Pozik nabari zaio Mikel Orbañanosi (Orio, 1973). Besoetan bere alabatxoa hartuta iritsi da BERRIArekin egindako hitzordura. Hondarribiak, berak entrenaturiko taldeak, San Miguel Liga irabazi berri du. Beraz, normala pozik egotea. Eguraldia, berriz, hildakoak pizteko modukoa. Eguzkia, laino bat bera ere ez zeruan, eta tenperatura goxoa. Ingurunea ere, primerakoa. Hortaz, normala pozik egotea. Pozik dago, halaber, aurten giro oso ona egon delako San Miguel Ligan. Eta pozik, bere arraunlariekin eta bere klubarekin oso gustura lan egiten duelako.
Zer moduz zaude?
Oso gustura nago. Egia esan, denboraldia, orokorrean, oso ona izan da.
Zer asmo duzu orain? Kanpora joateko asmorik ba al duzu?
Bai, bai. Lanzarotera (KanariarUharteak, Espainia) joango gara emaztea, koinatua, bere emaztea, gure alaba eta bostok. Astebete igaroko dugu han.
Denboraldi honetan lortutakoa behar den bezala ospatu al duzu?
Bai, joan den igandeko estropada bukatu eta gero harrera egin ziguten Hondarribian. Gaua pixka bat luzatu zitzaigun...
33 urte dituzu, eta denboraldi mordoxka bat daramatzazu gelditu gabe. Arrauna uztea pentsatu al duzu inoiz?
Ez, egia esan, ez. Dudarik gabe, arrauna gogorra da, sakrifikatua da. Baina, beno, ez zait burutik pasatu. Hasitako lana bukatzea gustatzen zait. Egunen batean arrauna uztea erabakitzen baldin badut, hasieratik edukiko dut garbi. Hori bai, gogorra da arraunlariaren eta entrenatzailearen lana uztartzea. Askotan, ia ezinezkoa da bi lanak nahi bezala egitea. Gainera, arraunean egin behar baldin badut, fisikoki ongi egotea gustatzen zait. Besteek adina entrenatzea, gutxienez.
Aurten, zer moduz sentitu zara fisikoki?
Aurten oso ondo sentitu naiz. Iaz gerriko minarekin ibili nintzen. Denboraldi honetan, ordea, ez dut minik sentitu.
Zure kirol ibilbideko denboraldirik onena izan al da aurtengoa?
Ez, ez dakit... Denboraldi onak egin izan ditugu beste batzuetan ere. Gainera, ez zaizkik konparaketak gustatzen. Hori bai, oso-oso denboraldi ona izan da.
San Miguel Liga irabazi duzue aurten. Iaz, aldiz, Kontxako Bandera. Biak konparatu al daitezke?
Ez, ez nituzke konparatuko. Beti esan izan dut, Euskal Herriko arraunlarientzat oso garrantzitsua dela Kontxa irabaztea. Banderarik garrantzitsuena da Kontxa, baina San Miguel Liga irabazi dugu. Denboraldi osoan zehar goi mailan ibili garela esan nahi du horrek.
Futbolarekin konparatuta, Kontxa Txapeldunen Liga da, eta San Miguel Liga, berriz, Liga erregularra. Hori uste al duzu?
Bai, beno... Kontxako garaipena momentuan bizitzen da. Ligan, aldiz, aurretik ikusten duzu irabazlea izango zarela. Dena dela, biak dira oso garrantzitsuak.
TKE (Traineru Kluben Elkartea) Liga 2003an eratu zen. San Miguel Liga, bere jarraipena alegia, aldiz, denboraldi honetan. Jendearen begietara, behar den bezala baloratzen al da Ligan horretan lortutako garaipena?
Baietz uste dut. Azken urteetan nolako maila egon den ikusita, baloratzen dela uste dut. Guretzako, adibidez, meritu handia du egindakoak. Izan ere, dezenteko parekotasuna egon da. Jarraitzaileek, esaterako, asko gozatu dute, ez delako nagusi argirik egon.
Kontxa baino garrantzitsuagoa izango al da San Miguel Liga?
Kontxa beti izango da Kontxa. Hori uste dut. Arraunlariok kristoren garrantzia ematen diogu, baina antolatzaileak ez dira dagokien mailan egoten.
