Gipuzkoak eta Donostiak Itzulirako dirua eskatu diote Jaurlaritzari

Klasikoko eta Itzuliko antolatzaileekin zeukan konpromisoa haustea leporatu dio Aldundiak Gasteizko gobernuari

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako klasikoa desager ez daitezen 150.000 euro gehiago jartzeko eskatu zioten atzo Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari. Gasteizko gobernuak aurten ere azken urteotako finantziazio hitzarmenari eustea nahi dute Aldundiak eta Udalak. Azken hiru urteetan 360.000 euroko diru laguntza eman die Jaurlaritzak bi lasterketa horiei, baina aurten, krisiak eraginda, 200.000 euro bideratuko dituela jakinarazi du —Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak elkartearen hitzetan ez da nahikoa kopuru hori—. Horregatik, klasikoko eta Itzuliko antolatzaileekin zeukan konpromisoa haustea leporatu zion atzo Ikerne Badiola Aldundiko kirol diputatuak Jaurlaritzari.

Josu Ruiz Udaleko kirol zinegotzia ondoan zuela egin zuen prentsaren aurreko agerraldia Badiolak, eta iritzi bateratua plazaratu zuten bi erakundeek: «Erakunde guztiek babestu behar dituzte horrelako lasterketak». Egoeraren larritasunaz jabetuta, Jaurlaritzari egin diote lehen eskaria. Baina erantzuna nahi eta espero dena izango ez balitz, Arabako eta Bizkaiko aldundiekin ere harremanetan jarri direla gaineratu zuen Badiolak. «Bi lasterketa horiei denon artean diruz laguntzeko».

«Izugarrizko diru iturria da»

Jaurlaritzako kirol diputatuaren hitzetan, euskal zaleek lasterketa horiekiko «sentimendu berezia» daukate. «Herri hau batzeko bitartekoa da txirrindularitza». Ruizek azaldu zuenez, «turismorako ikurra» da Donostiako klasikoa. «Hiriarentzat izugarrizko diru iturria da lasterketa hori, eta nazioartera begira ere leiho paregabea da».

Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako klasikoa bizirik mantentzeko hainbat ekimen sortu dira azken egunotan, Kontuz 1 euro tartean. Gaurko euro bat jartzeko prest dauden 150.000 herritar aurkitzea da ekimen horren helburua, eta bai Gipuzkoako Aldundiak eta bai Donostiako Udalak mugimendu horrekin bat egingo dutela jakinarazi zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.