Talentua, giharrak, gaitasun fisikoa, adimena. Zerk agintzen du intentsitate handiko kirol diziplina batean? Zer da erabakigarriagoa saskibaloian? Zer esan buruko indarrari buruz? Fedea beste edozein baliabide baino indartsuagoa izan liteke. Sinestea. Zein da talde hobea, Frantzia edo Espainia? Erratzeko beldurrik gabe, Espainia. Horrek gaur Lituanian Europako Txapelketako urrezko domina irabaziko duela esan nahi al du? Ez. Faborito da Espainia, baina historian ugari dira faborito argi izan eta esku-hutsik geratu diren taldeen pasadizoak.
Zaila da Espainiaren ahuluneak nabarmentzea. Dena ez, baina ia dena daukate. Haien atal indartsuenak aipatzen hasi, eta zerrenda bukaezina da. Buruko indarrari buruzkoa da denetan interesgarriena. Irabazten ohitua dagoen talde bat da, arrakasta nola lortzen den badakiena. Euren gaitasunean sinesten dute, eta horren kontra egitea ez da erraza. Ez dago Espainia bezain talde onik munduan. Ez azken bost urteetan behintzat. Munduko txapeldun izan zen Japonian 2006an; txapeldunordea Pekingo Olinpiar Jokoetan, finala AEBen aurka justu-justu galduta; eta Europako txapeldun 2009an Polonian. Zilarra ere lortu zuen 2007ko Europako txapelketan, Madrilen.
Bost urteko epe horretan jokalari mugimendu handia ezagutu du Espainiak. Batzuk joan, besteak etorri, baina guztietan, oinarri berbera: Jose Manuel Calderon joko antolatzaile bikaina, Juan Carlos Navarro eskolta saskiratzaile petoa eta, nola ez, Pau Gasol pibota, NBAko jokalari europar onena, Dirk Nowitzkirekin batera. Bizkarrezur trinkoa osatzen du zuhaitz horrek, eta Lituanian dauzkan adarrak ere ez dira makalak: Marc Gasol, Rudy Fernandez, Ricky Rubio, Serge Ibaka, Felipe Reyes, Llull, San Emeterio, Sada... Espainiako selekzioko sei jokalarik jokatzen dute NBAn, munduko liga onenean, baina zazpi ere izan zitezkeen Navarrorekin. Sergio Llullek ere han dauka etorkizuna.
Nola mugatu partidako 40 puntu ziurtatzen duen bikotea? Navarro geldiezina da bero-bero dagoenean (35 puntu Mazedoniaren aurkako finalerdian), eta Pau Gasol ere joko antolatzaile arima duen pibot adimentsua da. Nola atera saskipetik Marc Gasol morroskoa edo nola saihestu Ibakaren beso luzeak eta txapelak jartzeko gaitasuna? Ricky Rubioren imajinazioa? Edo Rudy Fernandezen hiruko jaurtiketa festa? Espainiak beste inork baino talentu gehiago dauka, eta horregatik da hautagai sendoa. Talentua ez delako bukatzen. Komeni Scarioloren taldearen beste dohain garrantzitsu bat gogora ekartzea: defentsan egiten duten lan ona. Izan dituzte despiste batzuk Lituanian; aurkariaren jokoan erori eta defentsako lana apur bat alboratu. Baina finalean ez da halakorik gertatuko.
Beso luzeen selekzioa
Frantziak ere badauka talentua. Handia, baina ez Espainiak adinakoa. Munduan oso jokalari gutxik egiten baitute Tony Parkerrek egiten duena: barneraldi eraginkorrak, lauzpabost metroko jaurtiketetan txukun, hirukoetan ere gaizki ez, eta gidaritzan ondo, taldekideak neurrian elikatuz asistentzia onekin. Parkerrek 22 puntu lortu ditu ia partidako, eta erantzukizuna hartu behar badu, ez da dardarka hasiko. Ez alferrik, San Antonio Spurseko lemazainak NBAko hiru eraztun irabazi ditu (2003, 2005 eta 2007).
Frantziak beste bi makulu ditu: Nicolas Batum hegalekoa eta Joakim Noah pibot borrokalaria. Batum da, hain zuzen ere, finaleko gakoetako bat. 2,05 da luzean, oso garaia 2-3 postuetan jokatzeko, eta Espainiak ez dauka haren zaintzaz arduratuko den jokalari egokirik. Espainiako hegalekoak txikiak dira, bi metroz azpikoak, eta Frantzia gabezia horri etekina ateratzen saiatuko da ziur. Orain dela astebete gertatutakoa gogoratzea komeni. Elkarren aurka jokatu zuten Espainiak eta Frantziak, bigarren fasearen bukaeran, eta tentsiorik gabeko norgehiagoka izanda ere, Batumek min handia egin zion Rudy Fernandez bere parekoari. Batum zitala da kontraerasoak bukatzen, eta hirukoetan ere oso portzentaje ona lortzen ari da, batez ere jaurtiketa trantsizio azkarra egin ondoren egiten duenean.
Joakim Noahek ere funtsezko lana egiten du Frantzian. Ez du luze gogoratzeko moduko zenbakirik lortzen, baina zenbakiek erakusten ez dituzten gauza asko egiten ditu. Ondo, gainera. Aurkarien barneraldiak oztopatu, adibidez, edo berak bereganatzen ez dituen erreboteak taldekideek har ditzaten lagundu. Noah trebea da oso defentsan, eta finalean lana egin beharko du beltz Gasol anaiak eta Serge Ibaka kamusteko.
Izenez gain, izana dauka Frantziak. Alegia, nola jardun jakin badakiela. Beso luzeko jokalariak dira Frantziakoak, gihartsuak, eta fisikoki dohatsuak oso: Diaw, Florent Pietrus, Ali Traore, Gelabale, De Colo... Horregatik AEBetan depletion esaten dioten teknika erabiltzen dute: nekea. Nekea, aurkariari eragin nahi zaiona. Nola? Etengabe erasoko errebotea bilatuz, aurkariaren baloi irteera oztopatuz, jokaldia antolatzeko denbora gutxiago izateko; barneraldi guztietan eskuak erabiliz, asistentzia errazak saihesteko, eta jaurtiketa oro deseroso izan dadin saiatuz. Neke fisikoak gauza asko alda ditzakeelako, baina buruko nekeak dena.
Giharra eta talentua
Espainia munduko selekzio onena izan da azken bost urteetan, eta urte bolada hori biribiltzeko hautagaia da, urrea lortutaParker, Batum, Noah eta taldearen gaitasun fisiko ikaragarria dira Frantziaren baliabideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu