Gora kopak! Bai gora ere. Gora begira daude saskibaloi ligetan. Lehen itzulia amaitzeko gero eta gutxiago falta da, eta lehen zortzi taldeetan sartzeko borroka gero eta estuagoa da. Gabonak epe egokiak dira kopak altxatzeko. Ospakizun keinua da.
Topa egiteko astirik ez. Bilbon Europa kopa dute, Espainiako Kopa erabat baztertuta dutelako. Konturatu dira ez dela haien borroka, batez ere, etxean Breoganen aurka galdu eta gero. Europako ajea sufritzen ari dira. Lehen fasea samurra izan arren, Europako txapelketa jokatu duten asteetan ez dute inoiz ACB ligan irabazi. Atseden hartzeko astia izan dutenean, ordea, behin bakarrik galdu dute. Ikusteko dago larunbatean Kanaria Handiaren aurka joerari eusten dioten ala ez. Egutegiak ere badu zeresana, eta aurkari indartsuen aurka jokatu dute. Orain, ordea, aurkari zuzenen kontra ariko dira. Gabonetan kopak altxatzeko asti gutxi izango dute.
Ia beteta. Gasteizen, adibidez, Kopara begira jarri dira uneren baten edo bestean, urrun ikusi arren. Baskoniak eta Araskik duela aste batzuk baino hurbilago ikusten dute. Azken lau partidetatik hiru irabazi ditu Dusko Ivanovicenak, eta azken seietatik bost Made Urietarenak. Koparen botila erdi hutsik ikustetik ia beteta ikustera pasatu dira. Horrelakoa da kirola. Baina oso bestelako erabakiak hartu dituzte horretarako: Baskoniak Ivanovic ekarri zuen denboraldi hasiera ezkor baten ostean; Araskik, ordea, entrenatzailea ez aldatzea erabaki zuen. Azkenean ez dago erabaki onik edo txarrik denbora bat pasatu arte.
Gizonezkoetan zein emakumezkoetan lau jardunaldi bakarrik falta dira lehen itzulia amaitzeko, eta huts egiteko tartea gero eta txikiagoa da. IDK-k eta batez ere Gernikak bideratuta dute Koparako sailkapena. Bizkaitarrek gaur jokatuko dute Eurokopako lehen kanporaketako joanekoa, Flandrian, Kangoeroes Malinasen aurka (20:00, ETB4). Lehen aldiz, etxean jokatuko dute itzulikoa, eta Malosten Valentzia eta Perfumerias Avenida mendean hartu ostean, Kopatik gero eta hurbilago daude. Hilaren 30eko gernikarren eta donostiarren arteko derbia erabakigarria izan daiteke.
Estreinakoa. Los Angeles Lakersek ere kopa altxatu du. In Season NBAko txapelketa berriko lehen txapelduna izan da. LeBron Jamesek altxatu zuen garaikurra, baita jokalari onenaren saria ere. Ezer gutxiago falta zaio irabazteko; koparen itxura duen txapelketaren lehen aldia irabazi du ere bai. Hori gutxi ez, eta haren semeetako batek dagoeneko NCAAn debutatu du, eta gero eta gutxiago falta da Jamesen azken ametsa egia bihurtzeko.
Txapelketa berria arrakastatsua izan dela esan daiteke. Onena taldeak benetan lehiatzen ikustea izan da. Normalean ia apirila edo maiatzera arte itxaron behar dugu ikusleok benetako lehia ikusteko. In Season txapelketak zerbait badu, lehiakortasuna du. Erabateko arrakasta izan da kanporaketak partida bakarrera eta Lauko Finala jokatzea. Hobetzeko gauza asko daudela? Bai. Baina ona izan da hasiera.
Adam Silver NBAko arduradun nagusiak esan du asko dagoela hobetzeko. Bi arlo aipatu ditu: puntu aldea eta kantxa neutralen erabilera. NBAn ez daude ohituta puntu aldea aintzat hartzera. Ondo eginez gero, erabilgarria izan daiteke. Hor legoke arazoa: denek azken partida egun berean jokatu beharko lukete. Neutraltasuna lortzea ere zaila da. Las Vegasen, adibidez, ez zen guztiz egon. Beste kontu bat da ea hiri hori aproposena den, baina badakigu zerk agintzen duen.