Urko Vera. Eibarreko jokalaria

«Golak beste batek sartuz irabazten badugu, berdin-berdin poztuko naiz»

Beheko mailako futbolean hasi, eta, ezustean, Athleticek fitxatu zuen 2011n. Ordutik, taldez talde dabil Urko Vera, eta Eibarren da orain. Batetik bestera, ordea, ez du galdu golegile sena.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2013ko urriaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Lemoa, Athletic, Hercules, Ponferradina, Alcorcon eta Eibar. 2011ko ekainetik gaur arte, bide hori egin du Urko Verak (Barakaldo, Bizkaia, 1987). Badu egonkortzeko gogoa, eta horretarako Eibar plaza ona dela dio. Ostiraleko lan saio arinaren ondoren, jator hartu du BERRIA.

Hiru partida daramatzazue irabazi ezinda. Presioaren zama gehitu dio horrek biharkoari?

Oraindik garaiz da presio hori sentitzeko, eta, gainera, talde guztiak oso parekatuta gaude. Ez da bereizi goikoen eta behekoen multzoa. Hiru partida jarraian irabazten baditugu, goian kokatuko gara. Garrantzitsua da bihar irabaztea, dudarik gabe, eta bete-betean zelairatu behar dugu, ezer oparitu gabe. Etxeko azken partidan, Murtziaren aurkakoan, itxura ona eman genuen, eta biharko asmoa ere horixe da. Baina orduan ez bezala, golen bat sartu beharko dugu.

Taldea itxura ona ematen ari da, baina irabazi ezinik dabil. Kezkatuta?

Ez. Jokalari berri asko dauzkagu taldean, eta Bigarren Mailan hasiberriak dira asko. Taldea liga honetan erabat egonkortzen denean, ez dut uste arazorik izango dugunik partidak irabazteko. Esperientzia hartzea da kontua, azkenean. Beste talde batzuek badute, eta guri falta zaigu.

Eibarren oso garbi duzue zein den helburua eta horrek ere laguntzen du egoera hauetan urduri ez jartzen, ezta?

Bai. Garbi dago gure helburua zein den: 50 bat puntu lortu behar ditugu mailari eusteko. Hori garaiz lortzen bada, beste gauza batzuetan pentsatzen hasiko gara. Baina, oraingoz, oso garbi daukagu helburua zein den. Mailari eutsi nahi diogu, eta jokalari gazteek taldean segitzen badute, bigarren denboraldi hori hobea izango da. Eibar Bigarren Mailako talde historikoa da, eta merezi du maila horretan segitzea.

Alcorcon datorkizue Ipuruara, zure talde ohia. Nolako partida espero duzu?

Aurreko denboraldian baino gehiago gustatzen zaie baloia edukitzea, eta gerta daiteke guk jokatzeko leku gehiago izatea. Baina Ipuruan askok aldatu egiten dute jokatzeko eredua, eta ixtera ateratzen dira. Oso talde ona da, eta Lehen Mailan esperientzia duten jokalariak dauzka. Guk ondo jokatzea da garrantzitsuena, eta hala bada, oso zaila izango da aurkariek Ipuruan irabaztea.

Zu zeu zer moduz egokitu zara talde berrira?

Golak sartzea da nire lana, eta pozik nago. Banekien Eibar nolako taldea zen, eta gustura nago. Zelaian eroso ari naiz sentitzen, eta golen gaia dago gero: golak nik sartu eta irabaziz gero, pozik; baina garrantzitsuena taldea da, eta besteren batek sartzen baditu eta irabazten badugu, berdin-berdin poztuko naiz.

2011n Athleticetik atera zinenetik, taldez talde zabiltza. Leku batean egonkortzeko gogoa bai?

Badut gogoa talde batean denboraldi asko egoteko. Gogorra da sasoi batetik bestera taldez eta hiriz aldatzea, nahiz eta ez dudan arazorik izaten leku eta talde guztietara egokitzeko. Etxean egoteko gogoa nuen, hori bai, eta pozik nago, azken batean Euskal Herria delako nire etxea.

Eibar ez da leku txarra egonkortzeko, ezta?

Ez. Ikusi egin beharko da denboraldiak nola egiten duen aurrera, gauzak tarte txikian aldatzen direlako. Baina arrazoi duzu; oso leku eta talde ona da Eibar jokalari gisa egonkortzeko.

Athleticek zu fitxatzea ezustea izan zen, baina gutxi iraun zenuen. Pozetik tristurara azkar igaro zinen. Baduzu arantza hori barruan?

Zaila izan zen. Bizkaitar guztien ametsa Athleticen jokatzea da, eta espero ez nuenean aukera izan nuen. Sei hilabetean joan zitzaidan aukera hura, baina gauza onekin geratu behar da beti, eta nik jokatu dut Athleticen; gol bat sartu ere bai, gainera. Datu hori hor dago. San Mamesen jokatzeko aukera ere izan dut, eta horregatik guztiagatik zorteko naizela uste dut.

Athleticen aritu izanak Bigarren Mailako atea ireki dizu, azkenean; hori ere onerako, ezta?

Egia da hori. Bigarren Maila oso lehiakorra da, eta erakargarria.

Beti izan zara aurrelari petoa, baina orain taldearen jokoan gehiago sartzeko eskatzen dizu Gaizka Garitanok?

Denera ohitu beharra dago. Aurrelariok golen arabera aztertzen gaituzte, baina Gaizkaren eredua ondo datorkit, baloia ukitzeko aukera dudalako, eta gero, jakina, errematatzekoa ere bai, hori baita nire bertute onena. Lan egin behar da, eta entrenatzaile guztietara egokitu beharra dago.

Zenbat gol sartuko ditu Urko Verak sasoi honetan?

Neure buruari ez diot jarri horrelako erronkarik. Gauza bakarra nahi dut: Eibarrek Bigarren Mailan jarraitzea. Hogei gol sartzen baditut, ondo; baina bestela ere pozik egongo naiz. Baina egia da gol asko sartzen baditut taldearen onerako izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.