Arrate. Voncina, Sergio Cid, Romero (2), Azkue, Petricheev (1), Larrañaga, Beljanski (4) —hasierako zazpikoa—; Alzaga (1), Tokic (7), Kurilenko (9), Petricevic (1) eta Sever (3).
Amaya Sport San Antonio. Lucau, Sevaljevic (3), Guardiola (2), Borragan (2), Vargas, Humet (2), Meoki (1) —hasierako zazpikoa—; Victor Alvarez (3), Urdiales (2), Eloy (1), Crowley (1), Rasic (4) eta Agirrezabalaga (4).
Markagailua. 3-3, 6-5, 10-6, 14-6, 15-6, 17-9 (atsedenaldian); 18-11, 21-12, 23-14, 25-18, 27-21 eta 28-25.
Epaileak. Casado Fernandez eta Vera Avila. Bi minutuz kanporatuak: Arrateko Romero, Azkue, Larrañaga, Kurilenko eta Sever; eta San Antonioko Sevaljevic, Guardiola (bi), Borragan, Vargas, Meoki eta Crowley.
Bestelakoak. 350 ikusle inguru Ipuruako kiroldegian, Asobal ligako 27. jardunaldian.
Arratek Asobal ligan jarraituko du datorren denboraldian. Zuzendaritzako kideek argitu beharko dute hori, noski, denboraldia amaitu eta egoera ekonomikoa aztertzen dutenean. Baina, kirol arloan behintzat, maila gorenean jarraitzeko merituak egin ditu taldeak. Oso larri zebilen Arrate, Toledorekin parez pare, jaitsiera postuetako azken mamua uxatu nahian. Baina gipuzkoarrek garaipen bikaina lortu zuten joan den asteburuan Guadalajararen aurka (26-27), eta atzo ere gozatu ederra hartu zuten etxean, euskal derbian, San Antonio parean zutela (28-25). Sei puntuko aldea dago orain Arrateren eta Toledoren artean —gol aldea ere gipuzkoarren aldekoa da—, eta datorren larunbatean Toledok Guadalajararen aurka galtzen badu, matematikoki mailari eutsiko dio Arratek, hiru jardunaldi besterik ez direlako geratzen liga amaitzeko. Baina eibartarrek, bestela ere, esku-eskura daukate balentria.
Taldeak dauzkan arazo ekonomikoekin balentria delako mailari eustea, eta pistan grina horrekin jokatzea. San Antoniok Europako Errekopako finalerako txartela izango du jokoan etzi Tremblayren aurka, eta atzo tentsiorik gabe jokatu zuten nafarrek. Lehen zatian bereziki. Erakargarria da oso Europako lehiaketa bateko finala jokatzea, eta Juanto Apezetxea entrenatzaileak berak ere partida hasi aurretik esan zuen burua Errekopako partidan zeukatela. Horrela, noski, zaila da ligan beharrezkoa den maila ematea.
Seigarren posturako borrokan ezinbestekoa zuen atzo garaipena San Antoniok, baina hasiera-hasieratik nabaritu zen zein taldek zeukan gehiago jokoan. Gedeon Guardiolak kontraerasoan sei metrotik sartutako golari esker, 3-4koan soilik jarri ziren aurretik nafarrak. Baina Kostantin Kurilenkok bereziki erakustaldia eman zuen lehen zati horretan. Zortzi gol sartu zituen ukrainarrak lehen ordu erdian —bederatzi sartu zituen guztira—, eta alde horrekin joan ziren etxekoak atsedenaldira (17-9).
Zortzigarren minutua betetzerako 5-5 zegoen markagailua, baina etxekoek 12-4ko partziala lortu zuten lehen zatiko azken 22 minutuetan. Jarrera kontua dago emaitza horren atzean, ez baita normala Europako Errekopako finalerako bidean dagoen talde batek lau gol besterik ez sartzea 22 minutuko tartean. Erasoan baloi asko galdu zituzten nafarrek, eta kontraerasoan asmatu egin zuten etxekoek.
Ospakizun handia amaieran
Lehen zatia amaitzerako erabakita zegoen partida, baina etxekoak behar baino lehen hasi ziren ospakizunetan. Partida amaitzeko sei minutu falta zirenean 27-20 zegoen markagailua, baina 27-20kotik 27-25ekora igaro zen San Antonio bost minutu eskaseko tartean. Tarte horretan urduritasun apur bat nabari zen Arrateko jokalarien artean. Minutu bakarra zeukan San Antoniok gutxienez bi gol sartzeko, baina partida amaitzeko 31 segundo eskas falta zirenean Ivan Severrek sartu zuen golak urrundu zuen nafarren erreakzio ahalegina. 28-25ekoa zen, eta ez zegoen denborarik. Arrateko jokalariek gogotik ospatu zuten balentria.
Arrate 28. San Antonio 25
Goi mailan jarraituko du
Lehen zati bikainari esker irabazi du Arratek euskal derbia, eta eskura dauka mailari eusteko erronka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu