Juan Francisco Martinez, 'Nino'. Osasunako jokalaria

«Golari esker bizi naiz, eta gehiago sartu nahi ditut»

Nahi baino gol gutxiago sartu dizkie aurkariei Ninok: hiru besterik ez. Baikor da, hala ere, eta denborarekin eta lanarekin gehiago iritsiko direla uste du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Joan den denboraldian, Tenerife Bigarren B Mailara jaitsi zenean, Juan Francisco Martinez Nino (Vera, Espainia, 1981) fitxatzeko asmoa erakutsi zuten Lehen Mailako eta Bigarren Mailako talde askok. Azkenean, Osasunaren eskaintza hobetsi zuen aurrelari espainiarrak. Iruñeko taldeko kirol arduradunak sinetsita zeuden hura fitxatuta golak sartuko zituen jokalari bat izango zutela. Hargatik, berak nahi baino gol gutxiago sartu ditu Ninok. Azken partidetan, gainera, zelai erdiko hegalean jarri du Jose Luis Mendilibarrek.

Granadaren aurka jokatuko duzue bihar. Gogotsu?

Bai, larunbatean jokatu genuen, eta astea luze ari zaigu egiten; jokatzeko irrikaz gaude. Gainera, galdu egin genuen, eta lehenbailehen berriz lehiatu nahi izaten da porrot baten ostean. Badakigu Granadaren aurkakoa partida gogorra izango dela, une gozoan baitago, baina hiru puntuak nahi ditugu.

Granadaren aurkako partidaren ostean jakingo ote da Osasunak goiko postuei ala behekoei begiratu behar dien?

Taldean argi daukagu mailari eustea dela gure helburua, eta hori lehenbailehen lortzea da gure nahia. Behin hori lortuta, beste zerbait lortzeko lehiatu bagaitezke, primeran, baina azken denboraldietan bezainbeste ez sufritzea da helburua. Partida asko geratzen dira oraindik.

Jaisteko postuetatik zortzi puntura zaudete, eta laugarren postua, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko aukera ematen duena, bi puntura duzue.

Eroso gaude sailkapenean, eta Liga hasi aurretik denok sinatuko genukeen orain horrela egotea. Pausoz pauso joatea komeni da, ordea. Oraindik ez dugu ezer egin.

Laugarren postuan Espanyol dago, eta zuek hamargarren postuan zaudete. Zazpi talde bi punturen tartean; lehia ezin orekatuagoa da, ezta?

Bai, talde asko daude gure egoera berean, eta haiek ere gauza bera galdetzen diote euren buruari. Europako postuetatik gertu gaude denok, baina, nire ustez, mailari eustea da denentzat garrantzitsuena.

Lehen urtea duzu Iruñean. Zer moduz ari zara moldatzen?

Aurrelaria naizen aldetik, gol gehiago sartu nahiko nituzke. Golei esker bizi naiz, eta gehiago sartu nahi ditut; gola zoriontasuna da aurrelariontzat. Sasoi guztietan gol asko sartu izan ditut, Lehen Mailan zein Bigarren Mailan. Horregatik ez nago erabat gustura. Bolada kontuak izaten dira, eta ea azken txanpan gol asko sartzen ditudan. Gainontzean, primeran nago. Bikain hartu naute zaleek, taldekideek eta, orokorrean, iruindarrek. Osasunara erabat egokituta nago.

Golegilea zara, baina hiru besterik ez duzu sartu orain arte Osasunarekin. Sasoi amaiera bitartean zenbat sartzea gustatuko litzaizuke?

Ez daukat gol kopuru zehatz bat helburutzat jartzeko ohiturarik, baina une honetan hiruzpalau gol gehiago sartu izana garrantzitsua izango zen niretzat.

Badakizu nor den Osasunarekin Lehen Mailan denboraldi batean gol gehien sartu duen jokalaria?

Ez, ez dakit.

Ivan Rosadok eta Jan Urbanek hamalau sartu zituzten.

Marka polita da, eta hori hobetzea ederra litzateke, baina denboraldi honetan hamalau golera iristea ezinezkoa izango dela dirudi.

Teneriferekin sartu zenituen hamalau gol sasoi batean, Lehen Mailan.

Bai, beti sartu ditut gol asko. Aurrelariontzat garrantzitsua da.

Hegalean kokatu zaitu Jose Luis Mendilibarrek azken partidetan. Ohitu zara postu berrira?

Kirol ibilbidean lehendabiziko aldia da hor jokatzen dudala. Elxekin partida bakarren batean aritu nintzen, hasiberria nintzenean, baina ez nago ohituta. Hargatik, jokatzea da garrantzitsuena.

Bartzelonaren aurka nabarmendu egin zinen hegalean.

Pozik amaitu nuen, bai. Ezustekoa izan zen niretzat ezker hegalean jokatzea, eta pozik joan nintzen etxera.

Aurrelariek ez duzue izaten gol asko sartzeko aukerarik. Egon zaren beste taldeetan errazagoa al zen?

Klub bakoitzak bere jokatzeko era izaten du, baina golak ez dituzte inon oparitzen, eta jokalari batengatik ezin da taldearen filosofia aldatu.

Eskaintza gehiago bazenituen udan. Zergatik aukeratu zenuen Osasuna?

Hiruzpalau eskaintza on jaso nituen, talde garrantzitsuak ziren, baina Osasunak oso argi zeukan ni nahi ninduela. Konbentzituta ikusi nituen klubeko arduradunak, eta horrek konbentzitu ninduen ni.

Alfredo Sanchez hirugarren entrenatzailea taldekidea izan zenuen Elxen. Zerbait esan zizun?

Bai, laguna dut, asko hitz egin zidan klubari buruz. Konfiantza handia daukat berarekin, eta badakit pertsona bikaina dela. Banekien ez ninduela engainatuko, eta haren aholkuak garrantzitsuak izan ziren erabakia hartzean.

Elxek eskaintza egin zizuen. Almeriakoa izanagatik, Elx da zure bihotzeko kluba, ezta?

Zortzi urte egin nituen han, nire emaztea hangoa da eta argi dago klub berezia dela niretzat, baina hedabideetan argitaratu baldin bazen ere, ez nuen izan eskaintzarik hara joateko.

Levanten eta Tenerifen arazo ekonomiko larriak bizitakoa zara. Beldurtu al zara aste honetan Osasunaren egoera ekonomikoaz esandakoak entzutean?

Ez, lasai nago. Klub serioa da Osasuna, eta, gainera, kontu horietan ez naiz sartzen. Ez dut inolako arazorik nabaritu.

31 urte dituzu. Zer gustatuko litzaizuke bizitzea futbolean erretiratu aurretik?

Ez dakit. Ni hasi jokatzen berritan bezain gogotsu nago, gozatu egiten dut eguneroko lanean, eta golak sartzea soilik nahi izaten dut. Ilusio ikaragarria daukat orandik. Osasunarekin Europan lehiatzea ez legoke batere gaizki, dena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.