Gipuzkoa Basketek bolada txarra eteteko aukera du

La Bruixa d'Or hartuko du gaur; Bilbo Basketek Estudiantesen pistan jokatuko du, eta Laboral Kutxak, Valentzian

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoa Basketek azken bi hilabeteetako bolada txarra eteteko aukera du gaur. Donostiako taldeak jokaturiko azken sei partidak galdu ditu, eta gaur irribarrea berreskuratzen saiatuko da etxean Bruixa d'Or 15. sailkatuaren aurka (12:15, ETB1). Bilbo Basketek eta Laboral Kutxak, berriz, etxetik kanpo jokatuko dute ACBko 21. jardunaldiko partida. Bilbotarrek Estudiantesen pistan (19:00,) eta Laboral Kutxak Valentziarenean (18:00, TDP). Lamar Odomek lehen partida jokatu ahalko du ACBn.

Gipuzkoa Basketek —13. da, 8-12— bere ligako aurkari bat hartuko du gaur. Bruixa d'Or atzetik du, bi garaipen gutxiagorekin. Iragan sasoian biek galdu zuten maila, baina bulegoetako betebeharrek biak salbatu zituzten. Donostiako taldearen egoera ez da gozo, halere, Sito Alonsok azaldu duenez, presioak ez die kalte egin jokalariei. Hitz horiek egia diren ikusteko aukera ona izango da. Entrenatzaileak ezingo du erabili Raul Neto; bai, ordea, David Doblas, pibota garaiz osatu baita orkatilako arazoetatik. Lehen itzuliko partidan, Gipuzkoa Basketek 72-84 irabazi zuen Manresan.

Laboral Kutxak —7. da, 10-10— ere partida garrantzitsua du, baina kostako zaio Valentzia bigarren sailkatuaren etxean ezustea ematean. Sasoi honetan bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, ligan eta kopan, eta bietan Baskoniak aurkaria oso estu hartu badu ere, bietan esku hutsik bukatu du. Bilbo Basketek, azkenik, azken-aurreko sailkatuari egingo dio bisita. Raul Lopezek ezingo du jokatu, min hartuta baitago.

Arnasa GDKOrentzat

GDKO Bizkaiak 67-64 irabazi zion atzo Zamorari luzapenean, eta Ohorezko Mailako azken postua utzi du. Garaipen garrantzitsua da, Zamora baitzen Galdakaokotaldeak aurretik zuen aurkaria. EHU Gipuzkoak ere irabazi egin zuen, Bembibreren aurka (78-74). Garaipen horri esker partida batera ditu orain kanporaketak. Novok partida ikusgarria egin zuen: 28 puntu eta zazpi errebote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.