Autobusa, hegazkina, hotela, jatetxeak, lotarako lekua, parkeak, diru aldaketak... eta, bai, partidak ere bai. Hori bai, 90 minutuko sartu-irtenak izango dira baloiari begira igaro beharrekoak. Leverkusen eta Manchester. Realak —eta zozketak berak— zaleei eskaini dien oparia da hori. Urriaren 2a eta urriaren 23a. Eguna zehaztuta dago; lekua ere bai. Eta bidaia gehienak ere lotuta daude dagoeneko. Industriaren historiari gainbegiratua emateko bi geltoki paregabe izango dira Leverkusen eta Manchester. Ingalaterrako bigarren hiri nagusiak sortu du bereziki eromena zaleen artean, eta 6.000 inguru espero dira bertan. Baina orain hamar urte gertatu bezala, Europako bazter gehiagok hartuko dute datozen hilabeteotan kolore txuri-urdina —azaroaren 27an jokatuko da Donetsk-en, Ukrainan, Xakhtarren aurka—.
Gertuenekoari helduta, Realak 1.500 sarrera inguru eskatu dizkio Bayer Leverkuseni, UEFAk zehazten duen moduan BayArena estadioko ikusle kopuruaren %5. Eskaera kopuruaren arabera, Bayerri sarrera gehiago eskatzeko aukera dago. 17-20 euro arteko prezioa izango du sarrera bakoitzak, eta gaur argituko du klubak sarrera horiek noiz eta nola jarriko dituen salgai. 500 bat jarriko dituzte salgai txarteldegietan, beste hainbat Eroski Bidaiak agentziaren bidez kudeatuko dituzte —Realaren babeslea da—, eta gainerakoak klubak berak eta peñek jasoko dituzte.
Eroski Bidaiak-ek argitu du aukera bakoitzaren prezioa zein izango den. Egunean bertan Miarritzetik Coloniara bidaia egin, partida ikusi eta 01:30ean itzulita, bazkideek 385 euro eta bazkide ez direnek 405 ordaindu beharko dituzte; literadun autobusean joanez gero, bezperan 18:00etan abiatu eta partida amaitzearekin batera itzulita, 200-215 euro artean; autobusean joanda, eta gaua bi izarreko hotelean igarota —gosaria barne—, 225-240 euro artean. Partidari oporraldia gehituta, berriz, autoa aukeratuko dute hainbatek, 1.300 kilometroko bidaiari aurre eginda; 12-13 ordu, gutxi-asko.
Bayer AG multinazionalaren eskutik indartutako industria hiria da Leverkusen, baina industriaz haratagoko kultur hiria da, 160.000 biztanle ingurukoa. Morsbroich gaztelua, japoniarren jardina, Neuland parkea, Txinako harresia, udaletxea, merkatalgune erraldoia, garagardotegiak... Coloniatik 11 kilometrora eta Dusseldorfetik 26ra, hiri bizia eta erakargarria da Leverkusen.
Urriak 23: bidaia erraldoia
Lehen gozatu txiki horren ondoren, urriaren 23an iritsiko da leherketa: Manchester. Realak irailaren 9an jarri zituen salgai 1.700 sarrera Anoetako txarteldegietan, 53 eurotan, eta batzu-batzuk bi egun ilaran egon ondoren, berehala agortu ziren guztiak. 1.200 sarrera jaso dituzte peñek, 2.000 Eroski Bidaiak-ek, eta klubarentzat izango dira gainerako 1.000 sarrerak. Zaleen berotasunarekin gertatzen den moduan, Eroski Bidaiak-ek ere aukera sorta zabala osatu du Manchesterrera joateko. Literadun autobusean joatea da merkeena —240-255 euro artean—. Hilaren 22an 13:00etan abiatuko litzateke autobusa Anoetatik, urriaren 23an 12:00ak aldera iritsiko litzateke Manchesterrera, eta partida amaitu ondoren itzuliko litzateke. Hegazkinean joatea da beste aukeretako bat, eta, kasu horretan, 430 eta 710 euro artekoa da bidaia. Europa erdialdeko hiriren batera gerturatu eta handik Manchesterrera joatea da beste aukeretako bat.
Oihal industria dauka oinarrian Manchesterrek, baina azken urteotan eraldaketa handia jasan du 500.000 biztanleko hiriak. Picadilly Gardens, katedrala, Hilton torrea, Castlefield ingurua, arte galeria, kanalak, noria erraldoia... Gozamenaren sinonimoak dira guztiak. Gozatu zuten zaleek joan den sasoian; gozatu zuten Lyonen; gozatzen ari dira orain... eta gozamena dago zain.
Futbola. Reala Txapeldunen Ligan
Gozamenaren ondoren... gozamena
Abuztuan Lyonen sartu-irtena egin ondoren, Realeko zaleek gozatua hartuko dute datorren hilabetean, taldeak Leverkusenen eta Manchesterren jokatuko dituelako Txapeldunen Ligako hurrengo bi partidak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu