Gorka Arrinda: «Klubaren etorkizuna ez dago arriskuan»

Bilbo Basketeko akziodun nagusia bi inbertsio funtsekin negoziatzen ari da, taldea bideragarri izan dadin

Gorka Arrinda atzoko agerpenean. Aurrean, jokalariak eserita. M.D.V. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gorka Arrinda «indartsu» sentitzen da, eta ez du uste Bilbo Basketen etorkizuna kolokan dagoenik. Izan ere, akziodun nagusia «Amerikako bi inbertsio funtsekin» negoziatzen ari da taldea bideragarria izan dadin. Arrindak 30 eguneko epea eskatu du negoziazio horiek nola bukatzen diren jakiteko, eta bien bitartean jokalari guztiek taldean jarraituko dutela uste du.

Hiru aste dira Arrindak Bilbo Basketen egoera ekonomiko larriaren berri eman zuela. Urtarrileko soldatak ordaintzeko dirurik ez zegoela esan zuen —Fotis Katsikaris entrenatzaile ohiak taldea salatu du, 400.000 euro zor dizkiolako—, eta hartaz geroztik zurrumurru pila bat zabaldu da. Hala ere, Arrindak argi du kluba ez dela desagertuko, Amerikako kapitaldun bi inbertsio funtsek Bilbo Basket diruz hornitzeko «interesa» baitu, eta, gainera, pausoa emanez gero, «lau edo bost» urterako apustua egingo lukete.

Bizkaian babeslerik aurkitu ezinak bultzatu du atzerrira. Azken egunetako albisteen arabera, Arrindaren figura da inguruko enpresak atzera botatzen dituena. Berak, ordea, ez du akzioak saltzeko asmorik taldearen iraupena ziurtatzen ez den bitartean: «Klubaren etorkizuna bermatzen ez bada akzioak ez ditut salduko. Lehenbizi kluba dago eta gero nire egoera pertsonala».

Arrindak nabarmendu zuen, erakunde publikoei ez diela dirurik eskatu, «babesa» baizik: «Lehen, gizarte interesa sortzen zuen egitasmo estrategiko bat ginen; orain, klub pribatu bat». Soldata «batzuk» ordaintzeko adina diru badagoela azaldu du, eta ez du espero jokalariak taldea uzten hastea: «Haien zintzotasuna, pazientzia, errespetua eta maitasuna eskertzekoa da. Batek baino gehiago jaso ditu eskaintzak eta gelditzea erabaki dute». Hala ere, garbi utzi du jokalariek «ateak irekita» dauzkatela taldea utzi nahiko balute. Hurrengo egunetan taldeak ekintza sinboliko bat hasiko du dirua lortzeko, ur botilak salduko dituzte.

Eta gaur, partida etxean

Bulegoetako zalapartaren erdian, Bilbo Basketek gaur ACB Ligako 16. jardunaldiko partida jokatuko du. Tenerife hartuko du Miribillan (20:15, ETB1), sasoiko ezusteetako bat. Harmailetan giro beroa espero da, litekeena delako zaleek berriz ere plazaratzea euren haserrea. Alex Mumbruren parte hartzea kolokan dago. Aurkaria 6, postuan dago eta dagoeneko kopako txartela du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.