Arrauna

Gozatu gabe, ezinean

Ohorezko txandatik urrun dago Zierbena, zazpigarren. Jon Elortegik aitortu du kuadrillari kosta egiten ari zaiola arraunketa berrira ohitzea, itsasoan batez ere.

Zierbena, ziaboga egiten, Bilbon erlojuaren aurka jokatutako estropadan, Eusko Label ligako lehen jardunaldian. Hirugarren geratu zen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun

Arraunlarien izenek bakarrik ez diote fruitu gozoa musu truk ematen taldeari. Traineru bakoitzak uretan erakutsi behar du zer den eta zertarako gai den, eta erdietsitako emaitzek adierazten dute non den. Zierbena, bederen, gaur-gaurkoz, Eusko Label ligako zazpigarren postuan dago kokatuta, sailkapenaren erdian. Bizkaitarrek hasiera txukuna eman zioten ligari, laugarren eginda, Bilbon. Hurrengo hiru estropadetan, ordea, goiko postuetatik urrun geratu ziren; Donostian eta Coruñako (Galizia) lehen jardunaldian bederatzigarren amaitu zuten, eta bigarren lehian, zazpigarren.

Denboraldiaurreko test eta jaitsieretan lortutako emaitzak ikusita, banderaren lehian egoteko kinieletan agertzen zen. Bizkaiko taldea estreinakoz ari da zuzentzen Jon Elortegi Txapas, (Barrika, Bizkaia, 1977), eta, Elortegirentzat eta haren kuadrillarentzat, ligaren hastapena ez da samurra izan. Txapasek aho bizarrik gabe onartu du ez daudela espero zuten lekuan. «Taldeak kolpea hartu du, eta ni neu kezkatuta nago. Ez dugu gure onena erakutsi».

Barrikakoak aitortu du zortea ere ez dutela alde izan, hala nola baldintza meteorologietan. Hala eta guztiz ere, ez du nahi inondik ere naturaren aldaketa hori aitzakiatzat hartzea. Esan du eragile askoren ondorioz daudela oilarretatik urruti. Bat aipatu du: «Iazko denboralditik hona [Juan Zunzunegi zen entrenatzailea], beste arraunketa bat ezarri dugu, eta arraunlariei egokitzea kostatzen ari zaie». Hain zuzen ere, itsasoan nozitu dute gabezia hori, zehazki, Coruñako eta Donostiako estropada eremuetan; brankaz motorra berotuta joan arren, poparean trakets eta arrastaka ibili ziren, ezinean. «Arraunketara ohitzeko arazoak ditugu, eta ez gara gozatzen ari. Trainerua azkar joatea nahi badugu, gozatu egin behar dugu».

Aurreko denboralditik, taldeak bospasei aldaketa izan ditu. Ostera, Elortegiren esanetan, blokea «egina» dute, eta ez du uste aldaketek traineruari traba egin diotenik. Zierbenako prestatzaileak garaipen zerrenda gizena duten arraunlari bat baino gehiago ditu eskifaian; besteak beste, Adrian Gonzalez, Leandro Salvagno, Fernando Ruiz eta Carlos Palazuelos. «Baina izenek ez dute balio; arraun egin behar da». Badaki talde indartsua duela eskuartean, eta «ardura handia» kuadrilla kudeatzeko. «Arraunlari borrokalariak ditut, eta emaitza ona lortzeko gosez daude».

Hasiera kaskarra eginda, Zierbena ligako garaikurra irabazteko lehiatik kanpo dago. «Baztertu dugu jada», zehaztu du entrenatzaileak. «Hasieran, geure buruari jarritako helburua zen ohorezko txandan sartzea eta egonkortzea. Hori bai, bagenekien ez zela erraza izango». Hain zuzen, sailkapen nagusiko lehen ontziak urruti ditu. Bai urrun ere: hemezortzi puntura du Hondarribia laugarrena. «Orain arteko emaitzak kontuan hartuta, aurreneko taldeak gu baino koska bat gorago daude. Baina ziur naiz datozen estropadetan aurrez aurre izango gaituztela».

Zierbenaren eta Hondarribiaren artean, Getaria eta Kaiku igo berriak daude sailkapeneko bosgarren eta seigarren postuan, hurrenez hurren. Bizkaitarra-ren mailak ez du ezustean harrapatu Txapas. «Eskarmentua duten arraunlari indartsuak ditu». Esperantza-ren errendimenduak harritu dio gehien: «Deustun aritu nintzenean [2017-2019], Getaria aurkari oso gogorra izan genuen; itsasoan oso ondo ibiltzen da, baina, egia esan, ez nuen uste aurten hain ondo ibiliko zenik».

Bihar, etxean

Gorabeherak gorabehera, Barrikakoaren esanetan, zazpigarren postuan egonda ere beren egunerokotasuneko lana ez da aldatu: «Berdin entrenatzen ari gara, eta aste honetan aurrekoetan baino sentipen hobeagoak izan ditugu». Lan saioetan egindakoa lehian erakustea falta zaie, ordea. Bihar, hain zuzen, etxean ariko dira. «Ea jarraitzaileen aurrean lan ona egiten dugun». Elortegi ez da oraindik tostan jesarri: «Eta ez dut uste jokatuko dudanik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500