San Joanen omenez ehunka su piztuko dituzte bihar Euskal Herriko hamaika txokotan. Hernanin (Gipuzkoa), 21:30ean piztuko dute, festak hasi eta ordu eskas batzuk geroago. Ez da izango, ordea, han piztuko duten lehen sua. 11:00etan ere sua izango da pilotalekuan. Markinak eta Uhartek BERRIA Pilota Txapelketako hamargarren ekitaldiko finala jokatuko dute, eta sua aterako da kantxatik, final ikusgarria espero baita.
Uhartek zein Markinak bigarrenez lortu nahi dute txapela. Uhartek 2005ean irabazi zuen, finalean Hernani mendean hartuta. Markinak, berriz, 2008an lortu zuen txapela, Bizkaiko beste talde bati irabazita: Adiskideri (Galdakao). Nafarrek Iparralde, Lemoa eta egungo txapeldun Zazpi Iturri kanporatu dituzte aurten; bizkaitarrek, berriz, Zestoa-Gazteleku, Zaramaga eta Aurrera Saiaz.
Hiru partidetan ez dago faborito argirik. Kadeteetan, Unai Laso-Julen Martija Uhartekoak Euskal Herriko txapeldunak dira. Hain zuzen, final horretara iristeko kanporatu zuten bikotea izango dute bihar aurrean: Xabier Arrizabalaga-Mikel Urizar.
Gazteetan ere Uharteko bikotea da egungo Euskal Herriko txapelduna: Iñigo Larunbe-Joseba Sarasa. Bikain aritu dira biak txapelketa honetan, bihar aurkari izango dituzten beste bi pilotariak bezala: Ion Zubikarai-Andoni Arrasate. Markinako bikoteak finalerdietan eman zuen kolpea, txapelketako bikote indartsuenetako bati irabazita: Peru Labaka-Xanet Imaz (Aurrera Saiaz).
Nagusien mailan ere parekotasuna da nagusi. Asier Beitia-Kepa Castillo Markinako bikoteak eskarmentu handia du, eta hura gainditu nahi duenak badaki gogotik egin beharko duela lan, oso bikote deserosoa baita. Uharteko Eneko Yoldi-Jose Luis Tabarrek, beraz, badakite zer dute zain. Nafarren artean aipamen berezia merezi du Yoldik. Urteak daramatza afizionatuetan garaipenak eta txapelak pilatuz, eta txapelketa honetan ere bikain aritu da.
Herriartekoa dute biek
Asteburua ezin osatuagoa dator afizionatuen pilotari dagokionez. Izan ere, BERRIA Txapelketako finalaz gain, Bizkaiko eta Nafarroako Herriarteko finalerdiak jokatuko dira ere. Gaur jokatuko dira, eta Uharte zein Markina lehian izango dira. Beraz, ikusteko dago bi taldeetako pilotariek zer nolako sasoian iritsiko diren biharko finalera. Lesiorik ez egotea litzateke berririk onena.
Goizetik piztuko dute sua
Markinak eta Uhartek BERRIA Txapelketako hamargarren ekitaldiko finala jokatuko dute gaur Hernanin (11:00)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu