SINESMENA ETA LANA
Egoera zailean hartu zuen taldea Eusebiok iazko azaroan. Urtebete lehenago, azaroan ligak duen etenaldian Jagoba Arrasate kargutik kendu zuen zuzendaritzak, eta urtebetera Moyes. Haserre ziren zaleak, autoestimua jaitsita jokalariak, eta proiektua errotik aldatzea erabaki zuen Jokin Aperribairen lantaldeak. Bestelako entrenatzaile baten alde egin, eta bete-betean asmatu zuen. Taldea jaitsieratik gertu egonagatik, jokalariekin komunikazioa berreskuratu, eta taldeari hobeto zetorkion jokoa zelairatu zuen entrenatzaileak. Baloia edukitzeari garrantzia emanez.Errezeta horri gehitu zion defentsan hobeto egoteko ordena. Lehen partidetan aurkari gaiztoak izan zituen arren —Bartzelona, Real Madril, Vila-real, Sevilla eta Valentzia—, ez zion uko egin ohiko joko estiloari, eta Anoetan egin zuen indartsu Reala, jaitsieratik aldenduz. Hori bai, etxetik kanpoko irudi eskasak taldeari ez zion utzi ligaren bigarren zatian sailkapenean gora egiten.
LESIOAK ETA IDEIA ALDAKETA
David Zurutuzak apenas jokatu zuen apirilera arte. Bada, haren hutsunea gutxi ez, eta ordura arteko bi jokalari onenetako bik min hartu zuten: Sergio Canalesek eta Imanol Agirretxek. Hutsuneak hutsune, ohiko estiloari leial izan zitzaion entrenatzailea hasieran, baina emaitzek ez zioten lagundu. Batez ere Molinonen jasandako porrotak harrotu zituen (4-1) hautsak. Horregatik, ideiak aldatu beharrean sentitu zen. Jonathas de Jesus ipini zuen aurrelari, eta hari egokitutako jokoa egiten hasi zen Reala. Besteak beste, kontraerasora jokatuz. Horretarako, Mikel Oiartzabalek protagonismoa hartu zuen hegal batean, eta Carlos Velak bestean. Diego Reyes ere zelai erdian aritu zen Asier Illarramendirekin batera. Ondorioa zera izan zen: Jonathasek sei gol sartu zituen zazpi partidatan, eta Realak lau garaipen jarraian lortu zituen. Europako postuetatik soilik hiru puntura jarri ziren txuri-urdinak.Baina luze jo behar zuen oraindik sasoiak. Aurkariek asmatu egin zuten Realarekin nola jokatu, eta, berriro ere, bolada txar batean murgildu zen. Erregulartasunik eza izan zuen bekatu nagusi. Las Palmasek Anoetan irabazi izanak min egin zuen, eta etxetik kanpoko lan eskasak berriro ere beherantz begira jarri zuen Reala. Velak eginiko umekeriak ez ziren lagungarri izan. Giro nahasia sortu zuen Zubietan.
DAVID ZURUTUZA
Hortaz, Eusebiok lana izan zuen gauzak bere onera ekartzen. Vela ez zen duela bi sasoiko bera izan, baina konpromisoa berreskuratu zuen, eta, batez ere, Zurutuza osatu zen. Hark eman zion pizgarria taldeari. Hasierako hamaikakora itzuli zenez, Jonathas aulkira bueltatu zen, eta taldea ohiko jokoa egiten hasi zen. Defentsan erosoago zeuden jokalariak, eta erasoan ere baloia oinetan izan eta jokoa kontrolatzeko aukera handiagoa zuten. Era horretan etorri ziren, esaterako, Sevillaren zelaian lortutako garaipena, etxean Bartzelonaren aurka eskuraturikoa, Valentziaren aurkakoa eta Vila-realen kontrako berdinketa ere. Liga zapore gozoarekin amaitu zuen taldeak, bederatzigarren postuan. Bizi behar izandako gorabehera guztiak zirela tarteko, ez zen emaitza txarra izan. Gainera, harrobiko gazteak nabarmendu ziren: Aritz Elustondo eta Oiartzabal.ESKU LIBURUAREN GARAIA
Baikortasunik ez zen falta, beraz, denboraldi-aurrean. Ordura arte,taldearen baldintzetara egokitu beste erremediorik ez zuen izan Eusebiok, baina sasoi honi begira gustuko taldea osatu zuen. Aldaketa nabarmenena zera izan zen: Jonathas utzi eta Willian Jose fitxatu izana. Izenen gainetik, baina, entrenatzaileak denbora zuen lana lasai egin eta bere esku liburua praktikan jartzeko. Alegia, aurretik landutako guztia oinarri hartuta, taldeari beste bultzada bat ematea zuen helburu. Jokoaren ekimena oinarri hartuta, sakontasuna lortzea erasoan, eta defentsan sendotasuna irabaztea.Landutako guztia zelaian azaltzea kosta zitzaion Realari lehen jardunaldietan, baina pixkanaka beste abiadura bat hartuz joan dira jokalariak. Lehen, baloiaren zirkulazioa ez zen aski ona eta azkarra izaten aurkariaren presio lerroa gainditzeko, eta kontrako taldeak kokapen egokiarekin berreskuratu ahal izaten zuen baloia, eta gero min eragin. San Mamesko porrota lezio izan zuten txuri-urdinek. Zelai erdian bi baloi galduta, partida oparitu zuten. Ordea, xehetasunak hobetuz joan dira, eta gauzak funtzionatzen hasi.
HAMAIKAKO ZEHATZA
Jokoa erabat eraginkorra izan zedin, zera falta zen nagusiki: erasora arriskuarekin iritsi eta golak sartzea. Oiartzabalek agerpen distiratsua izan zuen iragan sasoian, baina haren lanarekin ez zen aski. Willian Jose fitxatuta ongi asmatu zuen zuzendaritzak, jokalariaren ezaugarriak egokiak baitira taldearen jokoarentzat. Velak eta biek behetik gora egin dute nabarmen, eta, Xabi Prietoren patxada lagun, Realak hobeto kontrolatzen ditu partidak. Illarramendi eta Zurutuzaren lana ere goraipatzekoa da zelai erdian. Eta, atzean, bere onenean da Iñigo Martinez. Raul Navas berari konfiantza ematen dio. Carlos Martinez eta Yuri Berchiche ere ondo ari dira. Hots, aspaldiko denboran lortu ez duena baliatzen ari da Eusebio: erregulartasuna. Ia beti hamaikako beraren alde eginda, taldea hazten ari da.EUSEBIOREN ETORKIZUNA
Begi bistakoak dira emaitzak. Liga hasiera dotorea izan du Realak, jokoan izandako 33 puntuetatik hemeretzi eskuratu baititu. Erritmo horretan, Europara joko luke. Hain liga hasiera on bat ikusteko, 2002-2003ko denboraldira jo beharra dago. Raynald Denoueix zen orduko entrenatzaile, eta taldeak 23 puntu eskuratu zituen lehen 11 jardunalditan. Geroztik, aurtengo sasoia ari da izaten onena Lehen Mailan. Bada zerbait.Gauzak hala, pentsatzekoa da klubaren eta Eusebioren artean ez dela arazorik egongo kontratu luzapena sinatzeko. Entrenatzaileari ekainean amaituko zaio hitzarmena, eta, oraindik ere, bi aldeak hizketan hasi gabeak dira. Presarik ez dutela adierazi izan badute ere, Eusebiok Donostian jarraituko du ia ziurrenik.