TXIRRINDULARITZA

Giza geziak bi gurpiletan

Aerodinamika funtsezkoa da erlojupekoetan, eta taldeek xeheki ikertzen dute ziklisten ekipamendua eta bizikleta gaineko kokapena. Movistarren Iban Belaskok du alor horren ardura; neurtze tresnak «sozializatu» egin direla nabarmendu du.

Visma taldeko kaskoa. BRAM BERKIEN / VISMA
Visma taldeko txirrindulari bat, kasko berritzailearekin. BRAM BERKIEN /VISMA
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 2a
05:10
Entzun

Pedalei eraginez aurrera egiten da bizikletan. Mekanismo erraza da. Baina nekeza ere izan daiteke, kontrako indarra egiten duten zenbait erresistentzia baitaude: grabitateak eta zoruak eragindakoa, esaterako. Alabaina, aireak sortzen du eragozpenik handiena txirrindulariak abailan doazenean. Eta galga hori ahalik eta gehien murrizten saiatzen da aerodinamika. Xehetasun txikiek baldintzaturiko esparru bat da. Zer jantzi eta bizikletan nola kokatu, segundo erabakigarriak irabazi edo galdu daitezke. Horregatik, talde profesionalek etenik gabe ikertzen dute alor hori, eta berrikuntzak plazaratzen dituzte behin eta berriro. Helburua, txirrindulariak gezi bihurtzea, airea zorrotz zeharkatu eta atzokoa bezalako saioetan itua jo dezaten.

Movistar taldean, Iban Belasko (Arrasate, Gipuzkoa, 1980) arduratzen da aerodinamikaren lanketaz eta materialen diseinuaz. Pertsona egokia da zeregin horietarako, txirrindulari ohia eta ingeniaria izaki. «Bi arloak bateratu ahal izatea sekulakoa da niretzat. Aerodinamika oso konplexua da, baina pasioz bizi dut nik». Korapilatsua bezain baliotsua da, eta, horregatik, taldeek baliabide asko bideratzen dute aerodinamikaren ikerketara. «Arau eta muga batzuk daude, denok bete beharrekoak, baina beti dago tartea ikertzeko eta hobekuntzak bilatzeko. Etengabe ari gara hurrengo berrikuntzan pentsatzen».

Berrikuntza guztiek ez dute atentzioa ematen. Batzuk, ordea, apurtzaileak izanik, denen ahotan ibiltzen dira kaleratu orduko. Visma taldearen azken kaskoa da horren adibide. Ohi baino luzeagoa eta zabalagoa da, eta itxura futurista, are estralurtarra ematen die txirrindulariei. Iritzi estetikoak alde batera utzirik, Belaskok uste du aurrerantzean kaskoek joera horri helduko diotela. «Haizearen tunelean, ur tanta baten formakoek dute emaitzarik onena. Ziklista batek jantzi behar du kaskoa, ordea, eta haren gorputzarekin integratu behar da, sistema aerodinamiko oso bat osatzeko. Orain, zera lortu nahi izaten da, lehen fasean eta sorbaldan sortzen den presioa apurtzea kaskoak».

Azkarrago joateko balio badute, berdin dio aurkezten diren kasko, jantzi eta bizikleta berriak politak edo itsusiak diren. «Gure txirrindulariekin hitz egin izan dut horretaz. Haiek edozer gauza janzteko prest daude. Erratz bat jarri behar dutela buruan? Bada, jarriko dute, esaten badiezu azkarrago joan behar dutela. Abantailak neurtu egin ditzakete gaur egun; beraz, ez dute zertan mesfidantzarik izan». Materialari asko erreparatzen zaio, baina aerodinamikaren alderdirik garrantzitsuena, Belaskok azaldu duenez, bizikleta gaineko posizioa da. «Azkenean, ziklistak berak hartzen du bolumenik handiena. Kokapen bat bilatu behar aerodinamikoki abantaila dakarrena baina, era berean, ziklistari utziko diona bere mailarik onena ateratzen».

«Txirrindulariak edozer gauza janzteko prest daude. Erratz bat jarri behar dutela buruan? Bada, jarriko dute, esaten badiezu azkarrago joan behar dutela».IBAN BELASKO Movistar taldeko arduradun teknikoa

Alderdi horretan nabaritu ditu, preseski, aldaketarik handienak azken urteetan. «Garai batean, eskuak oso behean ipintzen ziren, eta mokorra oso itxita egoten zen. Ordea, hor galdu egiten da potentzia, oso malgua izan ezean. Horregatik, azken urteetako joera da ukondoak altxatzea, baita eskuak ere, aurpegia estali ahal izateko». Belaskoren esanetan, «hobekuntza nabarmenak» egon dira alor guztietan, eta horren zergatia, nagusiki, neurtze tresnak «sozializatu» izana da. «Haizearen tunelera joatea oso garestia da, eta horrek muga asko sortzen zuen lehen. Testak gutxi batzuek egin zitzaketen. Potentziometroak agertu zirenetik, ordea, oso azterketa finak egin ditzakezu belodromo itxi batean, software bat erabiliz. Orain, denok neurtu dezakegu elementu bakoitzak zer abantaila dakarren».

Aberatsenak abangoardian

Taldeak beti ari dira aldamenera begira, gainontzekoek zer berritasun aurkeztuko zain. Beti izan da horrela. «Adibidez, Greg Lemond izan zen lehena triatloiko heldulekua erabiltzen. Ikusi zuen abantaila zekarrela, eta, azkenean, talde guztiek jarri zuten». Dena dela, beti norbaitek izan behar du lehena. «Hain justu, urratsa egiten duenak ateratzen du probetxurik handiena. Hau da, ondo ikertu eta aurrerapausoa ematen duenak. Abantaila lortzen du hilabete batzuetarako». Eskuarki, diru gehien dutenen eskutik etortzen dira berrikuntzak. «Baliabide gehiago dituzte testak egiteko, eta babesleak gehiago estutu ditzakete. Talde txikiak mugatuago daude, baina, lehen esan bezala, neurketa onak egin ditzakete gaur egun».

Arrakala handiegia izan ez dadin, mugak jartzen ditu UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak. Ondo iruditzen zaio Belaskori. «1 Formulan ere halaxe egiten da. Txirrindularitzan, UAE, Visma eta Ineos daude punta-puntan. Soudal eta Bora ere aipatuko nituzke; ez dute hainbeste baliabide, baina haien markak ikertzeko joera handia dauka». Oreka apurtzen ez den neurrian, bide eman behar zaie ideia irudimentsu eta berritzaileei. «Txikitan, Tourreko erlojupekoaren zain egoten nintzen, Boardman, Indurain eta halakoek zer bizikleta erabiltzen zuten ikusteko. Irabaztea beti dator ongi; mesede egiten dio txirrindularitzari». Eta Belaskok zer darabil orain esku artean? «Besteak beste, kasko berri bat ari gara lantzen erlojupekoetarako; lasai, ez du sortuko Vismakoak eragin duen zalaparta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.