Etenik gabea. Ez dakit entrenatzaile denei orain kontatu behar dudan hau gertatzen zaien. Baina ezagutzen ditut nik bizi dudan egoera bera bizi dutenak. Hauxe: eguneko edozein unetan eta edonon, norbere taldeari buruzko kezkak, ideiak eta buruarekin lotura duten zera guztiak gogoan izatea. Ustekabean etortzen zaizkit. Eta hor hasten naiz jirabiraka. Arrapaladan iristen zaizkit, elkarri bultzaka. Neurri gabeko jasa da. Batere atsegina ez. Niri, behintzat, estutasuna sortzen dit. Egonezina. Ezin izaten dut ondorio txukunik atera halakoetan.
Neurtua. Beste egoera hau ere bizi dut, ordea. Taldeari buruzko kezkak, ideiak, burutazioak eta buruarekin lotura duten zera guztiak gogoan izaten ditut. Baina patxadaz eta lasai. Neuk menderatzen dut egoera, eta ez egoerak ni. Ideiak bata bestearen atzetik etortzen zaizkit, baina ordena jartzen diet. Gogoeta egiteko aukera izaten dut. Eta ondorio onenak orduan ateratzen ditut. Asteburuan ikusi beharreko hiru partidak ikusi eta gero, Lehen Mailako gure hiru taldeen inguruko kezkak, ideiak, burutazioak eta buruarekin lotura duten zera guztiak patxadaz aztertu ditut. Eta ondorio batzuk atera ditut. Onak diren edo ez, auskalo. Nireak dira, besterik gabe. Eta bata bestearen atzetik iritsi zaizkidanez, hala botako ditut.
Osasunaz. Igandeko partidako jokalari onena Ricardo atezaina izan zen. Ez da seinale ona. Onena izan behar izan zuen ia denetan, taldekideen huts handien eraginez izan zen, huts tekniko larriak edo gisa bereko oker taktikoak tarteko. Talde biguna izaten segitzen duela iruditzen zait. Nahiz eta Camachok gol eskasia jo taldearen zulo nagusitzat, askoz gauza gehiago falta zaizkio. Ez dut ulertzen, adibidez, nolatan joan zen Osasuna Getaferen zelaira baloia lapurtzera, baloia lapurtzeko beharrezkoa zuen presiorik egin gabe. Aurkariaren parean jarri eta besteak huts egiteko zain gelditzen ziren. Hori zer den azaldu beharko luke entrenatzaileak. Eta ez taldeak irabazteko aukerak izan zituela esan, noiz eta atezaina jokalari onena izan denean. Bestelakoan, giro nahasia dabil Nafarroako Erresuman. Zale batzuk urduri daude, eta ematen du jokalariengana heldu dela kabitu ezina. Horietako bat, Juanfran, joan da. Hutsune handitxoa dela uste dut, ikusita taldearen gabeziak aurkariaren arearen inguruan. Eta ez gola sartzeko garaian bakarrik, baita gola sartzeko aukerak sortzeko ere. Gauza onen aldean, geldikako jokaldietan golik jaso ez izana.
Athleticez. Jokatzeko ereduan, beste baliabide bat erakutsi zuen Malagan: joko zeharkakoa. Baina ez baloia gora bota eta baloia hartu ondoren. Hori lehendik ere egiten du. Ezberdintasuna eta berrikuntza hau izan zen: Iraizozek motzean jokatu ondoren, erdiko bi atzelariek ere—ondo aritu zen Borja Ekiza debutaria— baloia zelaiaren gainetik bidaltzen zieten Iraolari eta Koikiliri —askoz aurreratuago zeuden—, baita Orbaiz eta Javi Martinez euskarriei ere; eta laukote horrek gauza bera egin zuen Muniainekin eta David Lopezekin, zeinak hegaletik barrurantz sartuta zebiltzan. Iturraspe ondo moldatu zen Llorenteren atzetik ere, baloia zelai gainean zebilela baliatuz. Jokatzeko eredu bat baino gehiago erabiltzea oso ona da. Baina azkeneko metroetan azkeneko pasea ondo ematea falta izan zitzaien zuri-gorriei. Eta baloia galtzen zutenean, Malagaren kontraerasoa moztea. Ondorio sakonagoak ateratzen hasita, hauxe bat, galdera marka dezente alboan dituena: hasi ote da Caparros Llorenterik gabeko Athletic lantzen? Joko eredu berritzaile hori hain txukun erabiltzea aurretik lana egin izanaren ondorio da.
Realaz. Lau partida jarraian galdu izana zerbaiten ondorio da. Eta Valentziaren, Sevillaren eta lehenago Atletico Madrilen aurka Anoetan antzera galtzea ere zerbaiten ondorio da. Alaiegi ez ote duen jokatzen, horra ondorio bat. Alaitasun hori hegaletako bi atzelarien igoeretan azaltzen delakoan nago, azkarregi ez ote diren igotzen —kasu, Kanouteren bigarren gola, Sevillaren hirugarrena—. Azkeneko lerroa, aldiz, gehitxo ateratzen da ia beti. Joan zen denboraldian, defentsako lan sendoa izan zuen euskarri taldeak. Sasoi honetan, gol mordoa jaso du. Aurreko sasoian, zenbait partidetan errentagarritasun handia atera zien aukerei. Orain, baina, aukerak sortu arren, askoz gehiago huts egiten ditu. Beste kontu bat, azkena: jende guztia atzelariei begira ari da, baina zuloa erasotzeko moduan dagoelakoan nago. Hegalekoen igoera zoroak aipatu ditut lehenago, eta hau duela aste zenbait idatzi nuen: oreka behar du erasoan, gero defentsan lan ona egiteko.
Aulkitik begira
Gogoeten ekaitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu