Gozamenaren bidetik

Iera Agirre Iturriagak eta Uxue Oses Egañak jokatu dituzten sei partidak irabazi dituzte, eta, Adosen binakakoaren finalerdietarako sailkatu dira. «Oso gustura ari gara, kantxan eta kantxatik kanpo», dio Osesek.

Uxue Oses Egaña, Oñatiko Zubiko kiroldegiko pilotalekuko harmailan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Oso pilotaria da: oso ondo mugitzen da, azkarra da, erne dago beti, eta kolpe ona du. Dohain oso onak dauzka atzelari izateko. Oso gaztea da, baina bide zuzena darama: aurrerapausoak eman eta eman ari da». Iera Agirre Iturriagarena da iritzia (Leitza, Nafarroa, 1987). Uxue Oses Egañaz ari da (Oñati, Gipuzkoa, 2005). Hura du bikotekide Ados pilota klubak antolatutako Eusko Label Binakako Txapelketan.

«Oso gustura» ari dira: «Bikote polita osatu dugu: ondo uztartu dugu haren gaztetasuna eta bizitasuna eta nire eskarmentua eta patxada», dio aurrelari leitzarrak. Emaitzei erreparatu besterik ez dago: sei partida jokatu dituzte, eta guztiak irabazi dituzte. Horri esker, finalerdietan daude. Hala ere, emaitza bikain horiek baino haratago begiratu du Agirrek: «Beteranoentzat ederra da ikustea gazteak indartsu datozela, eta bidea egiten ari direla. Plazera da haien bidelagun izatea».

Apur bat lotsatuta entzun ditu Osesek bikotekideak esandakoak: «Ni ere oso gustura ari naiz Ierarekin. Hasieratik oso ondo moldatu gara, kantxan eta kantxatik kanpo, eta hori funtsezkoa izan da horren lan ona egiteko. Ilusio handia egin zidan txapelketa hau jokatuko nuela jakiteak, eta aregehiago Ierarekin jokatuko nuela jakiteak. Gazteok eredu ditugu Iera eta Maite [Ruiz de Larramendi Mujika]. Gaztetxoagoak ginenean, haiek ikusten genituen, punta-puntan, telebistan, eta orain, haiekin ari gara jokatzen. Plazera da, eta ohorea ere bai».

16 urte bakarrik izanagatik ere, Osesek ia bizitza erdia darama pilotan jokatzen: 8 urterekin eman zuen izena herriko Aloña Mendi Kirol Elkartean. Eskola kirolean probatu, eta gustatu ondoren animatu zen. Etxetik zetorkion ere zaletasuna: «Nafarra da aitaren familia, eta oso pilotazalea. Aita, adibidez, pilotaria izan zen, baita zenbait lehengusu ere. Gainera, Oñatin beti egon da zaletasuna».

Denbora gutxi behar izan zuen nabarmentzen hasteko. Madalen Etxegarai Zelaia herrikide eta taldekidea izan du ondoan askotan. Urte berekoak dira biak. Harekin irabazi zuen, adibidez, lehen txapelketa garrantzitsua: Emakume Master Cupeko Promozio Mailako Binakakoa, 2019an: «Nire ohiko bikotekidea da. Oso ondo moldatzen gara». Horregatik, «asko» poztu da hura ere Adosen Eusko Label Binakako Txapelketako finalerdietarako sailkatu baita, Olatz Ruiz de Larramendi Lopezekin bikotea eginez: «Berri oso ona da Aloña Mendirentzat».

Agirrek nabarmendu du: aurrerapausoak eman eta eman ari da Oses. Hala diote emaitzek ere: iaz, Emakume Master Cupek antolatutako Plazandreak txapelketan nagusitu zen Amaia Aldairekin eta Leire Garairekin taldea eginez; eta urte amaieran, Gipuzkoako Txapelketan gailendu zen Etxegarairekin. Tartean, gonbidatu gisa aritu zen Adosek antolatutako Plazaz Plaza txapelketan. Baina «inoiz baino gusturago» ari da orain: «Nahiko zorrotza naiz neure buruarekin, eta udan ez nuen nahi bezain ondo jokatu. Baina ordutik, asko hobetu dut. Oso gustura ari naiz. Oso pozik nago, maila handiko txapelketa baita hau. Ondo nago sasoiz, jokoz eta eskuz. Nire garairik onenetako batean nago».

Pilotari katigatuta

Inork galdetu gabe aitortu du «nahiko zorrotza» dela bere buruarekin. Gertatu izan zaio partidan bizpahiru huts egitea eta burua partidatik joatea, eta etsipen une horietan, «izugarri» eskertu izan du Agirre bezalako «bikotekide esperientziadun» bat izatea ondoan: «Segituan animatzen nau, eta izugarri eskertzen dut babes hori. Konfiantza ematen dit». Beste horrenbeste egiten du hark bikotekideak behar duenean: «Hori da bikotea izatea: elkarri laguntzea. Garrantzitsua da partidak irabaztea, baina garrantzitsuagoa da elkarrekin gustura aritzea. Eta gu oso gustura ari gara. Zalantzak nituen hasieran, inoiz ez bainuen Ierarekin jokatu, eta maila handia baitago txapelketa honetan. Baina horren gustura egon nintzen hasieratik, nahiko azkar lasaitu nintzen. Horri esker, oraindik eta gehiago gozatu dut».

«Nortasun handia dut, oldarkorra naiz, eta tantoa lantzea gustatzen zait; ez zait gustatzen tantoa botatzea»; halaxe definitu du bere burua pilotari moduan. Argi du non duen gehien hobetzeko: «Ikasi behar dut hutsen bat egin ondoren, burua ez galtzen. Baina ari naiz horretan, eta uste dut gero eta hobeto ari naizela». Plangintza zehatza du horretarako: astean bitan entrenatzen da, ordu eta erdi inguru egunean. Bete-betea du eguna: Batxilergoko Lehen Maila ikasten ari da, eta ingelesa ere bai, eskolaz kanpo.

Baina zerbait baldin bada, kirolzale amorratua da. Pilotan ez ezik, eskubaloian ere jokatzen du, Aloña Mendin. Ez du zalantza egin gehien zein gustatzen zaion galdetuta: «Pilota. Euskal Herriko kirolik politenetakoa da. Neskak eta mutilak, guztiak animatuko nituzke jokatzera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.