Gozatzeaz gain, gauzak zail jarri nahi dizkio Portugaletek Valentziari

Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partida Barakaldon jokatuko dute gaur gauean

ERREDAKZIOA BILBO
2008ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Oso egun garrantzitsua da gaurkoa Portugaleterentzat, klubaren historiako partida handiena jokatuko duelako. Valentzia izango du aurkari Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan (20:30ean), eta zaleengan eragin duen ikusmina asetzeko, Barakaldon jokatuko da neurketa, Lasesarre zelaian jende gehiago sartzen delako.

Valentzia Kopako egungo txapelduna da, baina horretaz gain, Espainiako Ligako lehena ere bada. Portugalete, berriz, Hirugarren Mailan ari da, eta bizkaitarrak dira, hain zuzen, Kopan aurrera jarraitzen duen Hirugarren Mailako talde bakarra. Faborito argi eta garbia da Herrialde Katalanetako taldea, baina Portugaleteko entrenatzaile Javi Bermudezek argi ibiltzeko esan die: « Irabazten saiatu behar dugu, baina batez ere, gozatu egin behar dugu. Valentziak pentsatuko du erraza dela, baina golen bat azkar sartzeko gai bagara, agian zaildu egingo zaie partida». Valentziarren entrenatzaileak, Unai Emeryk, etxean utzi ditu izar nagusiak; besteak beste, Villa, Mata, Joaquin eta Albiol.

Hala ere, ez da hori Portugaleteko presidentea, Amable Martin, sutan jarri duena. Athleticek ere gaur jokatu behar du, Vila-realen aurkako Ligako partida larunbatera aurreratu diotelako, eta, horregatik, zale gutxiago joango dira Barakaldora. Presidentearen ustez, «Espainiako Liga Profesionalak eta Audiovisual Sportek sentiberatasun gutxi izan dute gurekin».



PORTUGALETE-VALENTZIA

Portugalete. Borja; Olaeta, Goiria, Velez, Galder; Aguiar, Otero, Vidal, Kepa; Arzubiaga eta Muñoz.

Valentzia. Renan; Maduro, Marchena, Helguera, Del Horno; Pablo, Edu, Baraja, Vicente; Zigic eta Morientes.

Epailea. Perez Burrull

Lekua. Lasesarre (7.960ikusle).

Ordua. 20:30 (O.I.)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.