Arrauna. San Miguel ligako taldeak: San Juan

Gorantz, mugarik gabe

San Juan da San Miguel ligako talderik indartsuenetakoa, eta iazko sasoi zoragarria hobetzeko gai direla uste dute klubeanJoan zen urteko talde bera da, berrikuntza gutxi batzuk izan ezik, eta hori dauka alde

San Juan taldearen trainerua, iaz, Kontxako Banderako sailkapen estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Duela bi denboraldi, irailaren erdialdean, San Miguel ligara igo zen San Juan. Garai bertsuan, zuzendaritza berria hasi zen lanean, eta helburu argi bat jarri zioten beren buruari agintari berriek: herrian arraun giroa, San Juanekiko zaletasuna berriz sustatzea. Emaitzei ez zieten halako garrantzirik ematen. Iaz, elitean berriz eginiko lehen urtean, ondo bete zuten helburua, eta, ezin kontrakorik esan, emaitza onak asko lagundu zuen horretan. Sekulako denboraldia egin zuten arraunlariek. Aurten, iazkoa hobetzeko asmoz dabiltza, eta, gauzatzen badute, zuzendaritza pozik egongo da. Emaitza onek are gehiago sustatuko baitute San Juanekiko zaletasuna herrian.

Egiari zor, aurreko sasoikoa berdinduta ere konforme leudeke zaleak. Bandera bat irabazi zuten, eta hamar estropadetan sartu ziren aurreneko bosten artean. Azken sailkapenean hirugarren ziren, Urdaibai eta Orio indartsuen atzetik. Igo berria izateko, ez dago batere gaizki. Bada, hori dena hobetzeko asmoz dago Igor Makazagaren kuadrilla. Beraiek ateratako datuen arabera, joan zen urtekoa baino azkarragoa da San Juan hau. Hobeto ibiltzen da. Goranzko jauzia eman du, hortaz, negu honetan.

Lanari segida ematearen ondorioa da etengabeko hazkundea. Laugarren denboraldia du Makazagak entrenatzaile lanetan, eta hasieratik gaurdaino lan ildo bera erabiltzen ari da. Arraunlariak ere ia berak dira; taldearen mamiari eusten dio klubak urtero, eta hala izatea sekulako abantaila da. Urtez urte taldea osatu beharrik ez dauka Makazagak, eta hobetzeko tarteari eusten dio. Etxekoen lan ona gutxi ez, eta kanpotik ekarritakoen ekarpena ere kontuan hartu behar da. Iaz, ederki moldatu ziren Aitor Artetxe, Karlos Mendizabal, Urko Kortajarena eta Alain Osanbela, adibidez. Aurten ere taldean segitzen dute, eta esperientzia handiko batzuk gehitu zaizkie: Aitor Mendizabal (Karlosen anaia), Arkaitz Goñi eta Aritz Jauregi. Etxekoekin eta beste guztiekin osagai bikainak dauzka San Juanek denboraldi bikaina egiteko.

Neguko eta udaberriko estropadetan erakutsi du ez dabiltzala loreak botatzen iazkoa hobetzea aipatzen dutenean. Ez dira beren burua saldu nahian ari. Datuak hor daude, eta orain arte erakutsitakoa berrestea falta zaie orain. Urtebete atzera egiten bada, orduan ere lan ederra eginda heldu ziren ligaren hasierara. Gero, erakutsi egin zuten oso indartsuak zirela. Aurten ere antzeko bidetik doaz, eta ez litzateke harritzekoa izango helburua betetzea: iaz baino azkarrago ibiltzea.

Horrela, berriz ere zabalduko da herrian arrosa koloreko olatu handia, zuzendaritzaren asmoak ondo baino hobeto betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.