Iris Mbulito: «Gertatutako horri guztiari esker naiz gaur egun naizena»

Gozotik gazira alde txikia dago kirol profesionalean. Horren adibide argia da Iris Mbulito. Lesioak eta osasun mentala direla medio, bere ametsa alde batean laga, eta saskibaloia uztea erabaki zuen. Bi urteren ostean itzuli da, eta IDK-n ari da orain.

(ID_13552549) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-01-31, Donostia. Iris Mbulito , IDKra iritsi berria den jokalaria
Iris Mbulito, IDK-ko jokalaria, Gaskako atarian (Jon Urbe / Foku)
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2024ko otsailaren 2a
05:10
Entzun

Hiru euskal taldeek gaur jokatuko dute Ohorezko Mailan. Araskik eta Gernikak Estudiantesi eta Ferroli egingo diete bisita (20:00). IDK-k, berriz, Celta hartuko du gaur, Gaskan (20:00). Iris Mbulitok (Las Palmas, Espainia, 1999) hilabete eskas darama Donostian, baina taldekideek «taldearen parte» sentiarazi dutela dio. Ibilbide zaila izan du donostiarren azken fitxaketak. Gazte mailetan berehala nabarmendu zen, eta hamalau urterekin egin zuen debuta Ohorezko Mailan —hori lortu duen jokalari gazteena da—. Ondoen zegoenean belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen. Lesioak, antsietatea eta depresioa bata bestearen atzetik kateatu ditu, eta 2021ean, 21 urte zituela, erabaki zuen denbora batez uztea saskibaloia. Iazko udan itzultzea erabaki zuen, eta, zulo beltzetik aterata, berriro irribarre egitea lortu du.

Donostiara iritsi berria zara. Nolakoa izan da egokitzapena? Zer emango diozu taldeari?

Ez naiz talde ezezagun batera etorri. Taldeko kide batzuk ezagutzen nituen; baita Azu ere [Muguruza], harekin Espainiako selekzioan egon nintzen gazte mailetan. Alde horretatik ez da aldaketa hain handia izan. Denbora gutxi daramat, baina taldekideek ezin hobeto hartu naute, eta taldearen parte sentitzen naiz. Kanarietakoarekin alderatuta oso klima desberdina da Donostian daukazuena, baina oso gustura nago. Defentsako lana, adorea eta moldatzeko gaitasuna eman diezaioket taldeari. Orain arte lan bikaina egin dute nire taldekideek, eta haien lana osatzera nator.

Celta izango duzue aurkari. Talde igo berria, baina behetik gora datorrena. Nolako partida espero duzu?

Liga honek ezaugarri on bat dauka: partida bakoitza oso desberdina dela aurrekoarekin alderatuta. Edozein aurkarik ataka estuan jarri zaitzake, eta aurkaria errespetatu ezean, jai daukazu. Celtaren aurkako partida oso fisikoa izango dela uste dut. Eta oso kontzentratuta aritu beharko dugu bakoitzak bere onena eman dezan.

Zure ibilbidea ez da ohikoena. Txikitatik nabarmendu zara, eta beti egon izan zara fokupean. 14 urterekin egin zenuen debuta Ohorezko Mailan... Nola oroitzen dituzu garai haiek?

Une hartan ez zitzaidan hain gauza handia iruditu, ni jokoan kontzentratuta bainengoen. Jokalari bikainak nituen alboan eta egunero ikasi nahi nuen haiengandik. Orain bai, atzera begiratzean, jabetu naiz pertsona askok konfiantza handia izan zutela nigan, eta aukera mordoa eman zidaten. Beti sentitu naiz maitatua Kanaria Handian eta Espainiako selekzioan. Zorte handia izan nuen gauzak ondo irten zirelako, baina lan handia egin nuen. 

14 urteko gazte bat psikologikoki prestatuta egon daiteke horretarako?

Ez dakit ni prest nengoen edo ez, baina, zorionez, gauzak ongi atera ziren. Argi dago ez dela ohikoena, eta oso gauza zaila dela, baina nire aldeko apustua egin zuen zenbaitek, eta nik asko ikasi nuen partida eta entrenamendu bakoitzean. Hortaz, esker ona erakustea besterik ez zait geratzen.

15 urterekin hautsi zenuen belauneko lotailu gurutzatua. Kolpea eta inflexio puntua...

Hala da, garai gozoan nengoen. Gauzak oso ondo ateratzen ari zitzaizkidan. Ohorezko Mailan minutu dezente jokatzen ari nintzen, eta gazte mailetako Espainiako selekzioetan ere jokalari garrantzitsua nintzen. Inoiz ez zaizu burutik pasa ere egiten min hartzea, eta are gutxiago horrelako lesio bat izatea. Denbora asko egin nuen geldirik, baina behar baino gutxiago. Ez nituen errespetatu errekuperazio denborak, eta behar baino lehen itzultzeagatik berriro operatu behar izan ninduten lesioa izan eta zazpi hilabetera. Ia hamar urte pasatu dira, eta esan dezaket ikasi dudala. Lesio bakoitzak bere denbora behar du, eta jokatzeko grina kalterako izan zen azkenean.

18 urterekin Estatu Batuetara jo zenuen, unibertsitatea eta saskibaloia uztartzera. Hor antsietatea eta depresioa ezagutu zenituen. Zaila izan zen onartzea edo psikologoarenera joatea?

