15eko hobekuntza lortzen da; baina, noski, kopuru hori ez dago errendimenduari zehatz-mehatz lotuta». Genetadi enpresarekin landutako proiektua «errendimendua hobetzeko lagungarri bat gehiago» dela argitu du. «Muturreko nekea aurreikusteko lagungarria». Izan ere, medikuaren hitzetan, «muturreko nekea pairatu ondoren zailagoa da gorputza bere onera ekartzea». Horregatik da hain garrantzitsua « aurrea hartzea».
Geroz eta pedalkada zehatzagoak
Zamudioko Genetadi enpresak eta Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeak odol laginen bitartez «kirolarien markatzaile metabolikoak aurkitzeko» programa bat abiarazi dute errendimendua hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu