«Gizalegez» jokatzeko deia

Euskadiko Federazioak zaleei eskatu die ez daitezela errepikatu iaz selekzioaren partidan San Mamesen izandako istiluakHautatzaileek hilaren 22an emango dute Tunisiaren aurkako partidaren deialdia

Mikel Etxarri, Santiago Arostegi, Jose Mari Amorrortu eta Jon Ander Ganboa, atzo, Euskal Selekzioaren eta Tunisiaren arteko lehiaren aurkezpenean. L. J./ ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Festak gainezka egin zuen Euskal Selekzioak eta Venezuelakoak iaz San Mamesen jokatu zuten lagunarteko partidan. Horrenbeste, kirol ekitaldien araudiaren hainbat lege urratu zirela: bengalak piztu ziren harmailetan, hainbat zale zelaira irten ziren norgehiagoka jokatzen ari zela... Euskadiko Futbol Federazioak ez du nahi berriro horrelakorik gertatzerik, eta, horretarako, «gizalegez» jokatzeko eskatu die hilaren 28an, 20:45ean, Euskal Selekzioak eta Tunisiakoak toki berean jokatuko duten adiskidantzazko partida ikustera joango direnei.

«Asko kezkatzen gaituen gaia da. Ezin da onartu horrelako ikuskizunik San Mamesen: bengalak eta istiluak harmailetan, zaleak zelaira irteten partida jokatzen ari zela... Onartezina da», esan zuen Santiago Arostegi Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak atzo, hilaren 28ko norgehiagokaren aurkezpenean.

Arostegiren arabera, istilu horiek Athletici ekonomikoki kalte egin ez ezik, «zikindu» egiten dute Euskal Selekzioa «kostata» lortzen ari den ospea. «Jendeak gu serio hartzea nahi baldin badugu, guk ere serioak izan behar dugu», gaineratu zuen.

Euskadiko Federazioko ordezkariak jada hasi dira lanean gai horretan. Hala, Jon Ander Ganboa federazioko idazkariak jakinarazi zuen «harreman zuzena» dutela Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Sailarekin, eta dagoeneko zenbait neurri adostu dituztela. Adibidez, segurtasun pribatua egoteaz gain boluntarioak eskatuko dituztela zelaiaren eremua ixteko. Helburua argia da: zaleak ez daitezela sartu zelaian.

Kirol arloari dagokionez, Jose Mari Amorrortuk lehen agerraldia egin zuen Euskal Selekzioko hautatzaile izendatu zutenetik. Amorrortuk eskerrak eman zizkion federazioari Javier Iruretak kargua utzi ondoren haren alde egin izanagatik. Euskal Selekzioko hautatzaile izatea «oso ardura handia» dela aitortu zuen Athleticeko eta Realeko entrenatzaile ohiak, eta azpimarratu «ilusio handiz» hartzen duela kargua. Amorrortu Mikel Etxarrirekin batera ariko da lanean.

Bi hautatzaileak jadanik jarri dira hartu-emanetan zenbait jokalarirekin, lagunartekoa jokatzeko prest dauden edo ez jakiteko. Oraingoz jarrera ona erakutsi dute guztiek, horien artean Xabi Alonsok. «Orain hilabete eta erdi hitz egin nuen Xabirekin, eta berak argi utzi zidan jokatu nahi duela baina, horretarako, Real Madrilek baimena eman behar diola. Iaz berak eskatu zion Mourinhori baimena, ilusio handia egiten ziolako jokatzeak», azaldu zuen Etxarrik. Hilaren 22an, Gabonetako etenaldiko lehen egunean —hilaren 21ean Espainiako Kopako final-hamaseirenetako itzuliko partidak jokatuko dira— emango dute Euskal Selekzioko hautatzaileek Tunisiaren aurkako partidako deialdiaren berri.

Aurkariaz ere hitz egin zuten Etxarrik eta Amorrortuk. «Azkar jokatzen du, eta ondo ukitzen du baloia», adierazi zuen Amorrortuk. Etxarrik ere tunisiarren kalitatea nabarmendu zuen. Tunisiako selekzioak Afrikako Kopa jokatuko du urtarrilean, Gabonen eta Ekuatore Ginean, eta hasiera batean, taldeko jokalaririk onenak San Mamesen izango dira. Sami Trabelsi hautatzaileak Euskal Selekzioaren aurkako norgehiagoka baliatu nahi du Afrikako Kopa prestatzeko. Arostegik, gainera, jakinarazi zuen Tunisiako Federazioarekin sinatutako akordioaren arabera tunisiarrek selekzio nagusiarekin etorri behar dutela Euskal Herrira. Horrez gain, bi federazioek konpromisoa hartu dute Euskal Selekzioak Tunisian joka dezan. Ez dute datarik zehaztu, baina litekeena da 2013an izatea.

Hilaren 28ko norgehiagokak ere izango du omenaldirako tarterik. Eduardo Iturralde Gonzalez bizkaitarra izango da lehiako epailea, eta hura omenduko dute. Batetik, denboraldia amaitutakoan hartuko baitu erretiroa; eta, bestetik, hura baita Euskal Selekzioaren partida gehien zuzendu duen epailea.

Partidarako sarrerak ostiral honetatik hilaren 25era jarriko dituzte salgai BBK-ko kutxa automatikoetan. Hilaren 26tik aurrera San Mameseko txarteldegietan erosi ahal izango dira, 10:30etik 13:00etara eta 17:30etik 20:00etara. Araban eta Gipuzkoan federazioetan eskuratu ahal izango dira sarrerak. 50 sarreratik gora nahi dituztenek, berriz, Euskadiko Federazioaren webgunean eros ditzakete: www.eff-fvf.org.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.