Beñat Rezusta. Aspeko pilotaria

«Gozatzen ari naiz, eta gauza handia da hori»

Rezusta bigarren aldiz ariko da buruz buruko finalerdietan, azkenekoz aritu eta lau urte geroago. Gakoa? «Entrenatzeko denbora eduki izana; sasoiz, eskuz eta jokoz ondo egotea; eta zorte pixka bat izatea».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iñaki Artolaren aurkako finalerdia jokatu aurreko egitekoetako bat osatu du Beñat Rezustak (Bergara, Gipuzkoa, 1993): pilotak aukeratzea. Konforme azaldu dira bi pilotariak. «Ondo jarri, eta botean jokatzeko aukera emango didaten pilotak aukeratu ditut. Nire jokoa egiten saiatu behar dut», azaldu du Aspeko atzelariak.

Finalerdietan zaude. Espero zenuen horren lan ona egitea?

Buruz buruko entrenamendu zehatz batzuk egin nituen txapelketa hasi aurretik, eta nahiko gustura aritu nintzen. Baina buruz burukoa diziplina zaila da: partida guztiak kanporaketak dira, eta ez dago asmatzerik nola joango den. Zorionez, bi neurketa jokatu ditut, eta irabazi egin ditut biak. Ea hirugarrena irabaz dezakedan.

Zure inoizko emaitzarik onena berdindu duzu. Bada zerbait.

2017an ere izan nuen aukera finalerdiak jokatzeko, Ikerren aurka [Irribarria]. Hura erraz joan zen irabazten, eta amaieran apur bat estutu nuen arren, hura nagusitu zen [22-17]. Oso pozik nago, berriz ere beste aukera bat izango baitut.

Buruz burukoan ondo aritzeko, ezer baino lehen, norberari gustatu egin behar zaio. Zuri gustatzen zaizu.

Bai. Gaztetan dezente jokatutakoa naiz buruz buru, baita Munduko Txapelketa batean ere [txapeldun izan zen 22 urtez azpikoan, Victor Estebanekin txandaka jokatuz, 2012an, Tarben (Okzitania)]. Aurrelaria ere izandakoa naiz. Baina, gero, profesionaletan debutatu, eta gauzak aldatu egin ziren: binakakoan jarri nuen arreta handiena, are gehiago kontuan hartuta zein zaila den buruz burukoa. Ez da erraza urtean zehar hura entrenatzea. Adibidez, binakakoan bete-betean ari zarenean, beldur pixka bat ematen du buruz burukoa lantzeak: eskuek dezente sufritzen dute, eta posturak aldatu behar dira. Horrek guztiak nahasmena eragin dezake, eta, horregatik, nahiz eta buruz burukoa gustatu, garai batzuetan neroni ere errespetu pixka bat ematen dit hura entrenatzeak. Aurten, binakakoan kanporaketan agur esan genuenez, aukera izan dut gehiago entrenatzeko, eta ondo aprobetxatu dut. Sasoiz, jokoz eta eskuz ondo nago, eta beste batzuetan baino zorte pixka bat gehiago izan dut. Horrek mesede egin dit.

Zerk erakartzen zaitu gehien buruz burukotik?

Gustuko dut jokamoldea. Gustatzen zait airez sartzea, eta tantoak amaitzea. Binakakoan, atzelariok oso aukera gutxi ditugu tantoak amaitzeko, eta buruz burukoak horretarako aukera ematen du.

Binakakoan eskuetako arazoak izan zenituen, baina buruz burukoaren aurkezpenean esan zenuen «ondo» zenituela. Eta argi ikusi da baietz: gogor ari zara jotzen pilota. Momenturik aproposenean osatu zaizkizu. Nekez egin daiteke zerbait buruz buru eskuak gaizki izanda.

Halaxe da. Buruz burukoan, pilota datorren bezala jo behar da. Pixka bat gordetzen arituz gero, ez dago zer eginik, kontrarioa berehala hasten baita gailentzen. Dituzun aukerak bete-betean aprobetxatu behar dituzu; pilota bat aukeran duzunean, ahal den etekinik handiena atera behar diozu. Binaka ez bada erraza beldurrez aritzea, zer esanik ez banaka. Lehen pausoa, beraz, eskuak ondo izatea da. Eta, zorionez, nik ondo ditut.

Ezker eskuarekin ez ezik, eskuinarekin ere gogor ari zara jotzen pilota. Horretan nabaritu duzu hobekuntza?

