Gorka Arrindak kudeatzaile multzoaren esku utzi ditu Bilbo Basketen akzioak

ACB ligak akzioen jabe berriak izendatu taldearen ordezkari; jokalariek ez dute argitu bihar jokatuko duten

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2014ko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilbo Basketek Gorka Arrindaren osteko aroa hasi zuen atzo, halere, edizio honen itxieran jokalariek oraindik argitzeko zuten bihar jokatuko duten ala ez. Akziodun nagusi ohiak bere akzioak taldea kudeatuko duen enpresari multzoaren esku utzi zituen bart gauean. Ondo bidean, keinu horrek aski beharko luke kudeatzaile multzoak taldea bideragarri bihurtzeko euren plana habian jar dezaten. Halere, ikusteke dago akordioak jokalariak asetzen dituen, izan ere, atzo zabaldu zenez, ez dira fio, eta akzio transmisioaren agiri ofiziala eskatu zuten berme bezala. Jokatzea erabakita, edo gabe, Bartzelonara bidaiatuko dute, greba, ofizialki, gaur gauerdian hasiko baita, deialdia egin eta bost egunetara.

Arratsaldea oso luzea izan zen atzo Bilbon. Jokalariek orduak egin zituzten kudeatzaileekin. Negoziaketak gauean argitu ziren, Bilbo Basketek bere webgunean publiko eginiko oharrean: «Gorka Arrinda buru duen akziodunen multzoa eta Iñaki Calvo, Carlos del Campo, Enrique Guzman, Francisco Javier Montoya eta Don Juan Elejaldek osatzen duten multzoa akordio batera iristen dira, aurrenekoen akzioak, bigarrenei transmititzeko». Arazo nagusia hori zen, Arrinda taldetik ateratzea. Hala azalduta, duela bi asteko prentsaurrekoan publiko eginiko akordioaren antza handia du, baina oraingoan dena lotuago dagoela dirudi. ACB ligak jabe berriak izendatu ditu taldearen ordezkari legal.

Pauso horren ondoren jokalariak konbentzitzea falta zen, eta edizio honen itxieran oraindik euren jarrera publiko egiteke zuten. Hala ere, TV3 Kataluniako telebista publikoak, igandeko partida zuzenean emango duen kateetako batek, emanaldia mantenduko zuela aurreratu zuen. Dena den, eta behin akzioak lortuta, legalki hala bada, kudeatzaile berriek gaurko egun osoa dute jokalariekin negoziatzen jarraitzeko. Biharko partida jokatuko ez balitz Bilbo Basketek ez luke maila galduko, baina partida galdutzat emango liokete eta isun gogorra jasoko luke ACB ligarengandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.