Efren Vazquez. Moto 3ko gidaria

«Gora iristean ohartzen zara guztiaren atzean interesak daudela»

Mahindra taldean gustura, eta behin lepauztaia osatuta, denboraldi amaierako sari nagusietan podiumaren lehian egon nahi du.

2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Denboraldiaren erdigunean dagoEfren Vazquez (Bilbo, Bizkaia, 1986), udako geldialdian. Behin indarberrituta, sasoi amaierari ekingo dio. Dietistari ohiko bisita egin aurretik mintzatu da BERRIA-rekin.

Dietistara zoaz? Pisua zaintzea garratzitsua izango da zuretzat?

Bai, oso garrantzitsua da. Ahalik eta gutxien pisatzen saiatzen gara, baina oreka da garrantzitsuena, indarra behar baita 40 minutuko lasterketa bat irauteko. Gihartsu egotea beharrezkoa da, edozein erorketa ere suerta dakizukeelako. Nik abantaila dut alor honetan, txikia naizelako. Motorrarekin 148 kg pisatu behar dugu gutxienez. Horrek esan nahi du gidariak arroparekin gutxi gorabehera 65kg-tik gora egon behar duela. Ni muga horretan ibiltzen naiz, 66 edo 67 kg-tan.

Zer moduzkoa izaten ari da denboraldia?

Uste baino hobeagoa. Oso arazo gutxi eman dizkigu motorrak, eta horrek kezkatzen gintuen gehien. Moto lehiakor bat egitea zaila da, baina garrantzitsuena fidagarria izatea da, ez haustea. Ez dugu ia arazorik eduki alde horretatik. Hala ere, izan dut ezbeharren bat, baina hori barneratuta dut. Lesioak lehenago edo geroago iristen dira.

Lepauztaia hautsi zenuen.

Asko erortzen ez banaiz ere, zorte txarra eduki dut. Ni baino askoz gehiagotan erori direnak badaude, baina ezer ere gertatu ez zaienak. Lesioak arazo dezente eman dizkit, bigarren aldia baitzen lepauztaia hausten nuena. Zortzi puskatan hautsi zitzaidan, sorbaldatik oso gertu. Leku arriskutsua da, hor baitaude lotuneak sorbalda-hezurrarekin. Bi aste egon nintzen geldi, eta puntu asko galdu ditut. Hamargarren postuan nago, baina lehenengo zazpietan egon nintekeen.

Eta orain zer?

Denboraldi erdia baino gehiago gelditzen zaigu oraindik, bederatzi lasterketa. Orain, taldearekin negoziaketetan murgilduta nago. Nire lehen aukera Mahindran jarraitzea izango da.

Zein helburu dituzu denboraldi honen bigarren zatirako?

Aukera polita daukagu gauzak ongi egiteko. Proiektu berria da, eta motorra garatzeko bide luzea daukagu. Zortzi lasterketa besterik ez dugu egin, eta jada onenen artean lehiatzen ari gara. KTMak gure aurretik daude, baina gertu gabiltza. Ea bigarren erdi honetan puntuak biltzen ditugun, lehen hamar postuetan mantentzen garen eta desiratutako podiumak lortzen ditugun.

Zazpi urteren ondoren, fabrikako gidari izatea lortu duzu.

Ohore bat da, harro sentiarazten nauen zerbait. Moto GPn egon gabe moto bat edukitzea oso gidari gutxiren esku dago. Oso garrantzitsua da niretzat, ez bakarrik emaitzei dagokionean, baizik eta pertsonalki. Profesionalki eta gidari gisa asko ikasten ari naiz. Batez ere, ezagutza eta esperientzia aldetik, gerora begira ikaragarria izaten ari da.

Zer moduz Mahindrarekin?

Oso pozik. Gure proiektua berritzailea da, eta nik ardura handia dut, teknikariekin batera. Harreman sendoa ari gara osatzen, eta horrek lanketa asko errazten eta aurreratzen du. Potentzia eta abiadura KTMrena bezainbestekoa ez bada ere, gure arteko erlazioak hobeago egiten gaitu.

Urteekin nolako gidari bilakatu zara?

Fina naiz, eta oker gutxi egiten ditut pistan. Ez naiz oldarkorra. Ez zait gustatzen beste gidariak arazoetan sartzea. Baina maila honetan, oso garrantzitsua da norberak bere buruan pentsatzea, eta norbait trabatzen baduzu, hobe.

Zein izan da orain arteko oroitzapenik gozoena?

Eskuratu nuen lehen podiuma. Qatarren izan zen, eta bigarren izan nintzen. Munduko Txapelketa irabazteko lehian sartu nintzen, gainera, eta oso momentu politak izan ziren. Baina, aldi berean, desengainu bat ere izan zen. Munduko Txapelketak nola funtzionatzen duen ohartzen hasi nintzen. Interesek mugitzen dute dena. Presio mediatikoak ere asko eragiten du. Dena da oso polita gora iristen zaren arte, eta gero gauzak ikusten hasten zara, nola egiten duten batzuen alde nabarmen. Politika dagoela ohartzen zara. Urteak egon zaitezke lanean moto lehiakor baten bila, eta beste bat etor dakizuke, interes mediatikoak atzean dauzkala, babesle garrantzitsu batekin, eta, egun batetik bestera, goi mailako moto batekin ager daiteke.

Non ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?

Bihar non egongo naizen ere ez dakit. Aurretik esan ezin daitekeen zerbait da; kirolariok geroa ez dugu ziurra, eta moto gidariok are eta gutxiago. Hari batetik zintzilik dago gure kirol ibilbidea, eta zaila da jakitea non egongo zaren hurrengo denboraldian.

Amets bat?

Mahindrarekin Munduko Txapelketako podiuma eskuratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.