Euroligan funtsezkoa da etxeko lanak ondo egitea, etxean jokatzen diren neurketak aurrera ateratzea. Talde onenek ere komeria franko izaten dituzte etxetik at uzta biltzeko, eta komeni etxean ereindakoa ez galtzea. Lezio hori ondo ikasia du liga txapelketatik Bilbo Basketek, eta Euroligan ere praktikan jarri du. Txapelketa horretan jokatzen duen lehen deman oso partida serioa egin zuen defentsan. Bere gotorlekua babestu zuen tinko, gotorlekurik gabe inor ez dela jakitun, eta garaipen garrantzitsua lortu zuen.
Puntu gutxiko partia izanen zela aurreikusi zuen Katsikarisek, eta betebetean asmatu zuen. Defentsa onen eraginez, batzuetan, baina baita jaurtiketa portzentajeak eskasak izan zirelako. Olympiacosek lehen zazpi jaurtiketak kale egin zituen. Papadopoulos eta Prero Antic aritu ziren trakets batez ere. Portzentaje horretan zerikusi zuzena izan zuen D'Or Fischerren defentsa onak. Antic, aldiz, kale egin eta egin aritu zen hasiera horretan. Hobeto zebilen Bilbo Basket, eta 5-0 aurreratu zen. Geceviciusek, ordea, bere talentua erakutsi zuen, eta bosna berdindu partida.
Itxura besterik ez zen izan, beltzekoek lehen kolpea jo zutelako mahai gainean. Bost puntu saskiratu zituen Aaron Jacksonek hiruko bat sartu zuen aurrena, eta bikoa ondoren, Bilbo Basket 13-7 aurreratzeko. Alex Mumbruk bukaera ezin hobea eman zion laurdenari, azken segundoan saskiratutako hiruko batekin, eta 18-11, zazpi puntuko aldea hartu zuten etxekoek.
14 jaurtiketa egin, eta bost bakarrik saskiratu zituen Olympiacosek. Bilbo Basketen aldea askoz handiagoa izan zitekeen, lehen 10 minutukoan zazpi baloi eman zituztelako. Katsikarisek Stevic eta Hampl bikoarekin jokatu zituen minutu batzuk bigarren laurden hasieran, Banic eta D'Or Fischerri atsedena emateko, eta gora etorri zen Olympiacos. 22-19 hurbildu zen Spanoluisek maisu batek bakarrik egiten dituen jokaldiak eginda. Azkar jabetu zen, ordea, Katsikaris, eta kantxara bueltatu zituen bere bi pibotak. Ondorioa berehalakoa izan zen. D'Or Fischerrek hiru puntuko jokaldia gauzatu zuen, bere taldea 29-21 aurreratzeko.
Zortzi puntu, eta joko sendoa defentsan. Baikor izateko motiboa zuten zaleek, eta Spanoulisek bitan bere taldea 31-26 eta 35-31 hurbildu arren, alde erosoarekin joan zen aldageletara Bilbo Basket: 37-31, Banicek bere zortzigarren puntua saskiratuta.
Hirugarren laurden ederra
Partidak hirugarren amar minutukoan hausten dira normalean, eta atzokoan ere hala gertatu zen. Pero Anticek urduritasun apur bat eragin zuen Olympiacos bi puntura hurbilduz, baina Bilbo Basketek 13-0eko partziala lortu zuen hurrengo bost minututan. D'Or Fischerrek sei puntu saskiratu zituen, Jacksonek maisuki gidatu zuen bere taldea. Joko azkarra batzuetan, joko pausatua besteetan, taldekideak beti ondoelikatuz. Asistentzia bikainei esker lortu zituzten puntuak tarte horretan Banicek eta Roger Grimauk (lau), eta Mumbruk (bi). 54-39, hautsita zegoen norgehiagoka. Olympiacosek jaikitzeko adorerik izango ote zuen jakitea zen zalantza bakarra.
Eta jaiki egin zen. Zortzi puntura hurbildu zen, hirugarren laurdena bukatu aurretik (56-48). Hinesek eta Geceviciusek minutu onak jokatu zituzten, baina Bilbo Basketeko jokalari askok ere bai. Beti 10 puntuko langa garrantzitsuari eusten saiatu ziren, eta defenstan hortzak estututa, lortu egin zuten. Olympiacosek 12 puntu bakarrik saskiratu ahal izan zituen lehen laurdenean, eta orotara 61 puntu eskasetan geratu zen. Bilbo Basketen meritua. Etxeko taldeak ondo baliatu zituen bere baliabideak: Jacksonen adimena, Banic eta D'Or Fischerren talentua, eta Blums, Mumbru, Vasileiadis eta Roger Grimauren erabaki zuzenak.
Saskibaloia. Euroligako A multzoa. Bizkaia Bilbo Basket 76. Olympiacos 61
Gotorlekua babestu dute
Bilbo Basketek hasiera ezin hobea eman dio Euroligari, eta aise menderatu Olympiacos; 61 puntutan utzi dute sona handiko aurkariaD'Or Fischer izan da onena; Papadopoulos kamustu, eta asko asmatu erasoan: 16 puntu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu