Gol sena galdu dute

Aritz Aduriz da Athleticen zelai erditik aurrera jokatzen dutenetatik ligan gol bat baino gehiago sartu duen bakarra. Horrela, oso zaila da zazpigarren izatea.

Guillermo Fernandez, baloia jo nahian, Athleticek eta Almeriak San Mamesen jokatutako norgehiagokan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Iñaki Williams, Guillermo Fernandez eta Borja Viguera aritu ziren Athleticen erasoan azkeneko partidan, Cornella-El Praten. Beste era batean esanda hasiberri bi eta Bigarren Mailatik fitxatutakoa bestea. Horrela ez da erraza taldea lehiakorra izatea. Partida asko parekatuak izaten dira. Joko gutxikoak. Detaile txikien arabera banatzen dira puntuak. Horrelakoetan, asko balio du goi mailako aurrelari bat edo bi edukitzeak. Zuri-gorriek jokatu duten azken partida da horren isla: Espanyolek ez zuen Athleticek baino joko hobea egin, baina nahikoa izan zuen Sergio Garciaren agerraldi bat irabazteko. Athleticen Aritz Adurizek sarri egin duen moduan; edo Carlos Velak Realean, edo Viettok Vila-realen, edo Baccak Sevillan… Gola zainetan daramaten futbolariak erabakigarriak dira. Athleticen ia erasoko futbolari guztiak daudela eman dezaketen mailatik urrun. Bai jokoz eta bai eraginkortasunari dagokionez. Ez dute asmatzen. Ondorioz, taldea ligan batez beste gol bat baino gutxiago ari da sartzen. Bost talde baino ez daude zuri-gorriek baino jo gutxiago dutenak. Bolada txarra ote? Edo kalitatea falta da?

SORMENEAN GABEZIAK

Gol gutxi sartzen dituen talde batek gabezia bat baino gehiago dauka. Ez da soilik erasoko jokalarien jomuga okerra dagoelako. Sarri, golak sartzeko zuloak topatzeko gaitasun falta izaten da talde baten gaitz nagusia. Athletici kasu eginez gero, ez dago azterketa sakonik egin beharrik konturatzeko sormen arazoak dituela. Jokoa motela da. Alaitasun eta imajinazio txikikoa. Aurkariek arazo handirik barik aurreikusteko modukoa. Beraz, sasoi honetan oso gutxitan egon dira erasoko jokalari zuri-gorriak aurkariaren ate inguruan golak sartzeko abantailarekin. Horrenbestez, ez litzateke bidezkoa izango taldearen lehortearen erru guztia golak sartzeko ardura dutenei bakarrik leporatzea. Taldeari freskotasuna falta izan zaio sasoi guztian, eta ezintasun hori islatu baino ez da egiten aldeko golen estatistika taula aztertzean: 28 sartu ditu, eta 37 jaso.

MUNIAIN, HOBETO ERDIAN

Iker Muniainek belauneko lesio larria izan berri du. Notizia txarra da oso. Athleticek ez ditu maila oneko futbolari asko, eta bat falta denean nabari egiten da. Muniainek gauza asko ematen baitizkio taldeari: baloia izaten du oinetan, faltak behartzeko abilezia, erritmo aldaketa, bizitasuna… estatistiketan ageri ez diren gauza asko. Gainera, Ernesto Valverdek ezker hegaletik kendu eta erdian jarri zuenetik aspaldiko jokorik onena ari zen egiten. Taldearen zama hartzen ari zen, eta nabarmentzen. Hala ere, ez dio lerro artean mugitzeko duen erraztasunari etekin handirik ateratzen. Zenbat gol sartu ditu sasoi honetan? Eta zenbat gol-pase eman? Hiru lehiaketak batuta gol bi baino ez —bana ligan eta Txapeldunen Ligan—. Biak abuztuan. Ordutik eta min hartu arte, arerioen atezainak estutu ere ez ditu egin.

Inork ezagutzen al du golak sartzeko erraztasuna edo azken pasea emateko gaitasunik ez daukan goi mailako erdilari aurreraturik? Ez dago. Kosta egiten da sinestea ume-umetatik harrobia mimoz lantzen duen klub batean zaildu den profesional batek nafarrak duen jaurtiketa izatea. Ez du indarrik, ezta teknikarik ere.

SUSAETA ETA IBAI, GALDUTA

Hegaleko jokalarien ekarpenean islatzen da gehien Athleticek erasoan dituen arazoak. Iaz arrakastaren giltza izan ziren Markel Susaeta eta Ibai Gomez galduta dabiltza. Eibartarra taldeko zutabe nagusietako bat izan da azken lau denboraldiotan. Ia partida guztiak jokatu ditu, eta Andoni Iraolarekin batera eskuin hegal osoa osatu du. Aurrean zein atzean laguntzen duen futbolaria baita. Baina, ez da maila ematen ari. Ohiko legez ahalegindu da, baina oso gutxitan izan da gai aurrean izan duen aurkaria gainditzeko. Ez du golik sartu, 26 partida jokatu arren. Valverderen pazientzia ere agortu duela dirudi. Azken sei jardunaldietan Williams aritu da eskuin hegalean. Ibai, berriz, taldeko pizgarria izan zen aurreko sasoian. Bada, sasoi honetan ez du ez titular ez pizgarri gisa funtzionatu. Ez du sarerik zulatu jokatutako hemeretzi partidetan.

VIGUERA, LEKU BARIK

Borja Viguerak gol sena erakutsi zuen aurreko sasoian Bigarren Mailan, baina onenen artean bestelakoak dira kontuak. Batetik, talde barruan lehiakortasun handiagoa dagoelako. Eta, bestetik, aurkarien maila ere hobea delako. Talentua badauka, baina oldarkorragoa izan behar du. Valverdek hegal bietan zein aurrelariaren atzetik probatu du, baina ez da erabat konforme geratu. Segida izateko zerbait falta zaio. Gol bakarra sartu du ligan.

GAZTEAK, IKASTEN

Kritikoen jomugan daude orain Guillermo eta Williams. Gol sena falta omen zaie. Williamsen agerraldi indartsuarekin batera bere dohainak nabarmendu ostean, orain gabeziak azaleratzea egokitzen da: patxada eta goiko jokoa falta zaizkio. Guillermo, berriz, Adurizekin alderatzen dute, eta arlo guztietan ageri da galtzaile. Oraindik goiz da jakiteko zenbat eman dezaketen, baina gauza bi argi daude: jarraitzaileek pazientzia izan behar dutela eta, era berean, jokalariek aukerak baliatu behar dituztela. Ez batak, ez besteak ez du golik sartu.

SOLA ETA TOQUERO, BAZTER BATEAN

Gauzak funtzionatzen ez dutenean ez daudenak botatzen dira faltan. Kike Sola eta Gaizka Toquero dira Valverdek alboratuta dituen aurrelari biak. Zale askok ez du ulertzen nola duen atea itxita Osasunarekin sasoi batean bederatzi gol sartzeko gai izan zen futbolaria. Bada Valverdek hasieratik izan du argi: ez du gustukoa. Eta Toquero ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.