Niri ez zitzaidan zaila egin psikologoarenera joatea, azken finean unibertsitateak eskaintzen zidan laguntza hori zelako. Fisioterapeutarekin harreman ona neukan, hainbeste denbora min hartuta egoten nintzenez lan ugari egin behar izaten bainuen harekin. Pisua galdu nuen, eta lo egiteko zailtasunak nituen. Gainera, ni oso neska alaia naiz beti, eta saminkorra nintzen garai hartan. Fisioterapeuta hura izan zen nire egoeraz ohartzen lehenengoa. Neure barruan zerbait gaizki zegoela, gauzak ez zeudela ondo. Entrenatzailearekin hitz egin zuen, eta haiei esker hasi nintzen psikologoarekin. Espainian ez zen askorik hitz egiten horri buruz, eta ez neukan erreferentziarik. Ez onerako, ezta txarrerako ere. Hemeretzi urte nituen, eta ez neukan depresioaren edo antsietatearen berri. Niretzat ez zen gai tabu bat, ezagutzen ez nuen zerbait baizik. Zulo beltz handi bat izan zen, baina laguntzari esker ateratzea lortu nuen.

Nik aldaketa bat nahi nuen nire bizitzan, eta horregatik joan nintzen Estatu Batuetara. Saskibaloian jokatzera joan nintzen, noski, baina niretzat hori baino gehiago zen. Ingelesa ikastea, ikasketekin jarraitzea, kultura berriak ezagutzea, lagun berriak egitea...  Nire kasuan, gauzak ilundu egin ziren osasun mentalaren eta lesioen ondorioz. Nire egunerokotasuna oso zaila zen, nik banekielako gaizki nengoela, baina ez nekielako zergatik. Gertatutako horri guztiari esker naiz gaur egun naizena. Beste modu batera heldu naiz.

«Une horretan ez zen zaila izan saskibaloia gorrotatzea. Asko sufritu nuen. Lesio bakarrari aurre egitea zaila bada, imajinatu hainbeste edukitzea».

Zaila edo arraroa izango da ordura arte hainbeste maitatutako zerbait ia gorrotatu ere egitea.

Orduan ez zen zaila izan saskibaloia gorrotatzea [barrez]. Asko sufritu nuen. Lesio bakarrari aurre egitea zaila bada, imajinatu hainbeste edukitzea. Lesio bat bestearen atzetik kateatuta, azkenean ia hiru urte egin nituen jarraitutasunik gabe. Are, saskibaloia min hartzearekin lotu nuen, eta entrenamendu guztietan pentsatzen nuen: «Ea zer gertatzen zaidan gaur», «ea ez dudan minik hartzen». Horrek trauma bat sortu zidan, eta ez nekien nola atera hortik. Finean, Estatu Batuetara beka batekin joan nintzen, eta zuk ezin duzu erabaki eta esan: «Gaur ez dut entrenamendura joan nahi». Kirolari batentzat beti da zaila geldirik egotea, eta niri asko areagotu zitzaidan hori. Onartzea besterik ez da gelditzen, eta laguntzarekin aurrera egiten ahalegintzea.

21 urterekin gelditzea erabaki zenuen, denbora batez saskibaloia uztea. Zer izan zen zailagoa, erabakia barneratzea edo erabakiaren berri eman behar izatea?

Biak izan ziren zailak niretzat. Urte askoan nire egunerokoaren parte izan zen saskibaloia, eta bat-batean uztea erabaki zaila da, hobe beharrez hartutako erabakia bada ere. Gaizki nengoen, eta erabaki egokiena hori zen. Sare sozialetan jakinaraztea ere gogorra izan zen. Banekien egin behar nuen zerbait zela, baina fokupean sentituko nintzen berriro ere, eta nik saskibaloitik aldendu nahi nuen. Hala ere, nire onerako, maitasun handia jaso nuen sare sozialetan erabakiaren berri ematerakoan, eta horrek ere asko lagundu zidan.

Duela sei hilabete inguru itzuli zinen kantxara. Min hartzeari beldurra hartu diozu?

IDK-n lan egiteko modu profesionala daukate fisioterapeutek, prestatzaile fisikoek eta entrenatzaile taldeak. Iritsi berritan ebaluazio bat egin zidaten, eta kargak asko neurtzen ditugu. Zenbat eta nola entrenatu. Oso zaindua sentitzen naiz, eta ez dut beldurrik sentitzen. Badakit edonoiz beste lesio bat irits daitekeela, baina gure lanaren parte da, eta hala hartu behar dut. Gaur-gaurkoz, disfrutatzen ari naiz.

Zer irakaspen atera duzu zure ibilbidean? Zer esango zenioke zuri jazotakoaren antzeko zerbait gertatu zaion gazte bati?

Gertatu zaidan guztiarekin asko ikasi dut: osasuntsu egoteari balioa ematen, nire gorputzari entzuten eta, batez ere, neure burua zaintzen. Gainera, nik hala nahi edo ez, gazteentzako eredu bat izan naiz askotan. Erreferentzia modura hartzeko balio badie, poztuko naiz. Garrantzitsua da eredu bat izatea; azken finean, gaixo dagoen norbaitek edo lesioak bata bestearen atzetik kateatzen dituen norbaitek askotan pentsatuko baitu ez dela behar bezain indartsua, edo ez duela balio egin nahi duen hori egiteko. Baina profesionalen eta albokoen laguntzarekin aurrera egitea lortzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.