Bai. Nire gabeziarik handiena eskuin eskua izan da, baina txapelketa honetan nahiko gustura nabil: apurtzera joan gabe, ondo ari naiz jartzen pilota paretan eskuinarekin; dezente ari naiz asmatzen. Baina argi dut oraindik asko dudala hobetzeko. Ordu asko entrenatzen naiz, eta beti saiatzen naiz eskuin eskua lantzen. Binaka errazagoa da gabezia hori estaltzea, baina buruz buru derrigorrean erabili beharra duzu, oso azkar baitoa dena.

Aurreko hiru ekitaldietan galdu egin zenuen lehenbiziko partidan. Aurten, ordea, bolada eten zenuen, eta ondo irabazi zenion Oinatz Bengoetxeari final-zortzirenetan: 22-14. Garaipen horrek konfiantza eman zizun?

Bai. Emaitza nahiko argia izanagatik ere, lan dezente egin behar izan nuen. Tanto gehienetan ni izan nintzen nagusi, eta hark defentsan aritu behar izan zuen. Baina ondo defendatu zuen bere burua, eta lan egin behar izan nuen hari irabazteko.

Oso bestelakoa izan zen Danel Elezkanoren aurkakoa. Aukerarik ere ez zenion eman: 22-8. Espero zenuen halako nagusitasunez irabaztea?

Ez. Zenbait tantotan aurrean aritu ginen nor baino nor gehiago, eta Danel saiatu zen ni hor nahasten. Baina hura lekutik ateratzea lortu nuen: atzean eduki nuen tanto askotan. Ez nuen inondik inora ere espero halako aldea egongo zenik emaitzan: aurreko hiru ekitaldietan finalerdietan aritu zen Danel, eta beti oso lan ona egin zuen. Bi gauzak bat egin zuten: ni ondo aritu nintzen, eta Danelek ez zuen egunik onena izan.

Finalerdietan ariko zareten lau pilotarietatik bi zarete atzelariak: zu eta Jose Javier Zabaleta. Duela hemezortzi urte ez zela halakorik ikusi. Eskerrak atzelariek ez zenutela zer eginik...

Normala da jendeak horrela pentsatzea, duela ia hogei urte ez baitu atzelari batek buruz buruko txapela irabazi. Horrez gain, atzelari gutxik jokatu izan dugu, eta ez ditugu emaitza onak lortu. Atzelariok baditugu geure armak, baina aurrelariak baino gehiago entrenatu behar gara ondo moldatzeko. Sakearekin, errestoarekin... haiek hobeto moldatzen dira halakoekin. Baina aurten, hemen gaude Jose [Zabaleta] eta biok. Ea itxura ona ematen dugun.

Zaila da egokitzapena?

Bai. Lehenik, asko sartu beharra dago airez, eta atzelariok binakakoan gutxitan jo behar dugu pilota airez. Bestetik, aurrean, normala den bezala, aurrelariak gu baino askoz abilagoak dira tantoak amaitzen: boleaz, gantxoz... Ohituta daude hor aurrean jokatzen. Nik, adibidez, askotan nabari dut aurrean azkarregi aritzen naizela, patxada falta zaidala. Azkenik, sakea dago. Haiek ohituta daude sakatzera; gu, aldiz, ez.

Aireko eta aurreko jokoa eta sakea aipatu dituzu atzelarien zailtasunik handienen artean. Hala ere, zu oso ondo aritu zara horietan guztietan.

Bai, eta pozik nago; gustura ari naiz. Adibidez, iaz baino hobeto ari naiz sakatzen, ezkerpareta bilatuz eta topatuz. Oso garrantzitsua da horretan asmatzea, kontrarioa zailtasunetan jartzeko. Argi dut pilota joz bakarrik ez dudala irabaziko. Aurrean ere saiatu behar dut min egiten. Orain arte ari naiz. Ea horrela jarrai dezakedan.

Zer itxura hartzen diozu Artolaren aurkako partidari?

Oso indartsu ikusten dut Artola: sasoi betean, bizi-bizi, bi eskuekin gogor jotzen, eta aurrean, tantoak ondo amaitzen; konfiantza handiz ari da. Kolpe handia du, eta, beraz, oso zaila izango da hura garaitzea. Partida zaila izango da.

Zein izango da gakoa?

Bere jokoa inposatzen duenak asko izango du irabazia. Funtsezkoa izango da sakearekin asmatzea ere, asmatuz gero aukera baitago tanto sortak egin eta aurkariari zalantzak eragiteko. Buruz burukoan sekulako garrantzia du sakeak. Min handia egin daiteke. Baita bigarren kolpearekin ere.

Nola ikusten duzu finala: gertu ala urruti?

Gertu eta urruti. Partida bakarra falta da, baina oso zaila izango da. Sekulakoa litzateke finala jokatzea, eta barruan dudan guztia emango dut hori lortzeko, baina balio handia ematen diot orain arte egindakoari. Gozatzen ari naiz, eta gauza handia da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.