Ander Capa. Eibarreko jokalaria

«Gogo gabe nabil, burumakur»

Beti titular zen lehen, eta beti ordezko da orain. Gaizki ari da pasatzen, horren gaizki, berarekin gogoratu izana ere eskertu baitio BERRIAri.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Jota dago Ander Capa (Portugalete, Bizkaia, 1992). Entrenatzen ikusi, eta antzematen zaio triste antzean dabilela. Ia-ia ordezkaezina izan da Eibarren urteetan, eta, orain, egun batetik bestera, lekua galdu du hasierako hamaikakoan. Ordezkoa da orain, ia beti dago aulkian. Kostatzen ari zaio egoera berri gogor hau barneratzea, eta oso garbi erakutsi du aldarte ilun hori solasaldian.

Egoera berria da zuretzat bizitzen ari zarena, inoiz ez baitzara egon hainbeste denbora hasieratik jokatu gabe ligan.

Hala da. Berria da niretzat. Ez naiz ari ondo hartzen. Batzuetan, saiatzen naiz ahazten, baina, beste batzuetan, ezin izaten dut, eta pertsonalki ari zait erasaten. Neure buruarekin ari naiz ordaintzen, eta ingurukoekin ere bai.

Zeure buruarekin zaude haserre?

Ez nago haserre, egoera ez baita haserre egotekoa ere. Pentsatzeko uneak dira niretzat, hausnarketan aritzekoak.

Zer ari zara pentsatzen?

Ahalik eta ondoena ari naiz entrenamenduetan lanean, hori oso garbi daukat. Baina konturatzen naiz zaila dela hamaikakoan lekua berreskuratzea, taldekideak oso ondo ari direlako. Aurreko igandean, Alavesen aurkako derbian, minutu batzuetan jokatzeko aukera izan nuen, eta saiatu nintzen ahalik eta ondoena jokatzen. Baina badakit oso zail dudala oraintxe bertan hamaikakoan sartzea nahiz eta gauzak ondo egin.

Konfiantza galduta zabiltza zeure buruarekin?

Bai, pixka bat bai. Gogorik gabe bezala nabil, burumakur.

Baina jarrera horrekin ez zara urrutira helduko.

Badakit ezetz, oso garbi daukat hori. Baina ez da erraza burutik kentzea bizitzen ari naizena, eta etxean edo lagunekin antzeman egiten zait.

Kolpetik pasatu zara mutur batetik bestera, ia oharkabean: partida osoak jokatu ostean, orain ia batere ez duzu jokatzen.

Bat-batekoa izan da. Ez dut uste gaizki jokatzen ari nintzenik kolpetik aulkira igarotzeko, onartzen dudan arren ez nenbilela beste batzuetan bezain ongi. Baina gorabehera hauek ohikoak izaten dira jokalariongan.

Hitz egin duzu Jose Luis Mendilibarrekin zure egoeraz?

Ez.

Eta Mendilibarrek zurekin?

Ezta ere.

Ez al zizun lagunduko harekin hitz egiteak zure egoera pixka bat bideratu eta hobeto egon ahal izateko?

Bai, baina ez naiz horrelakoa. Ez zait ateratzen haserre nagoenean norbaitekin hitz egitera joatea. Dena neuretzat gordetzen dut, nire arazoa bakarrik balitz bezala, eta ingurukoekin ere ez naiz hitz egitekoa. Adibidez, futbolean bizitzen ari naizen egoera honen inguruan ez dut ezer aipatu inorekin. Badakit on egingo lidakeela gauzak kontatzeak eta hitz egiteak, baina ez zait ateratzen, ez naizelako horrelakoa.

Inori ez bazara ari kontatzen zeure baitan sufritzen ari zarena, zein dira zure heldulekuak kasu honetan?

Bakarrik moldatzen naiz, eta ez dut laguntasunik bilatzen, jakin arren on egingo didala norbaiti kontatzea. Ona baita besteen iritziak ere entzutea.

Dena beltz ari zara ikusten, baina arazoetan ere azaltzen omen da alderdi onik. Zein izan daiteke kontu honetako gauza ona?

Izango du egunen batean, baina oraingoz ez diot ezer onik ikusten.

Taldearen ibiliaz, behintzat, ezin duzu kexarik izan. Ondo ari zarete. Erraz ez, baina eroso bai?

Ondo ari gara, hori garbi dago. Leganesen aurkako partida zaila izango da. Partida osoan lan asko egiten du, eta gu bezalakoak dira alde horretatik. Gero, Kopa datorkigu, datorren asteazkenean, eta, gero, oporrak, atseden hartu eta indartsu itzultzeko lanera.

Espainiako Kopako kanporaketa bideratua duzue, eta ematen du final-zortzirenetan izango dela Eibar. Hor ari zara jokatzen, eta komeni zuri ere taldeak aurrera jarraitzea.

Etxetik kanpo bi gol sartzea oso ona da, eta, normalean, hori egiten duen taldeak aukera asko izaten ditu kanporaketa gainditzeko. Baina oso ondo dakigu gure jokoa egin beharko dugula Ipuruan datorren asteazkenean, kanporaketan arazorik eduki nahi ez badugu behintzat. Horretara aterako gara zaleen aurrean.

Aspaldiko partez izan zenuen jokatzeko aukera Gijonen (Espainia), joaneko partidan. Zer moduz ikusi zenuen zeure burua?

Lasai jokatu nuen, patxadaz hartzea onena zelakoan. Ez nengoen urduri, eta pozik geratu nintzen egindako lanarekin. Partida ona atera zitzaidan, eta, taldeak ere lan ona egin zuenez, ni gustura.

Baina ligako hurrengo partidan, Ander Capa berriz ere aulkian.

Horixe ari zait tokatzen orain.

Zuk beti jokatu izan duzunean beste taldekide bat geratzen zen aulkian.

Jakina. Futbola horrelakoa da. Oraintxe zaude puntaren puntan, eta, segituan, behe-behean.

Denboraldi eta erdi geratzen zaizu kontratuan. Bizitzen ari zaren egoerak zure etorkizunean eragina izan dezake?

Ez dut pentsatu horretan. Gero, gerokoak.

Lan ona eginez gero, berandu baino lehen itzuliko zara hamaikakora.

Hala espero dut. Ezkorra naiz berez, baina alderdi baikorra ere badut, oso handia ez den arren, eta horri helduko diot [barrez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.