'Gu ere bai!'-k «ofizialtasunaren aldeko mahai bat» eskatu die erakundeei eta federazioei

Gizonezkoen euskal futbol selekzioak jokatuko duen partidara joateko dei egin du, Gure Esku-rekin batera. Kantu kalejira aldarrikatzailea antolatu dute partidaren aurretik.

Gu ere bai eta Gure Esku
'Gu ere bai!'ko eta Gure Esku-ko kideak, larunbateko partidari babesa emateko eginiko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko martxoaren 19a
15:30
Entzun

Lau urteren ondoren, gizonezkoen euskal futbol selekzioa berdegunera itzuliko da larunbatean, eta, Gu ere bai! euskal selekzioen ofizialtasunaren plataformaren iritziko, egun aproposa da aldarriari bultzada berri bat emateko hala kaleetan nola bulegoetan. Horretarako, «euskal selekzioen aldeko mahai» bat galdegin diete erakunde publikoei eta federazioei. «Ofizialtasunaren alde bidea josi behar dugu elkarrekin. Horretarako ahalmena eta gaitasuna badago, eta egon daiteke aurrekontua eta nazioarteko proiekzioa», azaldu du Patxi Gaztelumendi plataformako kideak.

Gu ere bai!-k eta Gure Esku-k dei bateratua egin dute larunbatean San Mamesera ikurrinak hartuta joateko. Ofizialtasuna aldarrikatu eta «herri harrotasuna lau haizeetara zabaltzeko» egitasmo gisa aurkeztu dute. Partida aurrekoak girotzeko, kantu kalejira bat antolatu dute Indautxu plazan. 18:00etan irtengo da, eta San Mamesera abiatuko da. Behin han, Jose Mari Iparragirreri olerkari eta bertsolariari omenaldi xumea egingo diote, Euskal Herriaren eta Uruguairen arteko zubi izan zelako. Uruguai da euskal selekzioaren aurkaria.

«Ofizialtasunaren alde bidea josi behar dugu elkarrekin. Horretarako ahalmena eta gaitasuna badago, eta egon daiteke aurrekontua eta nazioarteko proiekzioa».

PATXI GAZTELUMENDI'Gu ere bai!'-ko kidea

Festaz gain, baina, larunbateko ekitaldien berri emateko Bilbon eginiko agerraldian, Gu ere bai!-k azaldu du euskal selekzioen ofizialtasuna agenda politikoan sartu nahi duela. Nabarmendu du beharrezkoa dela aldarriari bultzada emango dion azpiegitura berezitu formal bat, horretarako espresuki sortua: «Eskatzen dugun mahai horrek zabala eta askotarikoa izan behar du. Eusko Jaurlaritza, federazioak, klubak eta gizarte eragileak batuko dituena», zehaztu du. Behin osatuta, bakoitzak bere rola eta ardura izango lituzke.

Rubiales, Mardones, Landeta...

Gaztelumendik, dena den, federazioen gainean jarri du arreta, eta, kasu honetan, Euskadiko Futbol Federazioan. Kritiko mintzatu da, ez baitu bete 2018ko abenduan Durangon (Bizkaia) egindako bileran emandako agindua. UEFA eta FIFAri eskaera ofizialak egin arren, Nazioarteko Kirol Epaitegira joateari muzin egin baitzion. Alde horretatik, Euskadiko eta Espainiako federazioetako agintariei egotzi die egoera: «Espainiako Federazioak ardura osoa dauka ofizialtasunaren aurka jardunez, betiere gure arteko agintari batzuen laguntza paregabearekin. Luis Rubiales, Jose Ignacio Gomez Mardones, Javier Landeta... giro horrek ez du batere lagundu ofizialtasunaren bidean».

Federazio batzuekin kritiko da, baina sinetsita dago haien barruan badela ofizialtasunaren aldeko borondatea, baina «giro politiko aproposa» eskatzen dute. Gu ere bai!-ren ustez, hori lortuta dago, Euskal Herriko alderdi politiko gehienak ofizialtasunaren alde daudelako eta alderdi abertzaleek Madrilen pisu handia dutelako. Gauzak hala, plataformak data jarri dio lortu beharreko hurrengo mugarrietako bati: «Laster [2030ean] izango dugu Munduko Pilota Txapelketa Euskal Herrian, eta ordurako pilota ofiziala izatea nahiko genuke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.