Gipuzkoa Basketen hutsuneek herren utzi dute ligako azken derbia

Ramsdellek, Netok eta Winchesterrek ezingo dute jokatu Laboral Kutxaren aurka, gaur, Gasteizen

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Laboral Kutxak eta Gipuzkoa Basketek ligako azken euskal derbia jokatuko dute gaur (20:15, ETB1), Buesa Arenan. Bi taldeen egoera ezberdina da, Gasteizko taldea irabaztera behartuta dago seigarren postua mantentzeko, Donostiakoak, aldiz, oso zail du kanporaketetan sartzea. Zortzigarren sailkatua bi partidatara du eta lau jardunaldi falta dira liga bukatzeko. GBCk gainera egutegi oso zaila du.

Gipuzkoa Basket sasoi oso onean dago, baina zorteak bizkarra eman dio berriz ere. Jokaturiko azken sei partidetatik bost irabazi ditu, tartean bi etxetik kanpo, baina lesioek gogor erasan diote eta oso zail izango du gaur ustekabekoa ematea. Berez talde motza du, eta azken partidan Charles Ramsdellek lesio larria egin zuen belaunean. Berea ez da hutsune bakarra, Raul Netok hatz bat hautsi baitzuen eta Anthony Winchester indartzen ari da oraindik. Aste honetan entrenatu du ,baina ikusteko dago gaur jokatzeko moduan egongo den.

Sito Alonsok ezohiko jokalariak asko erabili eta ohikoak estutu beharko ditu hain gustuko duen defentsa itoa egiteko. Zurrumurruen arabera entrenatzailea hurrengo urtean laboral Kutxa zuzentzeko hautagaien artean dago, baina gaur kostako zaio bere taldea lehiakorra izatea.

Laboral Kutxari dagokionez, Sergio Scariolok Fabien Causeurren hutsunea izango du eta Lamont Hamiltonek arazoak ditu oinazpian. Dena den, aurkariaren egoera ikusita, ez dago aitzakiarik irabazi eta seigarren postuan jarraitzeko. Lehen itzuliko partidan Baskoniak 76-78 irabazi zuen Donostian. Egun hartan Poeta antolatzailea nabarmendu zuen, azken laurdenean sarturiko hamahiru puntuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.