Dagoeneko inori ez zaio arrotz egiten Realean atezain txiletar bat ikustea, baina garai batean pentsaezina zen postu horretan atzerritar bat ikustea. Hala azaldu dio Claudio Bravok (Viluco, Txile, 1983) BERRIAri. «Zaila da kanpotik hona etortzea, jakinda Espainiako atezainik onenak Realean jokatu zuela [Luis Miguel Arkonadaz ari da]. Kaletik askotan esaten zidaten ea banekien nork jokatu zuen hemen. Euskal atezainen tradizio bikaina du Realak, baina, lanean ondo aritzen bazara eta zeure buruan sinesten baduzu, gauzak ateratzen dira. Gol bat eta guzti sartzeko eta Realaren historian sartzeko balio izan zidan». Ia bost urte daramatza jada Donostian, eta iraganaz zein orainaz mintzatu da.
Ez duzue partida makala bihar.
Ez. Irabaztera joan behar dugu. Gauzak zaildu egin dira, genuen abantaila murriztu delako, eta inoiz baino premia handiagoa dugu lehenbailehen irabazi eta bolada txarra mozteko.
Nola ikusten duzu Atletico Madril?
Aurkari sendoa da. Oso jokalari arriskutsuak dauzka, horrelako norgehiagokak jokatzera ohituta daudenak, gainera. Partida onak eta txarrak tartekatzen ditu, eta batzuetan, oso ondo jokatu ondoren, hurrengo partidan gauzak ez zaizkio ateratzen. Ea igandean arratsalde txarra duen, eta guk aldiz, oso ona.
Etxean bost partida galdu ditu.
Agian horregatik ez dago sailkapenean espero zuen eta askok uste zuten tokian, baina jakin behar dugu oso partida onak egin dituela eta talde zailei irabazi diela. Arriskutsua da, edonon jokatzen duela ere. Aurrealdean, goi mailako jokalariak dauzka. Hiru jardunaldi min hartuta egon ondoren, gola sartzen dute hurrengoan.
Nola jokatu behar du Realak?
Lasai, beldurrik gabe, eta gure nortasunarekin. Ezin gara zelaira urduri atera, eta ezin gara itsutu lehen minutuetan gola sartzearekin. Partida landu beharko dugu.
Giro bortitzerako prest zaudete?
Bai. Han jokatutakoa naiz, eta ez dauka zerikusirik beste zelaiekin. Zaleek bestelako oihuak egiten dituzte. Baina badakigu zer dagoen. Futbolean jokatzera goaz, eta presioa motibatzeko akuilu bihurtu behar dugu.
Gelditu bikainak egin zenituen Vicente Calderonen orain lau sasoi.
Bai. Bana gelditu ginen, eta oso oroitzapen onak dauzkat. Ea orduko sentsazioa errepikatzerik badudan, taldeari hiru puntuak lortzen laguntzeko. Denboraldi zaila izan zen, gauzak ez zirelako nahi bezala atera, baina denborarekin buelta eman diogu; zorionez egon behar duen tokian dago Reala, eta bertan luzaroan jarraitzeko borrokatuko gara.
Zer gertatu zaio taldeari?
Zaila da azaltzen. Duela zenbait aste Europako postuetatik hiru puntura geunden, eta orain arriskua gertuago dugu, baina ezin gara larritu. Talde bera gara, eta lanean jarraitzeko lasaitasuna izan behar dugu, lehengora itzultzeko: oldarkorra izateaz gain ondo jokatzen zuen talde horretara. Seguru nago.
Ulertzen duzu zale asko etsita egotea?
Logikoa da, geuk eman genielako gugan sinesteko eta bestelako helburuetan pentsatzeko aukera.
Erraztasun gehiegi eman dituzue partidetan?
Defentsan hobetu behar dugu. Anoetan 1-0 irabazi izan dugu sarritan. Markagailu estuekin irabazi izan ditugu partidak. Atea hutsean uzten eta kontzentratuta jokatzen ahalegindu behar dugu.
Etxeko azken bi porrotak izan dira gogorrenak?
Mingarria da etxean galtzea, batez ere horrela galtzea. Burutik ez zaizu pasatzen azken sailkatua hona etorri eta erraz irabaztea. Triste gelditzen zara, jendeak ahalegina egiten duelako estadioa betetzeko eta gu babesteko, eta helburua lortzeko partida erabakigarriak direlako.
Halako egoeretan, Realak aldagela barruan dituen lotura sendoen garrantzia azpimarratu du aste honetan Mikel Aranburuk. Bat zatoz?
Bai. Ziurrenik bizipen txar gehiago eduki ditugu onak baino, denok elkarrekin. Badakigu bakoitzak nola funtzionatzen duen. Azkenean, taldekideak eta gertukoak dira sendo egiten zaituztenak, eta gauzak gaizki doazenean makulu direnak.
Zer moduz doakizu denboraldia?
Oso ondo. Lasai nago. Urteen joanarekin hobeto sentitzen naiz, eta beste heldutasun batekin egiten diet aurre partidei, baina badut egoera honetan ezintasun apur bat. Askotan etxera triste zoaz, ondo jokatu eta taldeak puntuak lortzea nahi duzulako, baina ez delako betetzen, eta ez delako norberak hainbeste espero duen partida agertzen.
Lehen itzulian baino gutxiago ari zara nabarmentzen orain?
Ez dut uste. Baina begibistakoa da taldeak behera egin duela eta guztiok dugula gure erantzukizuna.
Talde ugarik omen zuten zu fitxatzeko interesa, baina azkenean Realarekin kontratua berritzea erabaki zenuen. Zergatik?
Munduko Kopara joan aurretik hartutako erabakia da, familiarekin ondo hausnartutakoa. Klubak eta zaleek nola tratatu nauten pentsatuz hartutakoa. Beti esan dut asko pozten nauela hona iritsi izanak, eta ahal dudan neurrian, Europara ekarri ninduen klubari laguntzeko dena emango dudala, hori egin duelako klubak nirekin.
Bosgarren sasoia duzu Realean.
Bai, eta kontuak ateratzen baditugu, gehiago jokatu dut hemen Txilen baino. Hasieran ez nuen espero hemen hainbeste egotea, baina denbora asko daramat familiarekin, eta oso gustura gaude.
Zure jaioterrian izarra izan arren, ordezko izatea onartu zenuen Realean.
Bigarren Mailako lehen urtean ez jokatzea egokitu zitzaidan. Jakin behar duzu hau lanbide bat dela, eta badaudela jokatzeko eskubide bera duten taldekideak. Beste bati egokitu zitzaion, eta ezin hobeto aritu zen. Ez zegoen zertaz kexatu. Eta hain ondo aritu ez balitz ere ez zegoen zer erreklamatu, entrenatzailearen erabakia zelako.
Claudio Bravo. Realeko jokalaria
«Gertuago dugu arriskua, baina ezin gara larritu»
Autokritika alde batera utzi gabe, Realak lanean jarraitzeko «lasaitasuna» eduki behar duela uste du atezain txiletarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu