Reala

'Gipuzkoarena' aurkeztu dute gaur Donostian, Anoeta estadioa berritzeko proiektua

Aurkezpen ofiziala gaur arratsaldeko 20:00etan Donostiako Kursaalean egingo badute ere, gaur eguerdian eman du ezagutzera Jose Luis Astiazaran Realeko presidenteak 'Gipuzkoarena' izeneko egitasmoa, Anoeta estadioa berritu eta itxuraldatzeko proiektua, alegia. Bi urtetik gora lanean egin dituzte Realeko eta Donostiako udaleko agintariek, ikertzen, harremanak estutzen eta munduko estadio modernoenak ikusi eta aztertzen.

2004ko otsailaren 5a
18:11
Entzun
Ordu askotako lana. Ingeniariak, arkitektoak, teknikariak eta ekonomia, finantza eta beste hainbat arlotako adituak gogor aritu dira lanean etorkizunez beteriko proiektu honetan, "Reala, Donostia eta Gipuzkoa mundu osoan erreferente garrantzitsu bihurtzeko urratsak egiten".

Dagoeneko ia urte oso bat igaro da Realak eta Anoeta Kiroldegiak, 2003ko apirilean, Anoeta birmoldatzeko proiektu proposamena prestatzeko hitzarmen bat sinatu zutenetik.

Jose Luis Astiazaran Realeko presidenteak zehaztu duenez, "oinarrizko bi helburu nagusi izango ditu proiektuak : "Harmailak joko-zelaira hurbiltzea eta eserleku kopurua handitzea, eta bestetik, modernotasuna, harro egoteko arrazoiak, ilusioa, erreferentziatasuna eta erabilera aniztasuna eskaintzen ditu".

"Anoeta Berria ez da izango hamabostean behin erabiltzeko soilik", esan du Astiazaranek. "Anoeta Berriak egunero erabiltzeko guneak izango ditu, jendearen gogo aniztasunari erabilera aniztza eskainiz", zehaztu du.

Berrikuntza

Anoetako estadio berriak 10.000 eserleku gehiago izango ditu, guztiak aterpean. Neurriz ere handitu egingo da, 45.000 metro koadro izango ditu erabilera berriak eskaintzeko. Estadioaren ertzetan lau mugarri izango ditu, estalki berriaren berme eta oinarri, 110 gelako hotela, lurpeko aparkalekua, palko berriak. "Hirigintzaren ikuspegitik, instalazioei argitasuna eta Amarako auzoari nahiz hiri osoari balio estetiko aipagarria eskainiko dion kanpoaldea izango da, nabarmendu du Astiazaranek.

Aurkezpen ofiziala arratsaldean

Anoeta berritzeko proiektua gaur arratsaldean aurkeztuko du Realak. Kursaalean izango da 20:00tan. Jose Luis Astiazaran Realeko Presidentea buru dela egingo da ekitaldia eta bertan Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kulturako Sailburua eta bozeramailea, Jose Juan González de Txabarri Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Odon Elorza Donostiako Alkatea izango dira.

 

Realak ekitaldi honetara Realarekin eta Gipuzkoarekin erlazioa duten erakundeak gonbidatu ditu. Halaber, bazkide eta akziodunen ordezkariak, erakunde kulturalak, komertzio erakundeak, Gipuzkoako futbol talde guztiak, peñak... Kursaalera bakarrik gonbidapenarekin sartu ahal izango da. Dena den, aurkezpena zuzenean jarraitzeko aukera izango da realsociedad.com webgunean jarraitzeko aukera izango da.

 

Gainera, otsailaren 11an, arratsaldeko 20:00etan, proiektu horri buruzko erakusketa irekiko dute Donostiako Txurruka Kaleko 6. zenbakian. Erakusketa hori Gipuzkoan zehar ibiliko da herriz-herri eta Ipar Euskal Herriko herri handienetara ere iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.