Ezustekorik ez. Gauzak espero bezala joan ziren atzo emakumeen Munduko Txapelketako errepide proban, Kopenhagen. Giorgia Bronzini (Italia) izan zen bizkorrena esprintean, eta urrea eskuratu zuen bigarren urtez jarraian. Bigarren Marianne Vos (Herbehereak) helmugaratu zen, eta hirugarren InaYoko Teutenberg (Alemania) izan zen. Lehia estua izan zen, 56 txirrindulariko tropela batera sartu zen, baina azkenean Bronzinik ondo baliatu zuen selekzioko kideen lana. Eneritz Iturriagaetxebarriaren (Espainia) lana goraipatzekoa izan zen. Abadiñoarra oso oldarkor aritu zen, bi eraso ahalegin ere egin zituen, eta azkenean 25. postuan helmugaratu zen.
Zirkuituko lehen itzuli lasaiaren ondoren, Suitza eta Italiako taldeak hasi ziren tiraka, eta 38. kilometroan —bigarren itzuliaren amaieran— tropela bi zatitan banatu zen. Indartsuenak soilik sartu ziren aurreko multzoan, irabazteko faborito guztiak barne. Errusiak eta Australiak egin zuten lan galbaheari eusteko.
Helmugarako hogei kilometro falta zirenean, Clara Hughes kanadarrak jo zuen erasoa, eta bidea egitea lortu zuen. Gorputz eta arima aritu zen; momentu batean irabaz zezakeela ere bazirudien, baina tropelak ez zuen ametitu. Hiru kilometro falta zirela irentsi egin zuten. Hor hasi zen eraso festa. Hainbat ahalegin egin ziren, baina azkenean Bronzini nagusitu zen esprintean. Iturriagaetxebarriari dagokionez, bi aldiz ihes egiten saiatu zen, eta azkenean aurreko tropelarekin helmugaratu zen.
Giorgia Bronzini izan da txapeldun berriz ere
Bigarren urtez jarraian irabazi du munduko txapelketako errepide proba, eta 25. izan da Iturriagaetxebarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu