Sen garrantzitsuena. Gosea omen, denetan, sen garrantzitsuena. Haren arabera jokatzen omen da modu batera edo bestera, aldatu izaera. Elikatzea da gizaki bizidunen lehen zeregina, eta horren faltak aurreikusten ezinezkoak diren erreakzioak eragiten ditu. Donostian iskanbila gose zeuden Ilunbera bertaratu ziren zale apurrak, taldearen, entrenatzailearen eta zuzendaritzaren lanarekin konforme ez. Baina asetu ederra hartu zuten, eta gosea apaldu. Behin-behinean, halere. Bilbon arrakasta gosearekin dabiltza aspaldi. Asetuta ere, aurkaria zigortzeko gosez jarduten dute, gauzak beti hobeto egiteko grinarekin, eta hori ona da. Baskoniak gose handia edo txikia daukan ezin jakin. Manresan aise irabaziko zutela zirudien. Sabela ondo beteta zutela, alegia, baina jarrera epel horrek garaipen gosez geratzeko arriskuan jarri zuen taldea. Gose falta? Arrakasta posible ote goserik eduki gabe?
Erdibidean. Baskoniaren bizilekua. Euroligatik kanpo geratu ostean, ligako bi partidak irabazi ditu, baina inertziagatik irabazi ditu. Aurkaria baino hobeagoa dela jakitun, eta gehiegi sufritu gabe. Egoera ona litzateke sailkapeneko lidergoan balego, eta tituluren bat irabazita balego, baina bestelakoa da egoera. Hirugarren postua lortzeko lehian murgilduta dago Baskonia, eta, grina handiagoarekin jokatzen ez badu, ez da hirugarren sailkatuko. Laugarren ere ez, agian. Igandean Bilbo Basket hartuko du Gasteizen, asko exijituko dion aurkari gaiztoa, eta Manresan bezala, lasai jokatzen badu, muturreko handia jasoko du. Ligako beste talde handiek egin diezaioketenaren lehen adibidea da, eta, garaipenak lortzeaz gain, sufritzen ikasteko une aproposa da. Bestelakoan aukerarik ez du izango liga eskuratzeko.
Egurrean. Interesgarria da Bilbo Basketek lortu duen puntu ona. Kosta egin zitzaion CAI Zaragoza bere bidetik ateratzea, baina, atera zuenean, hankapean ibili zuen, tarte txikian hogei puntuko zuloa irekita. Bizkaitarren desioa, gauzak ondo egiteko grina goraipatu behar da. Partida erabakita zegoela, falta bat egin zuen Axel Hervellek, eta belgikarra kontu eske joan zitzaion taldekide bati, eta ondoren taldeko entrenatzaile laguntzaileari, okerra ez zela berea izan azaltzeko. Partida erabakita zegoenean. Horrek erakusten du Fotis Katsikarisen jokalariak konformagaitzak direla, eta haiek menderatzeko lan handia egin beharko duela aurkariak. Derbi bikaina espero da igandean Gasteizen.
Miraria. Larunbat iluntzean Ilunben gertatu zena. Atariko giroak garbi uzten zuen taldearen eta zaleen arteko dibortzioa. 4.000 lagun eskas hurbildu ziren partida ikustera, eta Unicaja 0-5 aurreratu zenean labea bat-batean berotu zen. Bizpahiru jokaldiren kontua izan zen, baina Lagun Arok partidari neurria hartu, eta inork gutxik espero zuena gertatu zen: jarrera oldarkorra, joko ona, garaipen argia eta adiskidetzea zaleekin. Lasaitu handia hartu zuten Pablo Lasoren atzealdean eserita zeuden agintariak, baina garaipen bakar bat nahikoa al da azken lau hilabetetako desastrea estaltzeko? Ez. Lagun Arok Granada eta CAI Zaragoza hartuko ditu etxean, eta bi horiek irabazten baditu, sasoi eskasa itxuratuko du. Itxurak eta usteak, ordea, erdiak ustel.
Euskal Kopa. Etzi jokatuko da Euskal Koparen finalerdia Donostian. Lagun Arok Bilbo Basketen aurka jokatuko du, eta garaileak Baskoniaren aurka San Prudentzio egunean, Gasteizen (apirilak 28). Berez, ez da txarra euskal saskibaloi talde onenek Euskal Kopa jokatzea, baina txapelketa hori orain antolatu izanak hautsak harrotu ditu, batez ere Bilbo aldean. Donostian ez dute ezer jokoan, eta Euskal Kopak ez die kalte handirik egingo. Antzekoa esan liteke Baskoniari buruz, titulua lortzeko kanporaketak hasi arte presio gutxirekin ariko baitira. Bizkaitarrek, aldiz, asko dute jokoan liga bukaeran, eta ez dute, bada, ondoegi hartu Euskal Kopa. Ez al zen hobea irailean egitea, denboraldi-aurrean, eta denek denen aurka jokatzea?
Zonakako defentsa
Gosea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu