
Gustuko dut neure buruari erronkak jartzea, eta horretarako maleta egin behar badut, egiten dut, eta kito. Horrek ez dit lanik ematen». Igor Angulok (Bilbo, 1984) berehala utzi du argi haren bizitzaren filosofia. Haren futbolari ibilbideari erreparatuta, argi dago, esan bakarrik ez, egin ere egiten duela. Zortzi herrialdetan jokatu du: Euskal Herrian, Katalunian, Frantzian, Espainian, Zipren, Grezian, Polonian eta Indian. «Harro nago egin dudan ibilbideaz. Habea erori zitzaidan Athletic utzi behar izan nuenean. 10 urterekin iritsi nintzen, ia hamabost urte egin nituen bertan, eta ametsa bete nuen lehen taldearekin arituta [bost partida jokatu zituen 2003-2004 sasoian]. Oso gaizki pasatu nuen joan behar izan nuenean. Baina lanari, ekinari eta sakrifizioari esker, ibilbide polita egin dut».
«Lana, ekina eta sakrifizioa». Horra hor haren maletan beti dauden hiru gauza. Eta golak, barra-barra. Hamar denboraldi daramatza haren taldean inork baino gol gehiago sartzen: bi sasoi Real Unionen (Euskal Herria); urtebete Enosis Paralimnin (Zipre), Apollon Smyrnisen (Grezia) eta Plataniasen (Grezia); lau sasoi Gornik Zabrzen (Polonia); eta azken denboraldia Goan (India). Polonian eta Indian, gainera, ligako golegile nagusia izan da.
Ia 200 gol sartu ditu profesionaletan. Azken hamar urteetan egin ditu gehienak, zelai erdiko ezker hegala utzi eta aurrean ari denetik. Ohiko galdera da golak sartzea berezko dohaina ote den edo ikasi egiten den. «Bietatik» dagoela dio. «Nik beti izan dut golak sartzeko erraztasuna. Horregatik jarri ninduten aurrean. Ordutik, beti izan naiz taldeko golegile nagusia, baita ligakoa ere batzuetan. Baina berezkoa izateaz gain, lan handia egin dut. Ikasteko grina dut oraindik ere. Areako aurrelaria naiz, eta funtsezkoa da jakitea nora iritsiko den baloia; sena esaten zaio horri, eta nik, zorionez, badut. Baina errematea entrenatu beharra dago, senari eraginkortasuna gehitzeko. Nik egunero lantzen dut hori, hobea izateko». Ronaldo Nazario da Lima eta Cristiano Ronaldo ditu eredu.
«Konfiantza» ere azpimarratu du, eta berehala egin du atzera, Polonian egindako lau urteetara. «Etxean bezala sentitu ginen. Oso maitatuak izan ginen, eta kirol esperientzia ederra izan zen». Bigarren Mailan zegoen Gornik Zabrze duela bost urte Angulo hara iritsi zenean, eta, haren golek lagunduta, sekulako gorakada izan zuen: estreinako sasoian, Lehen Mailara igo zen; eta ondorengoan, Europa ligarako sailkatu zen. Han egin zituen lau sasoietan ehun gol sartu zituen, eta zaleen kutun bilakatu zen. Horrenbeste, ezen dirua bildu zutela iaz klubari emateko eta hark Angulo konbentzitu zezan kontratua berritzeko. «Izugarria izan zen. Detaile horrek agerian uzten du zenbat maite gintuzten». Baina alferrikakoa izan zen ahalegina. Beste erronka bat jarria zion haren buruari. «Beste liga batean jokatu nahi nuen, eta ikusi ea golak sartzen jarrai nezakeen. Hainbat eskaintza izan nituen, eta Goarena onartu nuen. Erakargarria zen Indian jokatzea, are gehiago Txapeldunen Liga jokatuko nuela kontuan hartuta».
Indian, hotel batean sartuta
Han, Indian, berean jarraitu du: golak sartzen. Hamalau egin ditu hogei partidatan, eta, horri esker, Goak denboraldiko helburua bete du. «Aldaketa asko egon ziren iaz klubean, eta trantsizio moduan hartu dute denboraldia. Baina lan txukuna egin dugu: finalerdiak jokatu ditugu, eta penaltietan galdu dugu ligako txapeldun izan den Mumbay Cityren kontra. Orain, buru-belarri ari gara prestatzen apirilean hasiko den Asiako Txapeldunen Liga. Etxean ariko gara, eta ahal den lanik onena egin nahi dugu. Erronka polita da, maila handiko taldeak baitaude».
«Gustura» dabil, eta «pozik» dago egin duen lanarekin. «Neure buruari erakutsi nahi nion beste liga batean golak sartzen jarraitu nezakeela, eta lortu dut». Azaldu duenez, «alde handia» dago etxeko eta kanpoko jokalarien artean. «Talde bakoitzak gehienez sei jokalari atzerritar izan ditzake, eta gehienez bost aldi berean zelaian. Atzerritarren maila altua da. Etxekoena, aldiz, apala; denbora oso gutxi daramate futbolean. Nik, adibidez, baditut taldekideak 16-17 urterekin hasi zirela futbolean. Eta hori igarri egiten da zelaian».
«Baina» bakarra jarri dio egonaldiari: koronabirusaren pandemiak eragindako egoera. «Liga jokatzeko, Federazioak behartu egin zituen klub guztiak hotel batean bizitzera, oso neurri zorrotzekin. Bikotekidea, alaba txikia eta hirurok bizi gara logela batean. Denetarik dugu, baina oso gogorra da egoera. Duela gutxi oporrak izan ditugu, eta izugarri eskertu dugu kanpora ateratzea».
Txapeldunen Liga du orain buruan, eta ondoren erabakiko du zer egin, maiatz amaiera arte baitu kontratua. 37 urte dituela dio haren nortasun agiriak, baina «sasoiko» ikusten du bere burua. «Hortxe daude nire zenbakiak».
Oso barruan darama Athletic, eta ez du solasaldia bukatu nahi izan Espainiako Kopako finalei erreparatu gabe. «Ederra da bi final jokatzea. Ea baten bat irabaz dezakegun. Merezi dugu».