Goiko taldeak harrapatzera

Euskotren Ligako bosgarren postuan dago Hondarribia. Aurten igo dira maila gorenera, eta, helburua bertan mantentzea badute ere, gehiagoren bila joan daitezkeela frogatu dute.

Hondarribia taldeko arraunlariak, Donostiako estropadan. GORKA RUBIO / FOKU.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Kirolaren gako garrantzitsua izaten da erregulartasuna. Errendimendu maila iraunkorra mantentzeko gaitasuna erakusten du, eta trebetasun fisiko eta tekniko sendoa ez ezik, konfiantza sortzen ere laguntzen du. Hondarribia taldearen ezaugarrietako bat horixe da, hain zuzen, aurten, Euskotren Ligan. Lau aldiz geratu da bosgarren postuan, eta hirutan lortu du laugarren postua denboraldiko zati honetan. Uretara ateratzen den aldiro, segurtasuna transmititzen du Iker Cortesek zuzentzen duen taldeak. Irati Camarero arraunlariak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2002), traineruek duten egoeraz hitz egin du, eta, salbazioa lortzeaz gain, goiko taldeak harrapatu nahi dituztela adierazi du. Gaur izango dute horretarako aukera, etxean, Hondarribian (17:25, ETB1).

Zazpi jardunaldi jokatu dira dagoeneko, eta sei geratzen dira liga amaitzeko. Egun, 31 puntu ditu Ama Gudalupekoa-k, eta sailkapeneko bosgarren postuan finkatu da, laugarren eta seigarren postuan dauden taldeetatik urrun. Postu erraza da jaitsiera saihestu nahi duen talde batentzat, baina Camarerok argi dauka goiko postuetara «hurbildu» nahi dutela. «Denboraldi erdi hau ikusiz, uste dut oso hasiera ona egin dugula. Azkenean, gure helburuak dira jaitsierako kanporaketak jokatzeko seigarren postua ekiditea eta ahalik eta gehienhurbiltzea goiko traineruetara. Pixkanaka, hori lortzen ari gara. Badakigu Hibaika gertu dagoela, baina goiko postuetara hurbildu nahi dugu».

Estropaden mailari erreparatuz, ez dirudi traineru igo berria denik Hondarribia. Baina halaxe da. Aurreko denboraldian ETE ligako txapeldunak izan ziren, eta zuzenean igotzea lortu zuten. Aurten, talde igo berrietan ohikoak diren zalantzak izan dituzte, baina bizkor baztertu dituzte. «Duela bi urteko traineru bera gara, baina badago liga honetan aurretik ibili ez den jendea, eta bazegoen urduritasuna gure maila non egongo zen jakiteko. Gainera, bagenekien Galiziako bi ontzi zetozela, eta ez genituen ezagutzen. Hibaikaren maila antzekoan ibiliko ginela pentsatzen genuen, baina ez genuen galiziarren inguruko erreferentziarik».

Ligako bosgarren izateak baditu bere alde onak eta txarrak. Batetik, jaitsieratik urrun daude, eta postu lasaia da. Baina, bestetik, urrun dituzte goiko taldeak. Hau da, inorena ez den lurrean geratzen dira. Egoera horretan dago Hondarribia: Hibaika hamar puntura du, baina Donostiarra eta Tolosaldea, zortzira. «Tolosaldeatik eta Donostiarratik nahiko hurbil ibili garen estropadak egin ditugu, eta gelditzen direnetan helburua haiek harrapatzea izango da. Lehenengo txandatik joatean, beste txandakoak aurretik dauzkagula pentsatu behar dugu, eta nahitaez harrapatu behar ditugula». Camarerok konfiantza du, postuak igo ditzaketela.

Estua izaten ari da aurtengo txapelketa, eta estutasun hori ordaindu du Hondarribiak behin baino gehiagotan. Donostiako banderan, bigarren jardunaldian, bosgarren izan zen Ama Gudalupekoa, Tolosaldea taldetik 40 ehunenetara. Igande horretan, Zierbenako banderan, berriro bosgarrenizan zen, Donostiarra tatik hamasei ehunenetara. Hurrengo jardunaldian, ordea, laugarren postua lortu zuen, Bilbon, Tolosaldea taldetik 58 ehunenetara. Txanponaren bi aldeak tokatu zaizkio Hondarribiari, nahiz eta gehiagotan tokatu zaion atzetik geratzea. «Aurtengo ligan ehunenek asko balio dute, eta askotan Tolosaldea, Donostiarra eta Hibaika taldeekin ehunen horien barruan jokatu ditugu puntuak. Azkenean, estropada batzuetan laugarren postua lortzeko aukera izan dugu, baina kanpoan ere geratu gara berdin-berdin». Camarerok azpimarratu du, lehia horretan ezin dutela dena kontrolatu. «Lehenengo txandatik joaten garenean, dena ematen saiatzen gara, baina besteak beste txanda batean daude, eta ezin dugu dena kontrolpean izan. Ehunenak daude, txanda eta kale bakoitzak bere ezaugarriak ditu... batzuetan zortea gure alde izaten da, eta beste batzuetan besteen alde».

Beren burua ohorezko txandan ikusten duten galdetuta, Camarerok nabarmendu du oraindik «lan asko» egin behar dutela. «Batez ere, Orio eta Arraun Lagunak maila oso bikainean daude. Tolosaldea eta Donostiarrak maila ona duten arren, izaten dituzte egun kaskarragoak, eta, egoera horretan, nahiko gertu ibiltzen gara. Nahiko liga erregularra egiten ari gara, eta huts ez egitea oso garrantzitsua da aurtengo txapelketan. Ohorezko txandan aritzeko, Hibaikarekin aldea mantendu behar dugu, eta, ahal izanez gero, zabaltzen joan».

Zaleen aurrean, ilusioz

Gaur etxean arituko da Hondarribia, eta berdez tindatuko da bertako kai muturra. Berezia da arraunlari ororentzat etxean jokatzea, eta Camarerok aitortu du «ilusioa» egiten diola. «Etxean jokatzeak indar berezia ematen digu, eta gogotsu gaude asteburuko bi estropadak jokatzeko, bereziki etxekoa. Herri guztia etortzen da babesa ematera, eta oso berezia da guretzat». Estropada eremuko batimetriak dio, metro eta erdiko olatuak izango direla Hondarribian. Camarerok badaki kontuan hartzeko alderdi asko izango direla, baina helburua «ahalik eta estropada onena» egitea dela. «Nahiko ondo moldatzen gara olatu artean, eta gogotsu gaude. Ez dakit zein eragin izan dezakeen kaleen zozketak asteburuko bi eremuetan, baina desberdintasunak egon daitezke bi txanden artean faktore askoren eraginez. Edonola ere, gure kalea baliatzera, eta geure onena ematera aterako gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.