Goliati aurre egiteko, burua

Realak hiru aldiz bakarrik irabazi du Ligan Bartzelonaren futbol zelaian, eta Agustin Gajate hiruretan zegoen zelaianBiharkoari begira «jokalarien pentsamoldea funtsezkoa» izango dela iritzi dio

Donostia
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Jokaleku benetan malapartatua da Bartzelonarena Realaren interesentzat. Lehen egunetik, gainera. Camp Nou eraiki aurretik Les Corts izeneko zelaian ekin zion Bartzelonak aro profesionalari, 1926an —liga txapelketa bi urte geroago hasiko zen— eta Realarentzat beldurrezko etxe moduko bat izan zen azkenera arte: hemezortzi saiotik hemezortzi porrot. Bederatzi gol eskas alde, eta 63 kontra.

Denborak ez zituen koloreztatu zuri-beltzeko emaitzak. 1950eko hamarkadaren amaieran, Bartzelona egungo estadiora mugitu zen, baina ezinean jarraitu zuten txuri-urdinek Camp Noun. 1979an, baina, bolada txarra eten egin zen. Urte hartan gailendu zen aurreneko aldiz Reala Bartzelonaren zelaian. Handik sei urtera lortu zuen bigarrena. Azkena, 1991n. Hiru ur tanta basamortuko zeharkaldian. Agustin Gajateren (Donostia, 1958) kirol ibili luzearen hasieran, erdialdean eta amaieran etorri ziren garaipen ahaztezin horiek. Bartzelonaren hiru belaunaldiren kontra, gainera. Hasi Rexach, Artola eta Kranklen garaietatik eta bukatu Cruyffen aginduetara eratutako ametsetako taldearekin. Tartean, Schuster, Urrutikoetxea, Migueli eta Alexancorekin neurtu zituen indarrak, besteak beste.

1.1978-79 (1-3)

1979ko maiatzean lortu zuen Realak lehen aldiz irabaztea Camp Noun. Handik urte gutxira Molinonen gailurra joko zuen belaunaldia gorpuztuz, indartuz, serio zihoan seinale garbia izan zen garaipen hura. Kalitatez, grinaz eta diziplinaz soberan betetako talde gazte batek erraz hartu zituen mendean Neeskens, Asensi, Rexach, Krankl, Migueli, Artola eta enparauak. Bartzelonan lortutako lehen garaipena izan zen, aurreko 33 saioetan huts egin eta gero (bi berdinketa baino ez). Satrustegik, Idigorasek eta Zamorak sartu zituzten golak. «Ez naiz asko gogoratzen partida hartaz. Garai hartako futbolariak, gehienak izarrak izan arren, ez zeuden oraingoak bezain idealizatuak, eta ez ziguten zirrara berezirik eragiten. Gainera, gurekin ere baziren goi mailako hiruzpalau jokalari. Pentsaeran dago gakoa. Bai lehen eta baita orain ere. Gola noiz sartuko dizuten beldur zelairatzen bazara, norberak deuseztatzen du bere burua, aurkariaren laguntzarik gabe. Zerbait handia egingo duzulakoan atera behar duzu, bene-benetan sinetsita», dio Gajatek.

2. 1985-86 (2-3)

Behin Camp Noun zulotxo bat egin eta gero, bakarren batek pentsatuko zuen gehiago etorriko zirela,joera aldatzea lortuko zutela. Ez zen hala izan. Bi Ligak irabazi ziren urteetan edota ondoren Kopako bi final jokatu zirenean ere, tartean Ligako txapeldunorde izanik ere, Realak ezin izan zuen emaitza onik eskuratu. John Benjamin Toshackek aurreneko denboraldia zuen txuri-urdinen aulkian, eta Arkonadarik gabe iritsi ziren Bartzelonara —lehen jardunaldian lesio larria izan zuen belunean, eta Elduaien ari zen haren partez—. Gajatek ez du berehalakoan ahaztuko egun hura. «Zamorak sartu zituen lehen bi golak, eta neurketa amaieran iritsi zen nirea. Urrutiri sartu nion, gainera, kontraeraso batean. Bultza besterik ez nuen egin behar izan. Ongi gogoan dut».

3. 1990-91 (1-3)

«1990-91ko denboraldia ez zen erraza izan guretzat. Bi entrenatzaile izan genituen, Boronat eta Exposito, eta gauzak ez zihoazen guk nahi bezain ongi. Halere, urte hartan, Mestallan, Bernabeun eta Camp Noun irabazi genuen». Taldean zeuden jada John Aldridge, Dalian Atkinson eta Kevin Richardson.Bartzelonako garaipenak ez du izaterik haien ekarpenik gabe, aurreneko bien artean sartu baitzituzten Realaren hiru golak. «Atkinson ahalmen harrigarriko futbolaria zen; gorabeheratsuegia, hori bai. Aldridge, berriz, area ehiztari peto-petoa zen, tiroan trebea eta goleatzaile sena zuena. Ikasgaia hartuta iritsi zen Donostiara, eta izugarri estimatu genuen haren lana». Bakero, Begiristain, Laudrup, Eusebio, Alexanco, Koeman… horiek ari ziren Cruyffen begiradapean, eta ligak ez zien ihes egin. Gerora Dream Team izenarekin ezagutu izan da talde hura.

Bada datu bitxi bat. Realak lortutako hiru garaipenetan Bartzelonako atezaina gipuzkoarra zen. Pello Artola andoaindarra aurrenekoan, Javier Urrutikoetxea donostiarra bigarrenean eta Andoni Zubizarreta aretxabaletarra hirugarrenean.

Gajate jokalariak jokalari on askoren kontra neurtu behar izan zituen indarrak. Guztien artetik, lau ditu gogoan. «Hans Krankl aurrelaria area gizona baino askoz gehiago zen. Besteek egiten ez zituzten mugimenduak menperatzen zituen. Hegaletara erori, ez zen inoiz geldirik egoten…; ezker ederra zeukan, gainera. Gary Lineker ere ez dut ahaztu. Jokalari zuzena, atea zuen begiz jota une oro. Jokalari arriskutsua zen oso. Quiniren garaiak ere ahaztezinak izan ziren, eta, beharbada, ongien Migueli atzelariaz gogoratzen naiz. Geldikako jokaldietan, adi-adi egoten ginen bata besteaz. Gogor egiten genion elkarri. Tarzan deitzen zioten. Ez naiz harritzen, ahalmen fisiko handikoa baitzen».

Gajate ikusleak Messi, Iniesta, Cesc eta enparauak kate motzean lotu ez arren, argi dauka Bartzelonak «inoizko talde onena» duela. «Jokalari on asko eta beste garai batzuk ezagutu ditut futbolari gisa, baina oraingoak ez du parekorik. Osoena da». Halere, zirrikitu bat zabalik utzi dio itxaropenari. «Hara joateko une egokirik bada, oraingoa izan liteke. Ez ditut bete-betean ikusten, eta Reala lehiatuko delakoan nago. Zergatik ez? Ez naiz aspertuko esateaz jokalarien pentsamoldean dagoela giltza. Halakoetan neurketaren hasierak zerikusi zuzena izan ohi du. Lotsagabe atera behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.