Gertu bezain urrun daukate Erroma

Txapeldunen Ligako final-laurdenetako eta finalerdietako zozketak ez die finalerako biderik erraztu lehian dirauten zortzi taldeei

Aitor Manterola Garate.
2009ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Atzo zozkatu zituzten Txapeldunen Ligako final-laurdenetako eta finalerdietako kanporaketak Nyonen (Suitza), eta oro har, neurketa parekatuak gelditu dira, Manchester Unitedek eta Portok jokatuko dutena izan ezik. Gainerakoan, ez da faborito argirik beste hiru lehietan: Vila-real eta Arsenal antzeko taldeak dira, Bartzelona eta Bayern Munichen artekoa ere estua izan daiteke, eta zer esanik ez Liverpoolek eta Chelseak jokatuko dutena.

Ezin da esan zortzi taldeetako batek Erromako finala gertu duenik. Txapelketaren azken txanpara heldu dira, eta, horregatik, pentsa daiteke hurbil dutela finala, baina zozketak esan die urrun daukatela oraindik.

Vila-real-Arsenal. Bi baloirekin ariko balira...

Oso antzeko taldeak dira biak. Jokatzeko moduan, eta beren Ligetan egiten ari diren ibilian. Baloiaren jabetzan oinarritzen dira kataluniarrak eta ingelesak. Baloia beharrezkoa dute. Baloia kontrolpean izatera jokatuko dute biek, baina batek bakarrik lortuko du helburua. Besteari sufritzea tokatuko zaio. Horregatik, akaso, baloirik gabeko momentuak ondoen gainditzen dituen taldeak egin dezake aurrera. Gehien menderatzen ez duten arloan ondoen moldatzen denak, alegia.

2005-06ko Txapeldunen Ligan, finalerdietan jokatu zuten elkarren aurka, eta Arsenalek gainditu zuen Vila-real. Joanekoan, Londresen, 1-0 irabazi zuten ingelesek, eta itzulikoan ez zen golik izan. Riquelmek izan zuen aukera ederra 90. minutuan, baina Lehmanek gelditu zion penaltia.

Manchester United-Porto. Ingelesen mende dago

Hauxe da faborito argia daukan kanporaketa bakarra. Manchester United Porto baino askoz hobea da, eta, horregatik, ingelesen mende dago azken emaitza. Daukan onena ematen badute, batere aukerarik ez dute izango portugaldarrek. Pixka bat lasaituta ere, Fergusonen jokalariak dira faboritoak. Finalerdietan ez sartzeko, bi partidak harrika bota beharko lituzkete. Portugaldarren aldeko izan daiteke itzuliko partida etxean jokatzea, baina horrek esan nahi du joanekoan bizirik eutsi behar diotela kanporaketari Old Trafforden. Eta horixe da zailena, agian.

2003-04ko txapelketan, final-laurdenetan lehiatu ziren, eta Portok egin zuen aurrera. Joanekoan, etxean, 2-1 irabazi zuen, eta kanpoan 1-1 berdindu. Gero txapeldun izan zen.

Liverpool-Chelsea. Txapeldunen Ligako derbia

Lehiaketako klasikoa bihurtu da Ingalaterrako bi taldeen arteko kanporaketa, urteen buruan. 2005ean, 2007an, eta 2008an finalerdiak jokatu zituzten, eta 2005-06koan elkarren aurka aritu ziren ligaxkan. Finalerdi horietan, bi aldiz nagusitu zen Liverpool, eta iaz Chelsea sartu zen finalean.

Biak oinarritzen dira sendotasunean. Oso talde trinkoak dira. Baina badute beste ezaugarri bat ere: oso-oso arriskutsuak dira azken metroetan. Osagai guztiak dituzte Erromako finalean izateko, baina bietako bat aukerarik gabe geldituko da. Biak ari dira emaitza onak lortzen azkenaldian, eta bi partida gogoangarri eskaintzeko baliabide guztiak dituzte.

Bartzelona-Bayern Munich. Bat hazita, eta bestea hazten

Kataluniarrek eta alemaniarrek egitasmo berriei ekin zieten denboraldi hasieran. Bartzelonak batere titulurik ez zuelako irabazi azken bi sasoietan, eta Bayern Munichek entrenatzaile berri baten aroari ekin ziolako Jurgen Klinsmannekin.Hazteko bideari ekin zioten, baina Bartzelona azkarrago hazi da. Espainiako Ligan eta Txapeldunen Ligan hankapean ibili ditu ia aurkari gehienak. Bayern geldoago dabil. Gorabehera handiekin. Ez da erregularra, baina azkenaldian ematen du gorantz egin duela.

Lau bider lehiatu dira Europan azken urteetan, eta denetan alemaniarrak nagusitu dira. Azkenekoz Txapeldunen Ligan izan zen, 1998-99ko sasoian, ligaxkan, eta Bayernek 1-0 irabazi zuen Munichen, eta 1-2 Bartzelonan. Historia iraultzeko aukera dute kataluniarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.