Iaz baino hobeto ibili al da aurten zeuen trainerua?
Teknikoki, baietz uste dut. Txukunago egin dugu arraunean. Iaz, indar gehiago genuen. Aurten, beharbada, etekin handiago atera diogu gure arraunkerari.
Maila bikainean aritu zineten iaz. Aurten, beldurrik sentitu al duzu iazkoa berdintzeko gai izango ez zinetelako?
Konfiantza handia dut arraunlariengan. Banekien trainerua ondo ibiliko zela. Hori bai, San Miguel Ligako aurreneko bi estropadak irabazi eta gero, beldur pixka bat sentitu nuen. Izan ere, hura ikusita, uda osoan zehar maila horretan ibiltzera behartuta geunden. Asmatu dugu, ordea.
Iaz, agian, Hondarribiak egindakoak meritu gehiago zuela zirudien...
Aurtengo garaipenei ere meritu handia eman zaiela uste dut, nahiz etaAstillero lehian ez egon.
Denboraldi honen hasieran faborito nagusiak ez zinetela esan zenuen. Sentsazio hori benetakoa al zen?
Bai, bai, benetakoa zen. Urdaibaik, esaterako, bildur handia ematen zidan. Castro ere bai, Kontxa baino lehen puntan ibiliko zela uste nuen. Banekin, era berean, Aizperrok lan ona egingo zuela Oriorekin.
Hurrengo urteko ekainean, beste taldeak asko indartu arren, zuek koadrilari eusten baldin badiozue, zer esango duzu? Faboritoak ez zaretela?
Kontuan hartzeko taldea izango garela esango dugu. Taldeak nola indartzen ari diren ikusita, irabazteko lehia handia izango da.
Zeuek ere taldea indartzeko asmoa al duzue?
Gorka Puertasek, esaterako, arrauna utziko du. Bestela, koadrilaren bizkarrezurrari eutsi nahi diogu. Gero, ikusiko dugu.
2003an, TKEko bandera bat irabazi zenuten. 2004an, hirugarren postuan amaitu zenuten. Iaz, bigarren TKEn, eta garaile Kontxan. Aurten, berriz, San Miguel Ligan nagusi. Zer izango da hurrengoa?
Aurtengo mailan aritzea da gure helburua. Gainera, jende gaztea dator atzetik. Penagarria izango litzateke, hartutako bidetik ez jarraitzea. Gazteek ilusio handia daukate eta horri jarraipena ematen baldin bazaio, Hondarribia goran ibiliko da.
Hondarribiak lau urte damatza, ia koadrila igualarekin. Zer edo zer gehiago egiteko gaitasuna al du oraindik ere ontziak?
Bai, zuzentzeko eta hobetzeko kontuak beti daudelako. Baina... Ez dakit, maila honetatik gora ibiltzea zaila da. Hori bai, kontu batzuk zuzenduz gero, erregulartasunari eutsi diezaiokegu. Itxaropen hori badut.
Motibazioa igual-iguala al da?
Bai, bai. Taldeak ez du arazorik motibatzeko. Oso koadrila ona dut. Erraz eta gustura lan egin daiteke eurekin. Hori oso garrantzitsua da. Arraunlarietako asko Hondarribikoak bertakoak dira, eta horrek asko laguntzen du.
Oriotarra zara. Oso denboraldi txukuna osatu du zure herriko traineruak.
Asko pozten naiz. Gainera, lagun handiak ditut barruan. Azken urteetako denboraldirik politena egin du Oriok.
Hain ondo ibiliko zela uste al zenuen?
Bai, jende dezentek alde egin zuen, baina etorri zirenak arraunlari onak dira. Gainera, banekin Aizperroren eskua nabarituko zela. Meritu handia du Oriok egindakoak.
Bueltatuko al zara inoiz?
Denoi gustatuko litzaiguke ikasitako guztia etxean irakastea.
Arrauna susmopean al dago?
Ez litzaidake gustatuko jendeak hori pentsatzea.
«Gogorra da arraunlariaren eta entrenatzailearen lana uztartzea»
Bost denboraldi egin ditu jada Hondarribian. MIKEL ORBAÑANOS . Hondarribiko entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu